Aldundiak Irungo Udalarekin elkarlanean jardungo du Uranzu pilotalekua birgaitzeko lanetan
Aldundiak Irungo Udalarekin elkarlanean jardungo du Uranzu pilotalekua birgaitzeko lanetan
Berrikuntzarekin pilota partida profesionalak eta beste kirol mota jokatu ahal izango dira.
Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak eta José Antonio Santano Irungo alkateak Uranzu pilotalekua berritzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Aldundiak 600.000 euro bideratuko ditu instalazio hori berritzeko eta hobetzeko. Gainera, Itxaso eta Santano Irungo Udaletxean bildu dira “Via Irun, Hiria gara” aztertzeko.
Alkateak eta diputatuak Uranzu pilotalekua bisitatu dute, gaur egungo egoera ezagutzeko eta bertatik bertara ikusteko Irunen tradizio handia duen kirol-instalazio horren erreforma-proiektua. Orain, gehienbat, pilotako klubak eta eskubaloiko Bidasoa Irun klubak erabiltzen dute instalazio hori, eta bi elkarte horiek ere izan dira bisitaldian.
Laguntza hori 2017-2020 Kirol Ekipamenduen Planean biltzen da, eta Plan horren helburua da kirol-azpiegiturak birmoldatzea, berritzea, lekuz aldatzea eta ordeztea. Gipuzkoako Foru Aldundiak zenbait inbertsio finantzatuko du lurraldeko kirol-instalazioak hobetzeko eta finkatzeko, eta, hartara, pertsona guztiek kirola egin ahal izateko eta herritar guztiek baldintza eta aukera beretan jarduera fisikoa eta kirola egin dezaten sustatzeko. Aldundiak lehentasuna eman dio gaur egun dauden ekipamenduak berritzeari eta birmoldatzeari, eta ez instalazio berriak eraikitzeari.
Gaur egungo eraikinaren instalazioak zaharkituta geratu dira, eta ez dira nahikoa erabiltzen dituzten kolektibo guztien eskariari erantzuteko, hala nola eskualdeko eskola-kiroleko jarduerei, eskualdeko kluben entrenamenduei eta instalazio horietan ohikoak diren beste diziplina batzuei.
Esku-hartze horren bidez, herritar guztiek instalazio horiek erabili ahal izateko baldintzak erraztu nahi dira. Bestalde, Aldundia lurraldeko baliabide energetikoak optimizatzeko garatzen ari den politiken ildotik, Plan honetako proiektuen ondorioz eraikinetan egiten diren jarduerek proiektuaren eta amaitutako eraikinaren Energia Eraginkortasuneko Ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
“Aldunditik lortu nahi dugu pertsona guztiek —haien adina, sexua eta jatorria edozein izanik ere— kirola egiteko edo aisialdi-jarduerak egiteko instalazio on bat erabili ahal izatea eta, azken finean, haien bizi-kalitatea hobetzea. Uranzu pilotalekua berritzeko lanak adibide ezin hobea dira; izan ere, bere garaian Bidasoa Irun eskubaloiko partidak ere hartzen zituen instalazio hau zaharkituta geratu da eta berritu behar da Irungo herritarrek baliatzen eta erabiltzen jarrai dezaten” esan du Itxasok.
Udalak zein Aldundiak elkarlan horren balorazio positiboa egin dute, eta nabarmendu dute egungo garai berri hauetan behar-beharrezkoa dela baliabide publikoak modu efizientean eta iraunkorrean erabiltzea, erakundeen arteko lankidetza abiapuntu izanik.
Kirol-instalazio bat baino gehiago
Proiektuaren helburua da Uranzu pilotalekua berritzea eta telebistaz ematen diren pilota-partidak jokatzeko eta beste kirol-diziplina batzuetan jarduteko (eskubaloia, adibidez) aukera emango duen kirol-ekipamendu bihurtzea. Horretarako, harmaila barneragarriak eraikitzea aurreikusi da. Bilduta daudenean, 19,85 x 43 metroko kantxa utziko dute, eta pistako kirolak egiteko kantxa egokia izango da. Gehienez 727 ikuslerentzako edukiera izango du. Hiru solairutan eraikitako azalera osoa 4.163,23 m²-koa izango da. Kantxaz gain, harmailak, aldagelak, komunak, biltegiak eta kirol-instalazioa osatzen duten gainerako zuzkidurak izango ditu.
Alabaina, Santano alkateak azaldu duen moduan, "Uranzu pilotalekua berritzeko proiektuak ingurune osoaren urbanizazio berria azkenduko du Urdanibia plazako eta San Martzial kaleko eta Sargia parkearekiko konexioko obren ondoren. Ekintza deigarrienetako bat instalaziorako sarreraren aldaketa izango da, hemendik aurrera Sargia parketik egingo da, eta nabarmen hobetuko da irisgarritasuna".
Proposamenaren irizpide nagusien artean genero-ikuspegia izango da. Eraikinaren funtzionamendua eta jarduera alderantzikatzean, ezabatuko da gaur egun Sargia parkeak duen atzealdeko eta zokoguneko ikuskera, eta argiztapena areagotuko da.
Aste honetan hasi dira obren lehen lanak, Junkal kaleko babesa instalatzearekin. Jardun honetarako 4,5 milioi euroko aurrekontua bideratu da.
1618