Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Kultura Departamentuak Lanabesa laguntzen deialdia ireki du

Kultura Departamentuak Lanabesa laguntzen deialdia ireki du

• Konpainia eszenikoentzako laguntzek 180.000 euroko zuzkidura dute guztira; ikus-entzunezko proiektuei zuzendutakoek, 150.000 eurokoa; eta antzerki sarerako laguntzek, 200.000 eurokoa.

2020/07/14

 

  • «Azken urteotan film benetan bikainak sortu dira, horrek erakusten baitu gure lurraldean zinemagintzak daukan osasun ezin hobea. Gipuzkoako ekoizpenek gero eta pisu handiagoa dute euskal zinemagintzan, eta erakutsi dute toki bat izan dezakegula nazioko eta nazioarteko ikus-entzunezkoen esparruan, gurea indartuz, bai talentuari dagokionez, bai ekoizpen egiturari dagokionez", adierazi du Harkaitz Millan Kultura diputatuak.

Deialdi honen helburua da, arautzea, alde batetik, laguntza lerro bat, Gipuzkoan egindako ikus-entzunezko proiektuak ekoizteko eta hedatzeko, eta, bestetik, konpainientzako eta udalentzako laguntzak, arte eszenikoak eta musika sustatzeko eta zabaltzeko. Lanabesa laguntzak dira.

Laguntza hauekin, Kultura Departamentuak Gipuzkoako ikus-entzunezko ekoizpenari lagundu nahi dio, formatu luzeko ikus-entzunezko sorkuntza erraztuz eta lan horien sustapenari lagunduz. Horregatik, Foru Aldundiak Gipuzkoako sormena babestu nahi du.

Diru laguntza hauen xedeetarako, ikus-entzunezko obratzat hartzen da hirurogei minutuko luzera gainditzen duena, eta jendaurreko areto batean erakusteko helburuz egindakoa. Kontuan hartuko dira kalitatea eta interes artistikoa, eta Gipuzkoako ikus-entzunezkoen urteko ekoizpenean duten garrantzia. Halaber, ikus-entzunezko produkzioan adierazpide berritzaileak eta ikuspegi berriak erabiltzea baloratuko da, baita Gipuzkoako kokapenen erabilera, Gipuzkoako talde tekniko eta artistikoen parte-hartzea, filmaren jatorrizko bertsioa euskaraz filmatzea eta emakumeek produkzioan eta talde horietan parte hartzea ere.

Zinema arloko aditu talde batek aztertu eta baloratuko ditu aurkezten diren proiektuak.

Kulturako diputatuaren iritziz, «ikus-entzunezkoen sektorea, eta zehazki fikzioa edo dokumentalak ekoizten dituen sektorea plataforma paregabe bat da munduaren gure ikuskera azaltzeko, gure errealitatea, nortasuna eta balioak munduratzeko, hizkuntza unibertsal baten bitartez, hau da, irudi bizien bitartez. Baita ere da euskarri garrantzitsu bat gure kultur ondare bereziaren –euskararen– hedapenerako eta erabilerarako, baita balio handiko euskarri bat ere euskaren sozializaziorako». Kultura hedadura horrek garrantzi ekonomiko handia izan dezake Gipuzkoarentzat; izan ere, «oinarria izan daiteke aberastasuna eta lana ekartzen dituen bertako industria batentzat».

Millanek, orobat, Elías Querejeta Zine Eskola abiaraztearen garrantzia nabarmendu du sortzaile berriak prestatzeko, materia tekniko eta artistikoetan ez ezik, ICAAren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza publikoen, telebista babesen eta banaketa bide berrien prozedura konplexuetan.

Arte eszenikoetarako laguntza

Lanabesa izeneko laguntza hauen barruan baita ere, onartu dira diru laguntzak Gipuzkoako antzerki eta dantza talde eszenikoentzat, alde batetik, ikuskizun eszenikoak sustatu eta saltzeko –taldeak berak ekoitzitakoak badira–; eta, bestetik, sentiberatze, prestakuntza eta bitartekaritza programetarako. Aldi berean, udalentzako eta irabazteko asmorik gabeko elkarteentzako diru laguntza izango dira, arte eszeniko eta musika arloko urteko programazioak egiteko.

Betebeharrak

  • Diru laguntzaren xede den jarduera urte naturalekoa izango da (urtarriletik abendura bitartean).
  • Sustatu nahi diren ikuskizunak diru laguntza eskatzen duen konpainiak berak ekoiztuak izan behar dute.
  • Diruz lagundutako entitateak komunikazioa eta publizitatea gutxienez euskaraz egin beharko du.
  • Diru laguntza jasotzen duten konpainiek, aurkeztu beharko dute hurrengo urteko (2021) martxoaren 1erako, egindako jardueraren memoria, balantze ekonomikoa (gastuak eta diru sarrerak) eta jardueran izandako gastu eta inbertsioak sailkatzeko zerrenda (hartzekoduna eta agiria, zenbatekoa, egite data eta, hala badagokio, ordainketa data adierazi behar da);
  • Laguntzak bi zatitan ordainduko dira: %60 emateko ebazpenarekin batera eta gainerako %40a diruz lagundutako jarduera amaitu ostean.

Antzerki sarea

Euskadiko Antzoki Sarean integratutako Gipuzkoako antzokiak programatzen dituzten udalak, udal organismoak edo irabazi asmorik gabeko entitateak.

Betebeharrak

  • Udal ekipamendu eszeniko egonkorra izatea, Euskadiko Antzoki Sarean sartutakoa.
  • Antzokiaren programazio arduradun bat izatea.
  • Programazioko gastuei aurre egiteko dagokion aurrekontuko partida izatea.
  • Gutxienez, ondorengo baldintza betetzen dituen urteko programazioa aurkeztea:

- Antzerkia eta dantza modalitatean:  gutxienez 6 ikuskizun desberdin programatu behar dira.

 - Musika modalitatean: gutxienez 4 musika emanaldi programatu behar dira, horietatik 2 Euskal Herrikoan egoitza dutenak izanik.

Bi modalitateetan, emanaldiak artista edo talde profesionalek emandakoak izan beharko dute, Sareko antzokian bertan gauzatu beharko dira, ikusleek sarrera ordaindu behar dute eta taldeari katxeta ordaindu beharko zaio.

Eskaerak aurkezteko epea 2020ko irailaren 30ean amaituko da.

Autonomoentzako dirulaguntzak

Era berean, gogorarazi nahi dugu autonomoentzako laguntzen deialdiak irekita jarraitzen duela. Laguntza hauen bidez, COVID-19aren pandemiak eragindako gastuei aurre egiteko dirulaguntzak arautu nahi dira.Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daitezke egoitza soziala Gipuzkoan duten pertsona fisikoak, beren jarduera lurraldean garatzen dutenak, kulturako profesionalak direnak, beren kontura lan egiten dutenak, hargatik eragotzi gabe besteren kontura kontratatuak izatea, eta beren lana arte emanaldietarako edo erakusketetarako lokaletan egitea edota ikuskizun publikoetan edo ekitaldi kolektiboetan parte hartzea, betiere jarduera profesionala bertan behera utzi edo eten badute, osasun krisiaren kudeaketak eragindako alarma egoeraren ondorioz.

Laguntzen banaketa egiteko, onartutako eskabide guztien artean erabilgarri dagoen guztizko zenbatekoa (300.000 euro) lehenetsiko da, onuradun bakoitzari legokiokeen gehieneko laguntzaren arabera. Gehieneko laguntza horrek ez du inola ere gaindituko diruz lagundu daitezkeen kostuen % 90, eskatzaile bakoitzeko 3.000 euroko mugarekin.

Informazio gehiago, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzen atarian www.gipuzkoa.eus/dirulaguntzak. 

                                                                     

 

 

 

 

  

1481