Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Kenkari “oso indartsua” TicketBAIn borondatezko epean sartzen direnentzat

Kenkari “oso indartsua” TicketBAIn borondatezko epean sartzen direnentzat

%60 kenkaria ezarriko du PFEZan eta Sozietateen gaineko Zergan 5.000 euroko mugarekin, proiektuarekin erlazionatutako gastuak finantzatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak kenkari berria eta “oso indartsua” prestatu du, TicketBAI proiektuaren borondatezko epean sartzen diren zergadunek aplikatu ahal izango dutena. Zehazki, %60ko kenkaria ezarriko du foru erakundeak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eta Sozietateen gaineko Zergan, 5.000 euroko mugarekin, TicketBAI sistema ezartzeko egiten diren gastuak finantzatzeko; esaterako, softwarearen erosketa, ordenagailuena, STak (Saltokiko Terminalak)… Hau da, 1.500 euro inbertitzen dituenak, 900 euroko kenkaria jasoko luke. “Helburua, logikoki, zergadunak borondatezko epean TicketBAI erabiltzen hastea sustatzea da. Baldintza bakarra da azaroak 1a baino lehen, borondatez fakturazioa TicketBAI sistema bitartez egitea”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan eman du TicketBAIrekin erlazionatutako kenkari berri honen berri eta, gaineratu duenez, datorren asteko Kontseiluan onartuko du foru Gobernuak. “Gogoratzearren, TicketBAI zerga betebehar berria da, ezartzen duena jarduera ekonomikoak egiten dituzten eta Gipuzkoako araudipean dauden pertsona fisiko eta juridiko guztiek, beraien fakturazio prozesuan TicketBAI sistema erabili beharko dutela. Sistema honek, zuzenean konektatuko ditu jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadun horiek Ogasunarekin; hau da, faktura bat egin bezain pronto, denbora errealean igorriko zaio zerga administrazioari”, esan du.

Gipuzkoako foru Ogasunak egindako aurreikuspenen arabera, TicketBAIk Gipuzkoan 60.000 zergaduni eragingo dio. Foru bozeramaileak azaldu duenez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ogasunek, Eusko Jaurlaritzarekin landu duten proiektua da. “Zerga iruzurraren kontrako borrokan sekulako jauzia ematea ahalbidetuko digu”, azaldu du. 2022ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean TicketBAI, eta urte horretan zehar modu mailakatuan joango da hedatzen sektore ezberdinetan (urtarrilaren 1aren eta abenduaren 1aren bitartean).

Aurretik, aurtengo urtarrilaren 1etik borondatezko epean dago indarrean TicketBAI, eta “Aldunditik zergadunak animatu nahi ditugu borondatezko epe honetan sartzeko”. Mendozak adierazi duenez, gaur gaurkoz, 4.000 zergadunek baino gehiagok eman dute izena borondatezko epe honetan, eta guztira, 1.000 faktura baina gehiago jaso dira. “Oraingoz, esperientzia oso positiboa izaten ari da, bai zergadunentzat zein Ogasunarentzat”, esan du. Gainera, 100 software baino gehiagok eman dute jada izena proiektuan eta hau “merkatua jada prest dagoenaren seinale” dela iritzi dio foru arduradunak.

“Anbizio handiko ekimena da, enpresa handi eta txikietara iritsiko dena, mota guztietako saltokietara, autonomoetara… eta honi esker Euskal Autonomi Erkidegoan egiten den jarduera ekonomiko guztia monitorizatu ahalko du zerga administrazioak”, nabarmendu du Mendozak. “Honi esker, jauzi kualitatibo nabarmena emango dela zerga iruzurraren aurkako borrokan”, gaineratu du. “Dimentsio oso handia duen proiektua da eta, ondorioz, lan eskerga ari gara egiten honi buruzko dibulgazioan, elkarteekin bilerak izaten, jardunaldia informatiboak ematen… Egitasmoak duen garrantzia ikusita, datozen hilabetetan ere bide beretik jarraituko dugu”, borobildu du.

 

Giza eskubideak

Bestalde, Kontseiluak gaur onartu du baita ere Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendaritzak kudeatzen dituen dirulaguntzak. Bost laguntza lerro dira guztira: irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei zuzendutako dirulaguntzak, giza eskubideak eta aniztasuneko bizikidetza defendatzeko eta hedatzeko proiektuak egiteko; Gipuzkoako udalei nahiz lurraldean finkatuta dauden tokiko garapen agentziei zuzendutako dirulaguntzak, proiektuak gauzatzeko aniztasuneko bizikidetzaren gaietan; Gipuzkoako udalei zuzendutako dirulaguntzak, Bizikidetza Lantzen programaren barruan dauden udalerrietan proiektuak gauzatzeko; Gipuzkoako udalei zuzendutako dirulaguntzak, memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak gauzatzeko; eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuei zuzendutako dirulaguntzak, memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak gauzatzeko. Guztira, 490.000 euro bideratuko dira laguntza hauetara.

Nobedade gisa, lehenengo aldia da Giza Eskubidetako zuzendaritzak kudeatzen dituen bost deialdiak deialdi bakar batean elkartzen direla. “Orain arte, banaka ateratzen ziren. Denak batera aterata, ordea, eraginkorrago izango garela espero dugu, bai etxe barrura begira zein kanpora begira”, azpimarratu du Eider Mendoza foru bozeramaileak.

Pasa den urtean dirulaguntza hauek izan zituzten emaitzei erreparatuta, memoria historikoaren arloan 13 elkarte eta 11 udalei eman zitzaien diru-laguntza. “Memoria historiko ikerketak egin eta liburuak publikatzeko, memoria ibilbideak prestatzeko, testigantzak jasotzea, omenaldiak eta gazteei zuzendutako programak lagundu genituen”, esan du Mendozak. Aniztasunaren kasuan, 25 elkarte eta 12 udal diruz lagundu zituen Aldundiak, harrera planak, zurrumurruen aurkako ekintzak, kulturartekotasuna bultzatzeko ekimenak, giza eskubideen ezagutza sakontzeko ekimenak… bezalako ekintzak finantzatzeko. Eta azkenik, bizikidetzaren lerroan 17 udalek jaso zituzten dirulaguntzak. “Bizikidetza Lantzen programaren baitan, herrietan martxan dauden herritarren eta ordezkari politikoen bizikidetza foroen dinamizazioa eta bizikidetza alorreko jardunaldi, hitzaldi eta mahai inguruak lagundu genituen”, azaldu du.

 

COVID-19 partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den inpaktua eguneratu du. Adinekoen egoitzen kasuan, otsailaren 26tik ez da kasurik atzeman, eta langileen kasuan kasu bakarra dago. Gainerako baliabideetan ez dago kasu positiborik, gizarte inklusioan salbu, non 7 kasu positibo dauden.

  

2594