Konpromisoa berritu dute Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak
Konpromisoa berritu dute Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak
Diputatu nagusiak Arantxa Tapiarekin partekatu du zibersegurtasuna, elektromugikortasuna eta gastronomia bezalako alorretan egiten ari den lana
Gipuzkoako proiektu estrategikoekin dituzten konpromisoak berritu dituzte gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituren departamentuak. Markel Olano diputatu nagusiak Arantxa Tapia sailburuarekin partekatu du Etorkizuna Eraikiz proiektuaren testuinguruan egiten ari den lana, denon artean Gipuzkoako etorkizuna eraikitzea xede duen ekimena. Erreferentziazko zentroak bultzatzen ari da egitasmoa, zibersegurtasuna, elektromugikortasuna eta gastronomia digitala bezalako alorretan. Horrela, diputatu nagusiak azpiegitura hauen ildo nagusiak azaldu ditu, lurraldearen etorkizuneko erronka nagusiei erantzutea helburu dutenak.
Foru Jauregian egin da bilera, eta bi erakundeen artean dagoen sintonia onaren adierazle izan da. Olano eta Tapiarekin batera, topaketan izan dira Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako foru diputatua, Ainhoa Aizpuru; Ekonomia Sustapeneko foru diputatua, Garikoitz Agote; Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea, Javier Zarraonandia.
Topaketaren garrantzia azpimarratu du diputatu nagusiak, “estrategia eta ikuspegiak bateratu eta ditugun elkarlan bideetan sakontzeko” balio izan baitu. “Guztion inplikazio eta ahalegin eskatzen du etorkizuneko Gipuzkoaren eraikuntzak, gizarte eragileetatik hasi eta herritarrenganaino. Honek, noski, gure herriko erakunde maila ezberdinak ere barne hartzen ditu”, azaldu du. “Norabide berean egin behar dugu arraun, Gipuzkoako ongizatearen alde”, nabarmendu du.
Tapia sailburuak, bere aldetik, estrategiak bateratu eta indarrak batuz lan egitearen garrantzian jarri du azpimarra, eta Aldundiak dituen proiektu estrategikoen balorazio positiboa egin du. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan aritzeko eta elkarlan dinamikak indartzeko konpromisoa adierazi du, betiere erakunde bakoitzak dituen eskumenak errespetatuz.
1509