Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Kultura Departamentuak eta Elkar argitaletxeak Imanol Larzabalen omenezko disko-liburua aurkeztu dute

Kultura Departamentuak eta Elkar argitaletxeak Imanol Larzabalen omenezko disko-liburua aurkeztu dute

Harkaitz Millan Kulturako diputatua: «40 lanen antologia bat, Angel Valdesek egina, Imanolen musika-ekoizpenaren alderdirik esanguratsuenak jasotzen dituena. Elixabete Garmendiak, Karlos Gimenezek, Felipe Juaristik eta Angel Valdesek berak hartu dute parte liburuan, Imanol bere testuinguru sozial eta politikoan kokatzen duten testuekin».

2022/11/10
Imanol

Gaur goizean, Imanol: Kantatzen du kantuz disko-liburua aurkeztu da Foru Aldundiaren Jauregian. Ekitaldian izan dira Harkaitz Millan Kulturako diputatua, Felipe Juaristi idazlea, Angel Valdes ekoizlea, Carlos Gimenez musikaria eta Andres Camio ‹Jitu› Elkar-eko musika arduraduna.

Harkaitz Millan kulturako diputatuak gogorarazi du: «Imanolen bizitza zerbaitek markatu bazuen, erbesteak eta askatasunaren aldeko borrokak markatu zuten. Lehenik eta behin, hirurogeiko hamarkadaren amaieran ETArekin elkarlanean aritzeagatik kartzelan sei hilabete eman ondoren, Frantziara erbesteratu zen, eta han ibilbide artistikoa eta musikala sendotu zuen. Diktadura amaitu ondoren, Euskal Herrira itzuli zen, beste erbeste baten hitzaurre izango zen itzulera batean, are mingarriagoa, gainera, barne-erbestea izan baitzen. Imanol beti izan zen askatasunaren aldeko borrokalari bat, eta ezin zuen epel ibili beren proiektu politikoa modu basatienean inposatu nahi zutenekin. Ezin zen egon guri, demokraziaren lehen urratsetan geundenoi, askatasuna kendu nahi zigutenen alboan. Ezin zuen, eta ez zuen egin. Indarkeriaren aurkako jarrera hartu zuen, eta erabaki hori izan zen bigarren erbesteratze horren hasiera».

Imanol Larzabal (1947-2004) euskal abesti garaikidearen ikurrik handienetako bat da. Donostiako abeslariak hogei disko baino gehiago grabatu zituen, eta dozenaka gai zoragarri zabaldu zituen lau haizeetara, euskaldun askoren gogokoena bihurtu arte. Imanol: Kantatzen du kantuz diskoak Imanolen ondarearen antologia jasotzen du. Nortasun handiko ahots bat, grabatuta geratzen dena memorian. Poesia kantu guztietan ageri da, ahozko tradiziotik nahiz garaiko poeta onenen obretatik ekarrita.

Imanolek utzitako ondare garrantzitsu hori Imanol: Kantatzen du kantuz disko-liburu honetan jaso da. Anjel Valdes, musikan aditu, arduratu da antologia hau osatzeaz. Imanolen ibilbide osoko berrogei abesti aukeratu ditu, eta bi CDtan bildu ditu. Antologiak biltzen ditu bai 60ko hamarkadako gai politiko eta sozialak, bai kantutegi tradizionalari egindako ekarpenak, bai olerki klasiko eta garaikideen pieza gogoangarriak.

Mendian gora, Ilun-ikarak, Mayo, Maitiak galdegin zautan, Ausencia, Nire euskaltasuna... Abesti ezagunenen grabaziorik onenek Imanolen unibertso poetiko zabalean murgilduko gaituzte. Horietan, donostiarrak lankide ditu ohiko musikari handiak (Karlos Gimenez, Txema Garcés…) eta unean uneko kolaboratzaileak (Paco Ibañez, Amaia Zubiria…).

Liburuan, Elixabete Garmendiaren, Karlos Gimenezen, Felipe Juaristiren eta Anjel Valdesen beraren testuek Imanol eta haren lana garaiko ingurune kultural eta politikoan kokatzen dute. Hor aurkituko ditugu Imanolen musika-ibilbidearen gakoak eta haren bizitza markatu zuten XX. mendeko azken lau hamarkadak.

 

  

3449