Kirolgi Enpresak, enpresen berrikuntza eta nazioartekotzea kirolaren bidez bultzatzeko
Kirolgi Enpresak, enpresen berrikuntza eta nazioartekotzea kirolaren bidez bultzatzeko
Aldundiaren asmoa da, Kirolgiren bidez, Gipuzkoako goi mailako kirolarien balioak eta proiekzioa aprobetxatu eta Gipuzkoako enpresekin lankidetza-lerro berriak ezartzea
Gipuzkoako Foru Aldundiak ekintza-lerro espezifiko bat garatuko du enpresei zuzenduta, Gipuzkoako kirolariek eskain diezazkieketen balioak eta indarguneak aprobetxatuz. Helburua da kirolaren eta enpresaren arteko harremanak ezartzeko bide berri bat jorratzea 3 jarduera-lerroren bitartez: nazioartekotzea, berrikuntza eta pertsonen kudeaketa.
Kultura eta Kiroletako diputatu Denis Itxasok adierazi du Gipuzkoak aktibo handia duela bertako kirolarien nazioarteko proiekzioan eta talentuan, eta gizartearen zerbitzura jarri behar dela hori. Ildo berean, azpimarratu du garrantzi handia duela kirolaren mundua eta enpresarena harremanetan jartzea bi komunitate horien artean sinergiak lortzeko. “Kirolgi Enpresak aukera ona da, zalantzarik gabe, batetik, kirola eta enpresa uztartu eta talentua erakartzeko eta, bestetik, kirolaren komunitatea sendotzeko eta berrikuntza, teknologiaren garapena eta negozio berriak lortzeko kirola oinarri hartuta” esan du.
Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, gogoratu du ekonomiaren susperraldia finkatzea dela Foru Aldundiko helburu estrategiko nagusienetako bat. “Egitasmo honek lan eta aukera eremu berri bat sortzea du helburu, kirola izan dadin gure enpresen zerbitzura dagoen palanka bat”, azpimarratu du. Gainera, Aizpuruk osatu duenez, biozientzia eta osasunaren alorra da “etorkizuneko sektoreetako bat” Gipuzkoan, eta kirola “espezializazio nitxo” izan daiteke alor horretan lanean diharduten start up eta enpresentzako.
Nazioartekotzearen arloan, kirolaren bidez esportatu nahi da, kirolaren eta enpresaren arteko interes bateratuetatik abiatuta. Foru Aldundiak kirolaren eta kirol-lehiaketen bidez areagotu nahi du enpresek eta horien negozioek nazioartean duten presentzia, eta kluben, Kirolgiko kirolarien eta Adegiren arteko lankidetza estuan egingo da hori. Klubek eta Kirolgiko kirolariek enpresen esku jarriko dute kirol-proba adierazgarrien egutegia, eta, gainera, harreman-sarea eratzeko fasean enpresekin elkarlanean jarduteko prest egongo dira. Gure klubek nazioarteko lehiaketetan parte hartzen dutenean, aukera hori horiei laguntzeko eta enpresek atzerrian duten presentzia sendotzeko aprobetxatuko da. Ez dago zalantzarik Gipuzkoako kirolak eta talentuak aukera bikoitza eskaintzen duela, bai kirolarientzat bai enpresentzat.
Beste helburu bat da kirol-lehiaketak bezeroak/sektoreak/merkatuak erakartzeko erabiltzea. Gipuzkoako kirol-probak eta lehiaketak antolatu edo aprobetxatuko dira Gipuzkoako enpresentzat interesgarriak diren herrialdeetako enpresak erakartzeko. Enpresaren munduko eragileekin (Adegi, Gipuzkoako Bazkundea, klusterrak, etab.) egiaztatuta Gipuzkoako enpresentzat interes handia duen herrialde baten alderantzizko misio bat antolatuko da. Behin xede den herrialdea aukeratu ondoren, baloratuko da Gipuzkoan ba ote den herrialde horretako enpresarien interesa erakartzeko moduko nazioarteko kirol-lehiaketa bat, edota beste bide batzuetatik erakartzeko probaren bat antola daitekeen erabakiko da.
Berrikuntzaren arloan, asmoa da kirolean aplikazioak dituzten enpresa teknologikoen mahaia eratzea. Kirola berritzen ari da, eta hobekuntza teknologikoak behar ditu, beraz. Klubek eta kirolariek identifikatu egingo dituzte premia horiek, eta enpresei helaraziko dizkiete berritzen jarraitu dezaten. Helburua da enpresen artean sinergiak sustatzea eta sortzea kirolera bideratutako teknologia garatzearen bitartez, batetik, lehiakorragoak izan daitezen eta, bestetik, negozio berriak aurki ditzaten kirolean oinarrituta.
Enpresen kudeaketaren arloan tailerrak eta jardunaldiak antolatuko dira. Kirolgiren ustez kirolarien ezagutzak eta esperientziek “know-how” hori Gipuzkoako enpresetan aplikatzen lagundu dezakete, eta helburu horrekin sustatuko dira tailerrak eta jardunaldiak. Elkarrekin ikastea lortu nahi da, kirolaren eta enpresaren artean dauden paralelismoak eta esperientziak uztartuz. Besteak beste, aztertuko dira hutsegitearen kudeaketa, taldearen kohesioa, lan-ongizatea kirolaren, edo familiaren, bitartez, eta kirola eta lana.
Lehenengo bi jardunaldiak jada egin dira, eta Gipuzkoako goi mailako kirolariek gure lurraldeko enpresekin partekatu dituzte beren ezagutzak.
1496