Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Marisol Garmendia: “Donostialdeko Metroa Gipuzkoako mugikortasunaren ardatz egituratzailea izango da"

Marisol Garmendia: “Donostialdeko Metroa Gipuzkoako mugikortasunaren ardatz egituratzailea izango da"

Garmendiak berretsi egin du Donostialdeko Metroaren alde foru-erakundeak hartuta duen konpromisoa.

2017/03/02
Garmendiak gai nagusia trenbidea izan duen Komunikazio Jardunaldiaren zortzigarren edizioan parte hartu du Ficoban, Irunen. Bertan adierazi duenez, Donostialdeko Metroa “garraio-zerbitzu modernoa eta azkarra izango da, 7 minutu inguruko maiztasunarekin lotuko ditu Lasarte-Donostia-Pasaia-Errenteria-Irun-Hondarribia konurbazioko alderik jendeztatuenak, eta tarifa erakargarriak eskainiko ditu jende askok autoa etxean utz dezan. Ez da donostiarren eta donostiarrentzako kapritxo bat, zenbaitek esaten duen bezala; Gipuzkoako lurraldeko biztanleriaren % 65entzako sistema moderno, eraginkor eta ekologikoa da”. 

Mugikortasuneko foru-diputatuak adierazi duen moduan, Donostialdeko Metroaren igarobidearen finantziazioa jadanik hitzemanda du Eusko Jaurlaritzak, eta Foru Aldundiak Jaurlaritzarekin batera finantzatu nahi ditu Loiolako Erriberetako trukagailua eta Metroaren gainerako zatia.   

Lurraldeko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuaren ustez “Gipuzkoak argi eta garbi egin behar du ekonomia dinamizatzeko eta enplegua sortzeko trakzio-elementu izango den, herritar guztiei aukera eta mugikortasun berdintasuna ziurtatuko dien, eskualdeen lurralde-kohesioa bermatuko duen eta ingurumenaren jasangarritasunean eta klima-aldaketaren aurkako borrokan eragin erabakigarria izango duen mugikortasun-sistema baten aldeko apustua”. Marisol Garmendiaren esanetan, apustu hori egiteko trenbidea sustatu behar da garraiobide publiko estrategiko moduan.  Alde horretatik, Donostialdeko Metroaren aldeko apustu horretan sartzen dira Renferen aldiriko geltokia eta Euskotren konektatuko dituen Loiolako Erriberetako geltoki intermodala, Abiadura Handiko Trenaren Donostiarako eta Irunerako sarbidea eta salgaien trenbideko garraioaren eta intermodalitatearen sustapena ere. 

Garmendia pozik agertu da azkenaldiko berriekin, batez ere bultzada erabakigarria izango dutelako beste trenbide-azpiegitura batzuek ere, besteak beste, Abiadura Handiko Trenak eta Donostiako geltoki berriak, eta horrekin Abiadura Handiko Trena errealitate bihurtuko duen Euskadiko lehenengo hiriburua izango delako Donostia. “Lan hori asko atzeratu da, baina estrategikoa da pertsonen eta salgaien Europarako bidean. Esparru guztietan, ekonomiatik eta enplegua sortzetik hasita turismoa garatzeraino edo Gipuzkoa isolatuta geratzea saihestuko duten proiektu berriak garatzeraino, lurralde lehiakorra izatea dago jokoan”. 

Bere esku-hartzean aipatu du Foru Aldundiak hiriarteko autobus-garraio publikoa, Lurraldebus, sustatu eta hobetzearen alde egindako apustua ere, eta gogoratu du bera buru duen sailaren aurrekontuaren % 60 hartzen duela. 

“Errekorrak hautsi ditugu, 2015arekin alderatuta % 5eko igoera izan da, eta jadanik 24 milioi bidaiaritara iritsi dira Lurraldebuseko lineak, kontuan hartuta % 50eko estaldura dutela, eta antzeko garraiobide gutxik esan dezakete hori”, nabarmendu du Garmendiak. Bestalde, berretsi du lurralde osorako tarifa-politika bakarrera, integratura eta progresibora iristeko ahalegina egiten jarraitu behar dela, garraio publikoa erabiltzen duten bidaiarien kopuruak gora egiten jarraitzen baitu: 2014an 62 milioi bidaiari ziren, eta 2016an 65 milioi. 

Azkenik, salgaien garraio-sareaz eta plataforma multimodalez hitz egin du, eta, besteak beste, Lezo-Gaintxurizketakoa aipatu du, batetik, Gipuzkoa garrantzi handiko nodo logistiko bihurtuko duelako eta, bestetik, Irungo egungo trenbide-zabalgunea lekuz aldatzeak hirian aukera berriak sortuko dituelako.

 

 

  

1711