Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Astigarraga eta Lasarte arkitektoek eraberrituko dute Koldo Mitxelena eraikina

Astigarraga eta Lasarte arkitektoek eraberrituko dute Koldo Mitxelena eraikina

Sei hilabeteko epea izango dute obren burutze proiektua idazteko, eta udaberrian lehiaketara aterako dira lanak.

2018/08/29

Epaimahaiaren iritziz, proposamen irabazlea izan da eraikinaren egiturari eta identitateari errespetu handienez eutsi diena, eta espazioen komunikazioak eta moldakortasuna ondoen konpontzen dituena.  Sei hilabeteko epea izango dute obren burutze proiektua idazteko, eta udaberrian lehiaketara aterako dira lanak.

Irakurketa areto handi bat sortzea proposatzen da, liburutegiko erabiltzaile guztientzat irekia egongo dena; balioa emango zaio Ganbara aretoari, zentralizazioan eta irisgarritasunean irabaziz; eta, kale mailan, barruko plaza bat eratuko da, loturako espazio nagusi gisa, solairu guztietako zirkulazioak interkonektatuko dituena eta erabilera anitzeko eremu bihurtuko dena.

Astigarraga y Lasarte SLP-k eta Bab Arquitectos SLP-k osatutako aldi baterako enpresa batasunak egingo ditu Koldo Mitxelena Kulturunea eraikina berritzeko lanak, Foru Aldundiak deitutako ideia lehiaketan finalista gelditu ziren bost proiektuen artean epaimahaiak KMK-2020 izeneko proiektua hautatu ondoren. Horrela iragarri dute Denis Itxaso Kultura diputatuak eta epaimahaiko kide den Joaquin Montero arkitektoak prentsaurrekoan, KM zentroko zuzendaria, Patxi Presa, ere bertan zela. 

“Berrikuntza lan hauen bidez belaunaldien arteko bizikidetza bermatu nahi dugu, eta gazteak kulturara eta kulturaren balioetara hurbiltzea lortu nahi dugu. Etenik gabeko bilakaera bat da, proiektu bat berritzea, lurraldeko kultur eragile nagusietako bat izan dena egokitzeko eta prest jartzeko, eta Gipuzkoa 2040. urtera eramango duen erreferentzia zentro bat izateko”, azaldu du Itxasok.

Proposamen irabazleak jatorrizko eraikinaren baliabide propioak erabiltzen ditu, oraingo egiturari eutsiz, barruko hormetan bao handiagoak irekiz, eta espazioen moldakortasuna bultzatuz. Behe solairuan espazio publiko handi bat proposatzen du atondo zabal batekin, bertan egongo delarik ekitaldi aretoa, oraingo kokapen berean.  Espazio horri irudi argiagoa eta egungoagoa eman nahi zaio.

Bilatzen dena da eraikin barrua eraldatzea, programa funtzionalean adierazitako helburuetara egokitzeko; irisgarritasuna konpontzea; komunikazio bertikalak (eskailerak eta igogailuak) behar bezala antolatzea, zirkulazio orokorrak errazteko eta hobeto egituratzeko; espazio berriak sortzea, zentroa erabiltzaile berriei irekitzeko (haurrak eta familiak); espazioen irazkortasuna handitzea, horien erabilera malgutzeko; eta eraikinaren barruko irudia aldatzea, erabilera modu berrietara doitzeko.  Horretarako, egiturazko esku hartze globalak egin behar dira, ebakuntza kirurgiko txikien bidez egin ezin direnak.

Planteatzen diren irtenbideen bitartez konponbide egokia eman nahi zaie gai horiei eta, gainera, balio erantsi eman, jarduera osagarriak proposatuz, adibidez, irakurketa areto handi bat sortzea, liburutegiko erabiltzaile guztientzat irekia egongo dena; kale mailan, barruko plaza bat eratzea, loturako espazio nagusi gisa, solairu guztietako zirkulazioak interkonektatuko dituena eta erabilera anitzeko eremu bihurtuko dena; eta balioa ematea Ganbara aretoari, zentralizazioan eta irisgarritasunean irabaziz.

Oraingo eraikinean dauden instalazio gehienak duela 25 urte egin ziren. Erabat berritu behar dira. Eta ez da borondatezko kontu bat bakarrik, araudiak ere horretara behartzen baitu. Eraikinaren estalkian eta fatxadetan ere esku hartze garrantzitsuak egin beharko dira bero- eta soinu-isolamendua hobetzeko, ia energia kontsumorik ez duen eraikin bat lortzeko asmoz.

Epaimahaiaren iritziz, proposamen irabazlea izan da eraikinaren egiturari, tipologiari eta identitateari errespetu handienez eutsi diena, espazioen komunikazioak eta moldakortasuna ondoen konpontzen dituena, eta proposatutako programa funtzionalari maila ertain-altuan egokitzen zaiona.

Astigarraga y Lasarte SLP/ Bab Arquitectos SLP

Donostiako estudio bat da, eta sari hauek eskuratu ditu, besteak beste: Lehenengo saria Donostiako Benta-Berriko kiroldegirako ideia lehiaketan; lehenengo saria Irungo Bidasoako azoka barrutirako ideia lehiaketan;  lehen saria Irungo Arretxe-Ugalde poligonoko zerbitzuen eraikinerako ideia lehiaketan; lehenengo saria La Bretxa saltoki guneko Canovas espazioa berriztatzeko ideia lehiaketan, Donostiako Donostia Turismoaren egoitza birgaitzeko; lehen saria Irungo URI eraikin industriala Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroaren egoitza gisa prestatzeko ideia lehiaketan, eta lehen saria Pasaiako portuko arrantza eremuan dagoen lonja berria eraikitzeko ideia lehiaketan.

Bab Arquitectos SLP Madrilgoa da, eta gauzatu dituen proiektuen artean daude El Paular monasterioa, Almeida museo-etxea edota Santiagoko Horcajo zentroa.

Oinarrizko ardatzak

KM berriaren proiektua sortu da beharrezkoa ikusi delako oraingo eraikinaren instalazioak berritzea, gaur egungo kultur zentro batek dituen eskakizunei erantzun ahal izateko. Erabilera diferenteak, besteak beste liburutegia, erakustaretoak, mediateka, haurren eremua, gordailuak…, izango dituen kultur zentro bat.

Antolakuntza ere aldatu nahi da, espazioaren irakurketa xumeagoa eginez eta aldatzen joango diren funtzio berriak hartzeko gai izango dena. Horrenbestez, jarduera honen helburu nagusia da proposamen moldakor bat bilatzea.

KM eraberritzeko eta erabilera berriak emateko proiektua oinarrizko ardatz hauen inguruan artikulatzen da:

Gipuzkoako ondare bibliografiko eta dokumentala zaindu eta balioestea. KM

eraikina erreferente bihurtzea gordetzen duen ondare bikain horren zabalkundean, sustapenean eta erabileran.  

Hitzaren inguruko lana sustatzea, haren esparru guztietan: Testuak. Irakurketa. Elkarrizketa. Eztabaida. Pentsamendua. KM Kulturuneak herritar kritikoagoak garatzeko topaketako eta elkartrukeko leku izan behar du, ezagutza lurraldearen ezaugarrietako bat izan dadin.

Lurralde proiekzioa. KM Kulturunearen zeregina da Gipuzkoa osora iristea, lehendik dauden sareetan parte hartuz, edo gipuzkoar guztientzat baliagarriak izango diren zerbitzuak ezarriz.

Berrikuntza. Berrikuntzak, funtsean eta forman, zeharkako ezaugarria izan behar du KM berriaren diseinu osoan.

  

2094