Inoizko aurrekontu sozialenak
Inoizko aurrekontu sozialenak
Foru Aldundiak 875 milioi euro izango ditu 2019an, eta horietatik 390 milioi gizarte politikara bideratuko ditu
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak gaur onetsi ditu Foru Aldundiak hurrengo ekitaldian izango dituen aurrekontu orokorrak, guztira 875 milioi euroz hornituak, 2012an baino % 2,2 gehiago. Foru erakundeak inoiz izan dituen aurrekontu sozialenak dira, guztira 390 milioi euro bideratu baitira gizarte politiketara. Markel Olano diputatu nagusiak azpimarratu du aurrekontu hauei esker Gipuzkoak «egonkortasuna eta aurrerabidea nagusi izan dituen» legealdia itxiko duela; izan ere, legealdi honetan gure lurraldeak atzean utzi ditu paralisia eta jardungabezia, etorkizunaren eraikuntzari bete-betean ekiteko. «Funtsean, helburu bera izaten jarraitzen dugu: Gipuzkoa gizarte, genero eta hizkuntzaren arloetan desberdintasun gutxien dituen lurraldeetako bat izatea» adierazi du diputatuak.
Aurrekontuak onartzen dituen foru araua aurrera atera da EAJ/PNV eta PSE-EE alderdien botoei esker, gehiengoa baitute; gainerako alderdiek, berriz, aurka bozkatu dute. Olano pozik agertu da araua onartu izanarekin, eta adierazi du «aurrekontu hauekin behin betiko itxiko direla aspalditik datozen zenbait kontu, hala nola hondakinen kudeaketa edo gure errepide sarea. Horrela, Gipuzkoak atzean utziko ditu azkenean zama horiek, eta bete-betean ekingo dio etorkizuna diseinatu eta eraikitzeari». «Legealdi hasieran konpromiso bat hartu genuen herritar gipuzkoarrekiko, eta konpromiso hori bete egin dugu», azpimarratu du.
Diputatu nagusiak positiboki baloratu du foru gobernuak azken lau urteotan egindako lana, egonkortasuna eta aurrerabidea nagusi izan baitira, eta, horri esker, Gipuzkoak bere iragana atzean utzi eta etorkizuna eraikitzeari ekin ahal izan dio. «Pertsona jarri dugu erdigunean, atea ireki diogu parte-hartzeari. Horretarako, ekonomia sustapenaren aldeko apustua egin dugu, guztiontzako enplegu eta ongizate iturri baita, eta gizarte politikak indartu ditugu, gure ongizate maila mantentzen eta hobetzen laguntzen baitu horrek», adierazi du. «Baina, egun ditugu premiez gain, aurrekontu hauek etorkizunari ere begiratzen diote», azpimarratu du.
Horri dagokionez, Aldundiak legealdi honetan abian jarri duen Etorkizuna Eraikiz foru proiektuaren garrantzia azpimarratu du diputatu nagusiak; proiektu horren helburua da etorkizuneko Gipuzkoa diseinatu eta egiten hastea, gobernantza ireki eta lankidetzakoaren bidez, eta esperimentazio aktiboaz lagunduta. «Aurrekontu hauek nabarmen indartzen dute Etorkizuna Eraikiz foru proiektua, zeina 12 milioi eurora iristen baita dagoeneko 2019an.
Horrela, lurraldeak garai berrietara egokitzeko behar duen agenda politiko berria gauzatzen hasi gaitezke. Agenda horrek asmo handiko apustuak egiten ditu etorkizunari begira, hala nola zibersegurtasuna, zahartze osasuntsua edo mugikortasun elektrikoa», azpimarratu du Olanok. Era berean, berretsi egin du norabide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa, Gipuzkoa etorkizunean ere lurralde «lehiakorra izan dadin ekonomiari dagokionez, eta orekatua, berriz, gizarte arloari dagokionez».
1984