Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Kultura Departamentuak Gabriel Celaya Nazioarteko VI. Poesia Saria eman du, Poesiaren Eguna dela-eta

Kultura Departamentuak Gabriel Celaya Nazioarteko VI. Poesia Saria eman du, Poesiaren Eguna dela-eta

Poesiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekintzen aurkezpena.

2024/03/21
Goizane Álvarez Kultura Cultura

Goizane Álvarez, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua, Luisa Villa, Gabriel Celaya Nazioarteko VI. eta Patxi Presa, KMK-ko Zuzendaria


Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Gabriel Celaya Nazioarteko VI. Poesia Saria aurkeztu du Poesiaren Nazioarteko Egunean. Gainera, Poesialeku izeneko atal berri bat aurkeztu da Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean eta Xabier Lete Nazioarteko VII. Poesia Sariaren deialdia.  Gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian egindako prentsaurrekoan parte hartu dute Goizane Álvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak, Luisa Isabel García Meriño aurtengo Gabriel Celaya sariaren irabazleak eta Patxi Presa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko arduradunak.

Álvarezek azaldu duenez, Gabriel Celaya sariaren helburua da sorkuntzatik abiatuta kultura- eta arte-adierazpen desberdinak lantzen, zaintzen eta zabaltzen dituzten pertsonak saritzea, eta egiten dituzten lanen jarraipena sustatzea. Luisa Isabel García Meriño idazlearen -Luisa Villa izenez ezaguna- `Hijas de las perras negras´ poema-liburuak jaso du sari hau, gaztelaniaz idatzitako argitaratu gabeko eta jatorrizko lanetara zuzendutako deialdi honetan aurkeztutako 529 poema-liburuen artean aukeratua izan ondoren.

Poesiaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Kulturako foru diputatuak esan du sari honekin `Hijas de las perras negras' lana saritu dugula, gizarte eta arraza salaketako liburu "lazgarri" bat. Esan duenez, sariak Gabriel Celayaren konpromiso "sozial eta poetikoa" nabarmentzen du, eta, horretarako, Luisa Villaren "ahots poetiko, intimo, ahaltsu eta liluragarria" saritzen du, zeinak "balio izugarria" ematen baitio ahozko, herriko eta antzinako jakintzen berreskurapenari eta kontzientzia hartze "osoari", hainbat plano lotzen baititu: immigrazioa, muga, esklabotza, Afrikako arbasoak eta belztasuna.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak 12.000 euro eta Leopoldo Ferrán eskultorearen obra bat emango dizkio Luisa Villa kolonbiarrari. Sariaren barruan, El gallo de Oro argitaletxeak argitaratuko du lana. Saria emateko ekitaldia gaur arratsaldean izango da, 18:00etan, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan. Luisa Villa egile saritua bertan izateaz gain, Nerea Azkonak eta Aitor Alvarezek musika jarriko dute, eta Aloña Berazak aurkeztuko du ekitaldia.

Beste edizio batzuetan, hauexek izan dira sarituak: Miguel Sánchez Robles Treinta maneras de mirar la lluvia lanarekin, Jose Manuel Martín Portales Patio interior poemarioarekin, Sergio García Zamora Diario del buen recluso bildumarekin, Jose María Zonta Al este de la mariposa. Antología de poesía rumana proposamenarekin eta, iaz, berriz, Angélica Morales, Mi padre cuenta monedas lanarekin.

Poesialeku

Prentsaurrekoan, KMK-ren webgunearen atal berria ere aurkeztu da, Poesialeku.  Patxi Presa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko arduradunak azaldu duenez, "gure lurraldeko poesiaren errealitatearen berri emango dugu egunero, ekitaldien eta argitalpenen berri emanez, izpi poetikoak eskainiz, nolabait ere, gure egunerokotasunetik haratago ikusteko, haratago joateko".  Gainera, webgunea aktibo egongo da sare sozialetan, hala nola Facebook, Twitter, Instagram eta YouTuben, bere irismena handitzeko.

Nolanahi ere, poesia KMKren puntu "indartsuenetako" bat dela adierazi du. Zentro horrek ez du soilik "liburu-funts zabal bat", poesiarekin lotutakoak barne; era berean, "bere ibilbidean zehar, beti zabaldu izan dizkio ateak esateko, pentsatzeko, sentitzeko moduei eta gure bizitza ikusten duguna baino zerbait gehiago dela erakutsi diguten poetei". Horregatik, KMKn aspalditik garatzen ditugun beste ekimen batzuez gain (Poetika zikloa, esaterako), orain poesiari leiho bat ireki nahi diogu egunero. Horretarako, Poesialeku atala sortu dugu Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean: https://kmk.gipuzkoa.eus/eu/poesialeku

Xabier Lete Nazioarteko VII. Poesia Saria

Gainera, prentsaurrekoan Xabier Lete Nazioarteko Poesia Sariaren VII. edizioaren deialdiaren irekieraren berri eman da. Sari hori bi urtean behin ematen da, eta "Xabier Lete euskal poetaren ondarea ohoratzea" du helburu. Sari honek, Alvarezek azpimarratu duen bezala, "haren ondarearekin jarraitzen duten sortzaileak aintzatestea eta babestea du helburu, euskarazko sorkuntza poetikoa sustatuz", eta poetei dei egin die sari honetan izena eman dezaten, "Letek euskarazko poesia belaunaldi oso baten artean zabaltzeko egin zuen lana omentzeko modu bat baita".

Izena emateko epea zabalik dago 2024ko apirilaren 25eko 24:00ak arte. Horretarako webgune hau prestatu da: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DBKPoesiaSariakWEB/XabierLete?nothing=es&locale=eu  Inskribatu beharreko lanek bete beharreko baldintzen artean azpimarratzekoa da ezin direla beste edozein hizkuntzatatik itzulitako testuak izan. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izango dira. Aldizkarietan, antologietan edo Interneten partzialki argitaratu diren poema-liburuak onartuko dira, baldin eta lan osoaren ehuneko hamarra (% 10) baino gutxiago atera bada argitara. Gai, errima eta neurri libreko lan horiek bostehun (500) bertso izan beharko dituzte gutxienez. Gainera, ezin dira sarituak izan edozein izaera edo lekutako beste literatura lehiaketa batean, eta baldintza hori bete beharko dute epaia eman arte.

Saridunak 12.000 euro jasoko ditu egiletza-eskubideen kontzeptuan, lanaren lehen edizioagatik, argitaratutako lanaren 100 ale eta Jose Ramón Andak egindako elementu artistiko bat, saria egiaztatzen duena.

  

1048