K bulegoak 5 urte daramatza martxan eta 1.300 kultur eragileri eman die arreta eta aholkularitza
K bulegoak 5 urte daramatza martxan eta 1.300 kultur eragileri eman die arreta eta aholkularitza
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak jarri zuen abian zerbitzu hori 2017an, informazioa, kontsulta zerbitzuak, bitartekaritza eta aholkularitza emateko lurralde guztiko pertsona, kolektibo eta entitateei, amateur nahiz profesionalei.
María José Telleria, Kulturako diputatua: «K bulegoa akonpainamendu integraleko tresna da. Eskaintzen dituen baliabide guztiak dira kulturaren sektoreak lehendik eskatutakoak, eta oso balorazio ona jasotzen dute».
K bulegoak kulturaren sektore guztiari ematen dizkio akonpainamendua eta aholkularitza, eta bost urte bete berri ditu. Urte hauetan 1.300 kultur eragileri eman die arreta. 2022an 365 pertsonatik gora pasa ziren K bulegotik, horietatik 100 lagun, lehen aldiz. 350 kontsulta baino gehiagori erantzun zitzaien eta proiektuetarako aholkularitzako 150 saio egin ziren.
K bulegoak kultur proiektuetarako akonpainamendua ematen du hainbat fasetan, sortzen direnetik heldutasunera iristen diren arte. Azken batean, babesa ematen du proiektuak sortzeko eta kudeatzeko ibilbidean, abiapunturik amateurrenetik profesionalizaziora bitarte, ekimenen iraunkortasuna lagunduta. Laguntza hori ekonomikoa baino gehiago da. Baliabideekin laguntzen da, baina baita tangibleak ez diren beste hainbat alderditan ere: ezagutza, arlo artistikoaren eta administratiboaren arteko bitartekaritza…
Urteurren hori dela-eta, ekitaldi bat antolatu dute bihar, ostirala, 18:30ean, egoitza berrian, Donostiako Santa Teresa komentuan. Ekitaldi horretan zerbitzuaren bost urteetako ibilbidea gogoraraziko dute eta zuzeneko musika izango da Eñaut Zubizarretaren eta Inés dj-aren eskutik.
María José Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako diputatuak gaur goizean aurkeztu du ekitaldia Oihane Pardo Amarenak markaren sortzaile eta diseinatzailearekin eta Andoni Mutiloa aktore, gidoilari eta zuzendariarekin batera. Telleriak adierazi duenez, «bost urte hauetan 1.300 kultur eragile baino gehiagori eman diegu aholkularitza, eta zifra horrek erakusten du horrelako proiektuak oso erabilgarriak direla lurralde guztiko kultur eragileentzat. Aholkularitza horrek bidea errazten die Kultura Departamentuak eskaintzen dizkien laguntzak eskuratzeko. Horrez gain, K bulegoa lurralde guztira iristen da eta ahalbidetzen du bestela ziurrenik martxan jarriko ez liratekeen ekimenak martxan jartzea. Gipuzkoan talentu handia dago, eta horregatik, edozein udalerritan edozein eragilek bere proiektua aurrera atera ahal izateko alternatibak eskaini nahi ditugu».
K bulegoak bere zerbitzuak aurrez aurre ematen ditu Santa Teresa komentuko egoitzan, baina baita telematikoki ere. Azpimarratu behar da teknologia berriak gakoak izan direla lurraldera modu jarraituan iristeko, betiere presentzialtasuna baztertu gabe. K bulegoak Gipuzkoako hainbat udalerritan ere antolatzen ditu saioak.
K bulegoaren 2023ko lehen lauhileko honetako ekintza planaren erdigunea da nagusiki laguntzea proiektuak garatzen laguntzen deialdietara aurkezteko eta eskaintzea proiektuen garapen jasangarria lagunduko duten prestakuntza praktikoko ekintzak. Jarduera horiek lurraldeko hainbat eskualdetan gauzatuko dira. Martxoan, K bulegoak saio irekiak antolatuko ditu Beasainen eta Donostian, eta apirilean, Azpeitian eta Irunen.
Pandemia garaian, eragileekin etengabeko kontaktuan egonda eta lurraldeko kultur sektoreari buruzko diagnostikoetan jasotakoa kontuan izanda identifikatu ziren beharrei erantzuteko, bi lan ildo berri jarri ziren martxan: bata, prestakuntzakoa eta saio ireki monografikoena, eta bestea, proiektuetarako berariazko sustapenekoa, profesionalizazioa ahalik eta onena izan dadin laguntzeko eta sareko lana bultzatzeko.
Sareko lana da, hain zuzen ere, K bulegoaren ezaugarri nagusietako bat, hala erakundeekin nola erakunde publiko eta pribatuekin duen harremanean nahiz lurraldeko kultur ekosistema osoari onura egingo dioten sinergia eta aukerak bilatzeko.
Proiektuak
Oihane Pardok Amarenak marka sortu zuen Kaikua bezalako jantziak eta bestelako objektu tradizionalak ahanzturatik atera eta berrikuntzaren eta diseinuaren bidez bizi berri bat emateko. Bi urtean bere jantziak hiru kontinentetako 15 herrialde baino gehiagotara iritsi dira. Bere proiektua prestatzeko laguntza eman zaio Piztu Meta! bezalako programetan parte hartzeko. Programa horren bidez aztertzen da finantzazio kolektiboaren (crowdfunding) eta Aldundiaren baterako finantzazioaren (matchfunding) bidezko bidea, herritarren lankidetzan oinarritua.
Bestalde, Andoni Mutiloak idatzi, zuzendu eta antzeztu zuen «Esnatu naiz» kabareta 2020an, generoa, giza harremanak eta aniztasun sexuala bezalako gaiak antzerki, dantza eta musikaren bidez jorratzen dituen pieza. Bulegotik lagundu zioten bere proiektuaren alderdi digital eta pedagogikoa pentsatzen. Orain, gidoia askea eta eskuragarria da gai horiek jorratu nahi dituzten ikastetxeetarako, material pedagogiko gisa erabil dezaten. Gaur egun, «Sex sua» musikala bezalako proiektu erakargarriak burutzen jarraitzen du.
Aforoa mugatua da. Ekitaldira joateko, izena eman behar da hemen:
https://gip.eus/kbulegoa5urte
2559