Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Kultura departamentuak Kultura Eskola Bonua jarri du abian

Kultura departamentuak Kultura Eskola Bonua jarri du abian

Guztira 33.000 bonu erabiliko dira 16 eta 17 urte bitarteko ikasleentzat, hau da, Batxilergoko eta Erdi Mailako ikasleentzat, kultura-ikuskizunetarako eta museoetarako sarbidea errazteko.

2020/09/09

Gipuzkoako 30 herritako 109 ikastetxetan banatuko dira.

Harkaitz Millan Kulturako diputatuak “bi helburu ditu ekimen honek: alde batetik, kultura-sektoreko enpleguari laguntzea, eta, bestetik, publiko gazteenaren interesa garatzea”.

Harkaitz Millan Kulturako diputatuak, Piztu Kultura ekimenaren esparruan, Kultura Eskola Bonua aurkeztu du, sektorea suspertzeko eta Gipuzkoako gazteen artean kulturarekiko interesa sortzeko asmoz.  Covid-19ak sortutako osasun krisiaren ondoren, kultura sektorea eta kulturako eragileak beren jarduera berreskuratzen hasi diren une hauetan hainbat jarduera ildo garatu dira hainbat sektoreri laguntza esplizitua emanez, besteak beste, Kultura Bonua izenekoa.

Diputatu sozialistak azpimarratu duenez, "Kulturak leku garrantzitsua du gipuzkoarren bizitzan. Nabarmena da gipuzkoarrak era askotako adierazpen artistiko eta kulturalekiko erakusten duten atxikimendua, bai erakusketari dagokionez, bai sorkuntzari dagokionez, baina betiere, kultura ekintzaz gozatzeari dagokionez".  

Kultura Departamentuak garatutako ildo horren barruan, eta bere helburu eta eginkizunekin bat etorriz, hala nola kultura sortu, ekoitzi eta zabaltzen duten erakunde eta eragileei laguntzea, eta kultur ekoizpenak eta ekintzak herritarrengana hurbiltzea, egokitzat jo da laguntza lerro berri bat abiaraztea, Kultura Eskola Bonua izenekoa, zeinaren helburu nagusia baita 16 eta 17 urte bitarteko Gipuzkoako gazteei, hau da, batxilergoko eta erdi mailako lanbide heziketako ikasleei, kultura ondasun eta produktuetarako sarbidea erraztea, horrela, arte eta kultura hedapena dinamizatuz, eta, zehazki, arte eszenikoetako ikuskizunetara eta museoetara joatea sustatuz.   

Aste honetan, Kultura departamentuak 33.000 deskontu-bonu bidaliko dizkie Gipuzkoako 30 herritako 109 ikastetxeri. 16.500 bonu museoetan trukatzeko izango dira eta beste 16.500 arte eszenikoetan trukatzeko. Horrela, gazte bakoitzak 6 euro arteko deskontua izango du ikuskizunetarako sarrerak erostean, eta 4 euro arte museoetarako sarrerak erostean. Ikasleek azaroaren 1a arte dute bonuak trukatzeko, eta abenduaren 31 arte ikuskizun eszenikoetan edo lurraldeko museoetan erabiltzeko.

 

Pizgarriak edo hobariak eskainiko dira antzoki eta auditorioetara joateko, bai eta Kultura Eskola Bonura atxikitzen diren museoetara ere, eta horrela, aipatutako adin talde horretako gazteek erraztasun gehiago izango dute kultura eta ezagutza eskuratzeko, eta intelektualki gozatzeko, eta, bide batez, Covid-19aren ondoren, programazio kultural berriari bultzada bat emango zaio. 

Laguntza ildo hori Kultura Eskola ekimenaren parte da, Etorkizuna Eraikiz programaren barruko proiektu esperimentaletako bat, eta helburua du gazteen artean kulturarako sarbide unibertsala sustatzea, gazteek sormenarekiko duten interesa garatzea, kultura ohiturak sortzea eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko kultura sarea sendotzea.

Millanek azpimarratu duenez, COVID-19aren ondoren aurrera egin nahi badugu, kultur sektorea aintzat hartu eta biziberritu egin behar da: «kultura bazterrean uzten badugu ez da benetako susperraldirik egongo». «Kultura funtsezko ondasuna da, eta horren mende dago, neurri handi batean, gizarte gisa aurrera egitea. Kultura indartzeak kultur profesionalei arreta eskaintzea eskatzen du, eta kontuan izatea Gipuzkoari aberastasuna eta enplegua ekartzen dizkion sektorea ere badirela». 

 

 

 

 

 

  

1617