Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Irun berroneratzeko hitzarmena onartu du Aldundiak

Irun berroneratzeko hitzarmena onartu du Aldundiak

Hitzarmenari esker trenbide gunean 34.000 m2 liberatu ahal izango dira

2017/10/31

Hitzarmenari esker trenbide gunean gaur egun erabiltzen ez diren 34.000 m2 liberatu ahal izango dira

Gipuzkoako Foru Aldundiko foru gobernu-kontseiluak gaurko bileran onartu du Irun berroneratzeko plana garatzeko eta mugako hiriaren erdigunean bidaiarien garraiorako gune intermodala sortzeko Sustapen Ministerioarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Irungo Udalarekin eta ADIFekin sinatuko duen lankidetza-hitzarmena.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendia sozialistak adierazi duenez, “hitzarmen honi esker ADIFen jabetzakoa den 33.888 m2-ko gune bat berreskuratu ahal izango da hirirako, eta horrekin gaur egun erabiltzen ez den trenbide gune horrek hirigintzarako suposatzen duen oztopoa kendu eta Irun haztea ahalbidetuko da, hiri-espazio berriak eta zentralitate berria garatuta, eta, aldi berean, garraio-sistema publiko ezberdinen arteko intermodalitate gune bat ere sortuko da Renferen nazioarteko geltoki berria izango denaren inguruan”.

Gaur onartu den eta Batzar Nagusiek berretsi beharko duten hitzarmena 2011ko martxoan sinatu zen eta erakundeen arteko adostasunaren eta Sustapen Ministerioaren inplikazio zuzenaren bidez orain suspertu den protokoloaren emaitza da. Bertan aurreikusten zen trenbide-instalazioak abiadura handiko trenaren azpiegituretara egokitzea eta, aldi berean, trenbide gunean gaur egun erabiltzen ez diren hainbat lursail liberatzea.

ADIFen lursail horiez gainera, Irungo Hiri Antolamendurako Planean jasotako Geltoki Ingurua esparruko planean udal-titulartasuneko beste 6.472 m2, partikularren 1.104 m2, Eusko Jaurlaritzaren Eusko Trenbideak sozietatearen 12.366 m2, garai bateko aduanaren 9.333 m2  eta gune berdeetako beste 859 m2 ere aurreikusten dira.

Plangintzari jarraituz, pertsonen nahiz salgaien joan-etorriak nabarmen hobetuko dituen gune intermodala ere sortuko da.  “Irunen nazioarteko geltoki berria izango duen abiadura handiko trenbidearen, hiriko eta hiriarteko garraio-sistemen eta autobus-geltoki berriaren arteko konexio berriak ahalbidetuko ditu gune horrek”, esan du Garmendiak.

Foru-diputatuak adierazi du, bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundia hitzarmen horretan sartu dela "jarduketa estrategikoa delako lurraldearentzat. Pasaia berroneratzeko planarekin batera, Gipuzkoan egitea falta den hiri-jarduketa nagusietako bat da. Gune ekonomiko berri bat eta ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik iraunkorra izango den hirigune berri bat sortuko dira”. Garmendiak azpimarratu du, bestalde, plangintzaren bidez jarduera logistikoa eta bidaiarien garraioa berrantolatu ahal izango direla Pasaiatik Irun/Bidasoara arteko korridorean.  

 

 

  

1633