Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ondarearen Europako Jardunaldiak 2023: “Ondarea bizirik! Patrimonio vivo”

Ondarearen Europako Jardunaldiak 2023: “Ondarea bizirik! Patrimonio vivo”

100 ekitaldi baino gehiago izango dira «Ondarea bizirik! Patrimonio vivo» programan, aztertzeko gure ondarea nola mantentzen den bizirik

2023/10/02
JPE
  • Ondarearen Europako Jardunaldien VIII. edizioa lurraldeko 33 udalerri baino gehiagotan egingo da.

  • Goizane Álvarez: Goizane Álvarez Irijoa, Kulturako diputatua: «Aurtengo programan 84 jarduera baino gehiago egingo dira, 107  ekitaldi baino gehiagorekin, lurraldeko 33 udalerritan barrena».

  • Jardueretan aztertuko da gure ondarea nola mantentzen den bizirik: artisautza, kontserbazioko eta zaintzako teknikak, ondarea zaintzen duten komunitateak…

  • Jarduera programak braillez inprimatutako QR kode bat dauka, jardueren ibilbidea formatu irisgarrian deskargatzeko aukera ematen duena.

Gaur goizean, Goizane Álvarez Kultura, Gazteria eta Kiroletako diputatuak aurkeztu du «Ondarea bizirik! Patrimonio vivo» Ondarearen Europako Jardunaldien VIII. edizioa, aurtengo jardunaldien zenbait antolatzailerekin batera: Sara Azurza Eskisabel, Euskal Itsas Museoko komunikazio arduraduna eta abeslaria, Agurtzane Elustondo Lenbur Fundazioko zuzendaria eta Ramon Garcia, Jantziaren Zentroko zuzendaria.

"Ondarea bizirik! Patrimonio vivo" programak bihartik aurrera (urriak 3) 107 ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu Gipuzkoako 33 herritan. Eskainiko diren jarduerek gure ondarea bizirik mantentzeko askotariko moduak aztertuko dituzte: artisau lanbideak, kontserbazio eta babes teknikak, ondarea zaintzen duten komunitateak eta, batez ere, transmisioa, eragiten duena gure hizkuntza, tradizio, jai, kirol eta ospakizunek oraindik ere espazio nabarmena izatea gure herri eta hirien egunerokotasunean.

Jarduera programa hau 50 eragile baino gehiagoren lanaren emaitza da, bat egin baitute Gipuzkoako Foru Aldundiak ekitaldi bana antolatzeko luzatutako deiarekin. Ekitaldien xede nagusia izango da Gipuzkoako ondare garrantzitsua ezagutaraztea, transmisioan jarrita arreta. Hainbat gai jorratuko dira: desagertzear dauden lanbideak; joko, ohitura edo dantzak berreskuratzea; artisautza; dokumentuak eta artelanak kontserbatzea…

Ekitaldien artean izango dira kontzertuak, erakusketak, bisita komentatuak, tailerrak, hitzaldiak edo scape roomak.Parte hartzaileek aukera izango dute gure lurraldeko ondare bizia ezagutzeko bisita komentatu dinamikoen bidez, gure iraganean desagertutako praktiken berri izateko eta Ondarearen Europako Jardunaldien harira ateak zabaltzen dituzten zenbait leku ezagutzeko.

Horri dagokionez, Goizane Álvarez Kulturako diputatuak adierazi du: «Aurtengo Jardunaldien helburua da gure ondarea bizirik mantentzeko moduak aztertzea, dela artisau-lanbideen bidez, dela kontserbazio- eta zaintza-tekniken bidez, dela hura zaintzen duten komunitateei esker, eta, batez ere, gure hizkuntzak, tradizioek, festek, kirolek eta ospakizunek leku nagusi izaten jarraitzen duten transmisioari esker».

Ekitaldien ibilbidea Gipuzkoa Kultura webgunean eskuratu daiteke (https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/kultura/programak/ondarearen-europako-jardunaldiak/aktibitate-katalogoa), baita kultur etxeetan eta museoetan eskura jarriko den paperezko jarduera katalogo batean ere. Era berean, web orri honetan kontsultatu ahal izango dira Euskadin egingo diren programa guztiak: https://www.europako-ondarea.eus/

Desagertutako abestien kontzertuak

Jardueren artean, antzinako ohiturak edo tradizioak berreskuratzen dituztenak nabarmentzen dira. Horixe da Euskal Itsas Museoak antolatutako «Itsas(sos) kantak, denen ondarea!» jardueraren kasua. Izan ere, Sara Azurza museoko komunikazio arduradunak adierazi duenez, kontzertu honetan «Rafa Rueda, Gartxot, Janus Lester eta Lide Hernando bezalako artista lokalek itsasoari buruzko abestiak berreskuratuko dituzte». Datorren larunbat arratsaldean izango da, urriaren 21ean, eta sarrerak museoaren webgunearen bidez erreserbatu ahal izango dira.

Jardunaldietako jardueren formatuak etengabe ebaluzionatzen dute, eta horren froga da Lenbur Fundazioak Legazpin urriaren 8rako antolatu duen ekitaldia; «Burdin magikoaren scape roomean ebatzi beharreko enigmak Euskal Herriko lanbide tradizionalei buruzkoak izango dira», Agurtzane Elustondo Lenbur Fundazioko zuzendariak adierazi duenez.

Edizio honetan, gainera, kontserbazioa programaren funtsezko elementua da. Jantziaren Zentroan, Errenterian, datorren azaroaren 12an eta 19an, ezagutu ahal izango da jantzi batek zer ibilbide egiten duen Kapitain-Etxean sartzen denetik Gordailuan amaitzen duen arte, Ramon Garcia zuzendariak jakinarazi duenez.

Irisgarritasuna zaintzen duen programa

Ondarearen Europako Jardunaldiek Gipuzkoan irisgarritasunaren aldeko apustua egiten dute beti. Paperezko programak braillez dagoen QR kode bat du azalean; hala, programa irakurri ahal izateko diseinatu den ibilbidearen PDF irisgarria eskuratu ahal izango dute ikusmen urriko pertsonek eta itsuek. Dokumentu hori Gipuzkoa Kulturaren webgunean ere egongo da eskuragarri, euskaraz nahiz gaztelaniaz.

Bestalde, aurten programako 107 ekitaldiei buruzko informazioan, hirugarren urtez jarraian, irisgarritasun neurriei buruzko argibideak jaso dira (ukipen elementuak, braille, zeinu hizkuntza, irakurketa erraza, azpidatziak, etab.).

Helburua da informazio ahalik eta argiena ematea, gizarteko talde jakin batzuei gure kultura ondareaz gozatzea galarazten dieten oztopoak ezabatzeko.

Ondarearen Europako Jardunaldiei buruz:

Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak Foru Aldundiak sustatutako proiektua da. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiak elkarrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu dira jardunaldiek Euskadi osoan duten eragina indartzeko, ahaleginak optimizatzeko eta esperientziak trukatzeko.

Gipuzkoan, K6 Gestión Cultural enpresaren bulego teknikoak egin ditu programaren inguruko koordinazio lanak, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saila arduratu da aholkularitzaz, Iñaki Arrieta irakaslearen bitartez.

Halaber, zazpigarren edizio honetan, Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko ikasle talde baten parte hartzea izan du Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, programa hori gazteei hurbiltzeko asmoz. 

Argibideak

“Ondarea bizirik! Patrimonio vivo!”

107 ekitaldi

Datak: Urria, azaroa

Lekua: Gipuzkoako 33 udalerri.

  1. Arrasate
  2. Astigarraga
  3. Ataun
  4. Beasain
  5. Beizama
  6. Bergara
  7. Donostia
  8. Eibar
  9. Elgoibar
  10. Errenteria
  11. Ezkio-Itsaso
  12. Getaria
  13. Hernani
  14. Hondarribia
  15. Idiazabal
  16. Irun
  17. Lazkao
  18. Legazpi
  19. Oiartzun
  20. Oñati
  21. Ordizia
  22. Ormaiztegi
  23. Pasaia
  24. Segura
  25. Soraluze
  26. Tolosa
  27. Urnieta
  28. Urretxu
  29. Usurbil
  30. Zerain
  31. Zestoa
  32. Zumaia
  33. Zumarraga

Ekitaldi motak: kontzertuak, erakusketak, bisita komentatuak, tailerrak, hitzaldiak edo scape roomak.

Prezioa:gehienak doakoak dira. Kontsultatu jarduera bakoitza.

Norentzat: pertsona guztiak, familiak, haurrak, eta ikusmen desgaitasuna, desgaitasun kognitiboa, desgaitasun fisikoa nahiz entzumen desgaitasuna dutenak. 

Gipuzkoako jarduerei buruzko informazio gehiago:

Euskaraz:

https://www.gipuzkoa.eus/es/web/kultura/programak/ondarearen-europako-jardunaldiak/aktibitate-katalogoa2023

Gaztelaniaz:

https://www.gipuzkoa.eus/es/web/kultura/programak/ondarearen-europako-jardunaldiak/aktibitate-katalogoa2023

Euskadiko jarduerei buruzko informazio gehiago:

https://www.europako-ondarea.eus/

  

2596