Kongresua antolatu du Goierri Valleyk, Aldundiarekin elkarlanean, hilaren 28an eta 29an Beasainen
Kongresua antolatu du Goierri Valleyk, Aldundiarekin elkarlanean, hilaren 28an eta 29an Beasainen
Goierriko puntako 19 enpresak mugikortasunaren eta energiaren etorkizuneko erronkak landuko dituzte Mubizing-en.
Gaur Mubizing aurkeztu da, Goierriko Mugikortasun eta Energia Kongresua; Goierri Valleyk antolatu eta sustatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Azaroaren 28an eta 29an izango da, Beasaingo Igartza Jauregian. Bertan egokituko dituzten bi espazioetan –erakusketa, batetik, eta jardunaldiak, bestetik–, mugikortasunaren eta energiaren sektoreetako soluziorik berritzaileenak aurkeztuko dituzte Goierri Valleyko enpresek. Hitzordu hau enpresen topagune aitzindari bat izango da, haien arteko loturak eta berrikuntza sustatzea ahalbidetuko duena, eta talentua erakarriko duena, gainera, enpresa horiek bikaintasunerantz bultzatzen jarraitzeko, Gipuzkoaren etorkizunerako estrategikoak diren bi sektoreetan.
Goierri Valleyko presidente Jose Luis Perezek, Goieki garapen agentziako gerente Iker Galparsorok, eta Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko diputatu Imanol Lasak kongresuaren inguruko xehetasunak aurkeztu dituzte. Kongresua honako helburu hauekin sortu da: mugikortasun eta energia sektoreetan dagoen errealitatea eta joera aurreratuenak partekatzea; enpresen negozio ereduak egokitzeari buruz hausnartzea; Goierri Valleyko enpresek lan merkatuan eskaintzen dituzten aukerak ezagutaraztea; Pertsonen Kudeaketarako departamentuen eta ikasle eta profesional kualifikatuen artean zuzeneko lotura erraztea; eta eskualdeko enpresen eta start-upen eskaintza eta horien teknologiak eta berrikuntzak ezagutaraztea.
Mubizingek hemeretzi enpresa izango ditu erakusketan, guztiak ere ospe handikoak: Irizar Group, Ederfil Becker, Jaso Industrial Cranes, CAF, Garabi Group, Transbiaga, Hine Group, Nippon Gases, AMPO, Orkli Group, GH Cranes & Components, Mail Boxes Etc., ENE Energia, Enerdom Consulting, Aizkorpe Taldea, Leberri, CEG innova, Arrano Talleres Electromecánicos eta Krea Energia. Horrez gain, In Group eta Ikolan Lanaldi ere arituko dira talentuaren inguruko jardunaldian.
Kongresuaren egitaraua bi egunetan banatuko da: ostegunean, hilak 28, ongietorri instituzional batekin emango zaio hasiera jardunaldiari, erakunde ezberdinetako ordezkarien parte-hartzearekin, eta, goizean, mugikortasunari buruzko jardunaldia egingo da, CAFen eta Irizar Group-en eskutik. Arratsaldean, energiari buruzko topaketa izango da, eta bertan hainbat enpresak sektorearen erronken inguruan duten ikuspegia izango da aztergai, honako hauena, besteak beste: Garabi Group, Hine Group, Nippon Gases, Arrano Talleres Electromecánicos, Orkli Group, Aizkorpe Taldea, ENE Energia, Enerdom Consulting eta Krea Energia.
Hilaren 29an, ostirala, talentua hartuko da ardatz, «Talent Day» saioan. In Group, Hine Group, Goierri Eskola, Ikolan Lanaldi, Eun Group eta GH Cranes & Components-ek egungo egoeraz eztabaidatuko dute, bai eta Goierrin talentua atzemateari eta fidelizatzeari begira dauden joerez eta beharrez ere, kasu praktikoak emanez. Jardunaldiaz haratago, Goierri Valleyko pertsonen kudeaketarako arduradunak ezagutzeko aukera egongo da, erakustokiaren inguruan egongo baitira. Kongresua antolatzeko, Aldundiaren lankidetza estua eta Beasaingo Udalaren eta Goieki eskualdeko garapen agentziaren babesa izan du elkarteak. Web orri honetan dago eskura informazio osoa: www.goierrivalley.com/mubizing.
Iker Galparsorok Goierrik duen nortasunaren testuinguruan kokatu du kongresua: «industria eraldatzailearen eredu bat da, herrien, pertsonen eta enpresen arteko lankidetzaren aldeko apustua egiten duena, eta horren emaitza da Goierri Valley elkartea, 2017an sortua, eskualdeko eraldaketa industrialaren buru izateko». Elkarte horrek 68 bazkide biltzen ditu, 4.100 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa du, eskualdean 7.500 langile baino gehiago ditu, eta mundu mailan, berriz, 20.000 langile baino gehiago, egoitza nagusia Goierrin duten eta 67 herrialdetan kokatuta dauden enpresen artean.
«Gure industria mundu osoko hiri eta herrialdeen eraldaketaren parte aktiboa da, aurrerabidearen eta baliabide naturalen erabileraren arteko oreka eta hobekuntza lortzen laguntzen baitu. Beti etorkizunera begira, geure burua eraldatzen dugu, eta prest gaude etengabe aldatzen ari den mundu honek dakartzan erronkei aurre egiteko. Ekoizpen eta bizitza eredu berdeago baterantz eboluzionatzen ari den mundu honetan, estrategiakoak dira sektore horiek. Kide izatearen sentimenduak eta Goierrirako eta planetarako etorkizun jasangarri bat eraikitzeko asmoak batzen gaitu», azaldu du Galparsorok.
Bestalde, Imanol Lasak nabarmendu du Mubizing bat datorrela Aldundia garatzen ari den estrategiarekin. “Ehun ekonomikoarekin eta lurraldeko gizarte antolatuarekin batera, gure lehiakortasuna eta, horrekin batera, gure etorkizuneko ongizatea eta gizarte kohesioaren oinarriak indartzea du helburu estrategia horrek. Horretarako, ezinbestekoa da dagoeneko ondo posizionatuta gauden sektoreetan gero eta hobeak izatea. Aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzeko gaitasun handiena duten sektoreetan, hala nola elektromugikortasuna eta energia biltegiratzea. Jarraitu behar dugu sektore horietan talentua eta ezagutza aurreratua sortzen, partekatzen eta erakartzen”.
Gaineratu duenez, Goierriko eskualdea lankidetzaren eredu da. “Lankidetza publiko-pribatuarena, eta enpresa handi eta txikien artekoa ere. Gaurkoa bezalako ekimenek bide horretan sakontzen dute, gure ekonomia ehunaren eraldaketan sakonduz gure eskualdeen errealitatetik eta enpresa traktoreen gaitasunetik abiatuta. Soilik horreta izango gara kapazak, gure txikitasunetik, gure lekua lortzeko gero eta aldakorragoa den munduan; nazioarteko ikuspegiarekin, produktu berritzaileekin, eta inguruarekin konprometitutako pertsona eta enpresa klualifikatuekin. Etorkizuna orain da, eta energiarekin eta ilusioarekin egin behar diuogu aurre”, amaitu du.
2340