Irundarren proposamenak jaso ditu Foru Aldundiak 2018ko aurrekontuetan txertatzeko
Irundarren proposamenak jaso ditu Foru Aldundiak 2018ko aurrekontuetan txertatzeko
Karpa jarri zuen atzo hirian, herritarren eskaerak bertatik bertara entzuteko
Foru Aldundiaren aurrekontu irekien ekimenak Irunen izan zuen atzo atal berri bat. Horren bitartez, gipuzkoar guztiek parte hartu ahal izango dute Foru Aldundiaren 2018ko aurrekontuen osaketan. Herritarren lehentasunak eta proposamenak jaso, aztertu eta aurrekontuetan txertatzeko helburuarekin, karpa jarri zen atzo Ensantxe plazan. Bertan izan ziren Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua eta Joseba Muxika Herritarren Partaidetzako zuzendaria: “Herritarren beharrei pultsua hartu, eta haien iradokizunak pertsonalki jaso eta entzun nahi ditugu. Aldundia zertan aritzen den azaldu nahi dugu xehetasun guztiekin, datuen bitartez esplikatuz nolako garrantzia duen Aldundiak Gipuzkoaren egunerokoan, jendea parte hartzera animatuz. Pozik gaude orain arte eduki dugun erantzunarekin”, adierazi zuen Lasak.
Karpa 10:00etatik 19:00etara egon zen zabalik eta hainbat lagun gerturatu ziren bertara. Arretarako teknikariak izan ziren bertan, parte hartzeko interesa zutenei Aldundiaren aurrekontuen edukia azaltzeko, laguntza eskaintzeko, zalantzak argitzeko, eta proposamenen bilketa sustatzeko. Haizetearen ondorioz karparen estalkia kendu eta mahaiak mugitu behar izan baziren ere, aurrera jarraitu zuen ekimenak: “Irun da Gipuzkoan biztanle gehien dituen bigarren hiria, eta baita Eurohiriaren ardatz nagusia ERE. Beraz, guretzat oso garrantzitsua zen hemen egotea”.
Gainera, Lasak topaketa eduki zuen Kale Dor Kayiko elkarteko ordezkariekin, eta aurreikusita dauka hiriko zentroetako ikasleekin beste bat egitea: “Elkarte ehuna osatzen dutenengandik gertu egon nahi dugu. Ondo ezagutzen dute errealitatea eta balio handiko lana egiten dute. Lan hori erraztu, eta aurrekontuak aberastu nahi ditugu haien eskarmentuarekin. Baita gazteen eta jubilatuengandik ere. Gipuzkoa proiektu kolektiboa da eta ezinbestekoa da gogoeta partekatua egitea garatzen ari garen politiken, eta horiek hobetzeko moduen inguruan. Horretarako behar-beharrezkoa da herritarren partaidetza”.
Diputatuak gogorarazi zuenez, karpara joateko aukerarik eduki ez zuten irundar guztiek ere, norbanakoak edo kolektiboak izan, beraien proposamenak aurkez ditzakete ekainaren 30era arte, etxez etxe banatutako esku orria bete eta udaletxeko erregistroan entregatuz. Internet bidez ere parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean. Proposamenak bidaltzeaz gain, bi aukera ematen zaizkie herritarrei: haientzat Gipuzkoaren etorkizuneko erronka nagusia zein den zehaztea, eta Aldundiak zein arlotan inbertitzea nahiko luketen adieraztea. 16 urtetik gora edukitzea da baldintza bakarra.
Proposamen guztiek erantzuna edukiko dute memoria batean, arrazoituko duena zeintzuk onartzen diren, zeintzuk ez, eta zergatiak. Parte-hartzaile guztiei helaraziko zaie memoria 2018ko urtarrilean. Horrez gain, aurrekontuetarako onartutako eskaera edo proiektuak nola gauzatzen diren jarraitu ahal izango da.
Aurrekontu irekien karpa herriz herri ibiliko da, Gipuzkoako 37 udalerritan guztira, maiatza eta ekaina bitartean. Hurrengo hitzordua Andoainen izango da, astelehenean. Partaidetza@gipuzkoa.eus posta elektronikoan, eta 943 113960 telefonoan, proposamenak bidaltzeko epea zabalik dagoen bitartean, interesa duten guztiek informazioa eta aholkularitza jaso ahal izango dute horiek prestatzeko
1385