Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Klima Aldaketaren Zentroa Berotze Globalari aurre egiteko kolaborazio sarea osatzen ari da

Klima Aldaketaren Zentroa Berotze Globalari aurre egiteko kolaborazio sarea osatzen ari da

Asensio: “Klima Aldaketaren erronkari aurre egiteko Gipuzkoak indarrak batu eta talentua bildu behar du”

2018/02/01

Ingurumeneko Departamentuak eta TECNALIAk, Ikerketa eta Garapen Teknologikoko Zentroak, bilera izan dute Klima Aldaketari aurre egiteko Gipuzkoak duen erronka eta kolaborazio bideak aztertzeko. Helburu honekin, lan jardunaldia egin dute eta Ingurumeneko Diputatuak, José Ignacio Asensiok, zein TECNALIAko zuzendari nagusiak, Iñaki San Sebastianek, parte hartu dute. Bileran Asensiok Klima Aldaketari aurre egiteko ‘Gipuzkoa Klima 2050’ estrategia aurkeztu du. Mónica Pedreirak, Ingurumeneko zuzendariak, etorkizuneko Klima Aldaketari aurre egiteko Zentroaren oinarriak azaldu ditu. Zentro honen zeregina izango da berotze globalari aurre egiteko eta Ekonomia Zirkularra sustatzeko politikak zentralizatzea. Asensiok azaldu du erronkaren larritasunak eskatzen duela “lurraldeko talentua biltzea eta indarrak batzea” eta aurreratu du Departamentua lanean diharduela kolaboratzaile ekonomikoen, sozialen eta teknologikoen sarea osatzeko, eta adierazle nagusia da Birziklatzearen Klusterra. Diputatuak esparru honetan kokatu ditu zentro teknologiko eta unibertsitateen kontaktuak, eta baita aurreikusi dituenak ere.

TECNALIAk berriz, energia eta ingurumen gaietan garatzen dituen lerroak aurkeztu ditu, Klima Aldaketarekin harremana dutenak nabarmenduz. Zentroak esperientzia handia du administrazio eta sektore pribatuarekin elkarlanean hirien, lurraldeen eta azpiegituren zaurgarritasuna ebaluatzeko. Helburua da klima aldaketarekin lotura duten eragin kaltegarrien kontra erresilientzia handitzea; naturan oinarritutako egokitzapen irtenbideak proposatuz. Karbono baxuko energia ziurtatzeko duen aktibitatea nabarmentzekoa da ere. Sorrera berriztagarrien, sare elektriko adimenduen, energiaren biltegiratzearen eta energiaren eraginkortasunaren bitartez. Zuzendari nagusiaz gain parte hartu dute ere Luis Pedrosak, Energia eta Ingurumeneko zuzendariak, Óscar Santa Colomak eta Efrén Feliú-k, Klima Aldaketan adituak.

Bileran Ingurumeneko Departamentuak eta TECNALIAk Klima Aldaketaren Zentroari buruz sor daitezkeen kolaborazio bideak aztertu dituzte. Zentroa 2018ko urtearen bukaeran abiaraziko dela aurreikusten da. Parte hartzaile guztiek positiboki baloratu dute kontaktua eta bat egin dute berotze globalaren arazoa Gipuzkoako agendan ipini behar dela azpimarratuz, egokitzapen eta arintze politikak ezartzeko.

Departamentuak lurraldeko beste eragilerekin kontaktua izatea aurreikusi du, bere politikak partekatzeko eta Gipuzkoa Klima 2050 estrategiari ahalik eta ekarpen handiagoak egiteko. 

  

1392