Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Justiziak Aralarko pisten inguruko salaketak amaitutzat eman eta artxibatu egin ditu

Justiziak Aralarko pisten inguruko salaketak amaitutzat eman eta artxibatu egin ditu

Eider Mendoza foru bozeramailea kritiko agertu da prozseua bide penaletik eraman delako, eta “politika egiteko modu hau” errefusatu du.

Tolosako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegiak irmotzat jo du apirilaren 26an egin zuen ebazpena, non ezetsi eta artxibatu egiten ziren Eguzki eta Landarlan elkarteek Enirio eta Igaratza arteko pistan egin ziren ibilgailuentzako egokitzapen lanen aurka jarritako salaketak. Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, epaitegien erabakiak gaia amaitutzat ematea dakar, beste behin berretsi baita Aralarren pisten inguruan egin diren jarduketa denak "baldintza legal guztiak eta naturaguneak babesteko indarrean dauden arauak betez egin direla".

Foru arduraduna oso kritiko agertu da salaketa jarri duen aldeak prozesu judizial guztian zehar erabili dituen formekin. "Bide penala aukeratu izanak intentzionalitate nabarmena adierazten du, guztiz errefusatzen dugun politika egiteko modu bat", esan du. “Modu demokratikoan eta erakunde eta inplikatutako eragile guztien adostasunarekin hartutako erabakiak, gardentasun osoz eta legedia betez hartu direnak, guztion ongizatea jomuga izanda, ezin dute izan judizializatuak eta helburu politikoekin bakarrik instrumentalizatuak. Ez da onargarria pertsonen izena zikintzea, horretarako akusazio bidegabe, funsgabe eta guztiz neurrigabeak erabiliz”, azaldu du.

Hala, foru bozeramaileak babesa erakutsi die auzi honetan auzipetutako kargu publikoei, eta egin duten “lan ezin hobea” defendatu du, besteak beste, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuari; Arantxa Ariztimuño Mendi eta Ingurune Naturaleko zuzendariari; eta Monica Pedreira Ingurumeneko zuzendariari; eta Enirio Aralar Mankomunitateko arduradunei. "Bere lana zalantzan jartzen saiatu dira, baina auzi hau judizializatzeko saiakera guztiak antzuak izan dira", kritikatu du Mendozak.

Enirio eta Igaratza arteko pistari buruzko auzia ixtea Aralarko pistekin lotutako bigarren auziaren itxiera da. Izan ere, joan den apirilean epaitegi berak agindu zuen Saltarriraino doan pista egiteko lanen aurka jarritako salaketa ere artxibatzea. Bi kasuetan, Eguzki eta Landarlan elkarteek erabilitako argudioak atzera bota ditu epaitegiak. Hori dela eta, gai judizializatzeko ahaleginean dabiltzanei eskatu die “jabetzeko egiten ari diren kalte pertsonalaz”, eta aldi berean “Justiziaren erabakiak errespetatzeko” eta “ez erabiltzeko hau higadura eta eraso politikoa egiteko erreminta bezala”.

 

Pistak "funtsezkoak" dira

Pistei dagokienez, Mendozak esan du hauek “funtsezkoak” direla Aralar inguruan bizi diren eta lan egiten duten pertsonen baldintzak duintzeko, horien bidez irtenbide bat ematen baitzaie lehendik zituzten irisgarritasun zailtasun handiei. Egindako jarduketek Aralar “goi mendiko habitat gisa kontserbatzen lagundu dute, inguruko larreak mantentzea sustatuz, abeltzainek egiten duten kudeaketa jasangarria eta egokia sendotuz, eta mendizaleen eta mendiz eta naturaz gozatzen duten beste erabiltzaile batzuen segurtasuna hobetuz”.

“Sektoreak belaunaldi erreleboa behar duen une honetan, erraztasunak eman behar ditugu errelebo hori gerta dadin; ez dugu oztopo gehiagorik jarri behar. Aralarko artzain eta abeltzainen lana ezinbestekoa da mendiko larreak kontserbatzeko. Gipuzkoaren etorkizuna ezin da ulertu lehen sektore aktibo bat gabe, kalitatezko elikagaiak eta lehengaiak ekoizten dituena, paisaia eta ingurumena kontserbatzeko eta klima-aldaketari aurre egiten laguntzeko gai dena; eta, hau guztiarekin, haren jarraipena bermatzea lehen mailako erronka da gure lurraldearentzat”, aldeztu du foru bozeramaileak.

  

1827