Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ingurumeneko Departamentuak energia berriztagarriak eta energia aurrezpena bultzatzen ditu turismoaren sektorean

Ingurumeneko Departamentuak energia berriztagarriak eta energia aurrezpena bultzatzen ditu turismoaren sektorean

Gipuzkoa Argitu programak lau tailer egingo ditu, Gipuzkoako 77 ostatu turistikori zuzenduta.

2019/11/07

José Ignacio Asensio: «Gipuzkoa helmuga jasangarria izatea nahi badugu, gure ostatu turistikoekin elkarlanean aritu behar dugu, energia berriztagarrietan oinarrituko diren eta egungo emisioak murriztuko dituzten eredu energetikoetarako trantsizioan».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak turismoaren sektoreari zuzendutako Gipuzkoa Argitu ekimenaren lehen jardunaldia egin du gaur. Hirurogeita hamazazpi ostatu turistikok parte hartzen dute Gipuzkoako ostatu turistikoak xede dituzten lan-tailer horietan. Azaroan eta abenduan, izena ematen dutenek berariazko prestakuntza jasoko dute hainbat arloren inguruan, hala nola energia hornidura, energia eraginkortasunaren hobekuntza eta beraien instalazioetan iturri berriztagarriak ezartzeko aukerak. Horretarako, 4 prestakuntza tailer egingo dira.

Gipuzkoako sektore turistikoan egingo diren ingurumen jasangarritasuneko ekimenen buru izateko helburuarekin, energiaren erabilera hobearekin zerikusia duen guztia du xede tailerrak: energia aurreztea eta efizientzia energetikoa, berotegi-efektuko gasen isurketak murriztea eta, horrekin guztiarekin estu lotuta, energia berriztagarrien erabilera eta/edo sorrera. Pello Insausti tailerreko prestatzaileak adierazi duenez, "kontuan hartu behar da ingurumen abantailez gain, energia eraginkortasuneko inbertsioak errentagarriak direla eta diru-sarreren iturri potentzialtzat hartu behar direla -kasu batzuetan iturri garrantzitsua-."

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak nabarmendu du bere Departamentua urratsak egiten ari dela Gipuzkoak aurrera egin dezan emisioak gutxitzea ahalbidetuko duen eredu energetikoaren aldaketan, eta Gipuzkoa Klima 2050 estrategiaren helburuekin lerrokatu dadin. Turismo sektorea jasangarritasun estrategietan eta klima aldaketaren aurkako borrokan sartzearen garrantzia azpimarratu du foru arduradunak: "Gipuzkoa helmuga jasangarria izatea nahi badugu, gure turismo ostatuekin elkarlanean aritu behar dugu, energia berriztagarrietan oinarritzen diren eta egungo emisioak murriztuko dituzten eredu energetikoetaranzko trantsizioan". «Ezagutza, sentsibilizazioa eta elkarlaneko ekintza funtsezko zutabeak dira klima aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiak garatzeko, eta oinarri horien gainean lantzen dugu Argitu programa Gipuzkoan", adierazi du Asensiok.

Tailerrean parte hartzen duten 77 ostatuak iaz Gipuzkoako Turismo Jasangarriari buruzko diagnostikoan parte hartu zuten berberak dira. Diagnostiko hori Klima Aldaketaren Aurka Borrokatzeko Gipuzkoako Estrategiaren esparruan egin zen (Gipuzkoa Klima 2050). Aipatutako azterlana, Aldundiak sustatua, ekimen aitzindaria izan zen jasangarritasunaren arloan; izan ere, Aldundia jabetuta dago  Gipuzkoa helmuga jasangarri bihurtzeak sektore turistikoaren etorkizunerako duen garrantziaz. Helburua, ingurune naturala babesteaz eta CO2 isurketak gutxitzeaz gain, Gipuzkoa turismo jasangarriaren arloan erreferente gisa kokatzea zen.

Ekimen hau sortu zen ikusi zelako turismoa Klima Aldaketaren Aurkako Gipuzkoako Estrategian (Gipuzkoa Klima 2050) sartu behar zela, eta turismo eskaintza jasangarri eta arduratsua sustatu behar zela. «Jasangarritasunaren aldeko apustua egiteak eskatzen du turismo sektorea garapen jasangarriaren premietara eta printzipioetara egokitzeko politikak garatzea. Hotelak, beren dimentsioagatik, ingurunean duten eraginagatik eta jardueragatik, faktore giltzarri dira sektorea egokitzeko. Gipuzkoak turismo jasangarriko eta ekoturismoko eskari handiagoa izan nahi badu, funtsezkoa da ostatu sektore jasangarri bat izatea. Horrela, gure eskaintza turismo jasangarrirantz bideratzea, natura ingurunea babestu eta CO2 isurketak murriztea eta Gipuzkoa turismo jasangarriaren erreferente bihurtzea lortuko dugu», adierazi du Asensiok.

Gipuzkoa Argitu programa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak zuzendua, 2017tik aurrera garatutako ekintza plan bat da, eta dagoeneko 1100 gipuzkoar baino gehiagorengana iritsi da, lurraldeko hainbat udalerritan egindako 89 tailer presentzialen bidez. Horrela, gipuzkoar horiek dagoeneko badituzte energia gutxiago kontsumitzeko eta egunerokoan efizienteagoak izateko erabakiak hartu ahal izateko beharrezkoak diren ezagutza eta tresnak.

Helburua da energia kontsumoa murriztea, bereziki energia elektrikoarena, ahalik eta modu erraz eta sinpleenean, lurraldeko etxebizitza, komertzio eta enpresa txikiei zuzendutako tresnen bidez, zaurgarritasun eta pobrezia energetikoa prebenitu eta murrizteko xedez.

  

1535