1,6 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresen digitalizazioa bultzatzera
1,6 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresen digitalizazioa bultzatzera
Smart Mobility Industry eta baserri bideak konpontzeko dirulaguntza deialdiak ere onartu diru foru erakundeak gaurko Diputatuen Kontseiluan
Eider Mendoza Foruko Aldundiko bozeramaila
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Gipuzkoa Digitala dirulaguntza lerroaren 2023ko deialdia. Honi aurre egiteko, 1.650.000 euroko gastua baimendu du foru erakundeak. “Programaren helburua da Gipuzkoako enpresei digitalizazioaren prozesuan laguntzea, heldutasun digitalaren mailaren araberako laguntza espezifikoekin, eta bi laguntza ildotan egituratzen da: 4.0 produktua, mota honetako produktuak garatzera bideratua; eta Datekin, datuen kudeaketa ardatz duena”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak. Deialdiaren informazioa www.gipuzkoa.eus/dirulaguntzak webgunean egongo da eskuragarri, eta eskaerak Internet bidez aurkeztuko ahalko dira, Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. “Enpresa eraldaketak funtsezko kontzeptu bat du gaur egun: digitalizazioa. Eraldaketa digitala negozioen kudeaketa errotik aldatzen ari da, lehiakortasuna hobetzeko aukera berriak sortuz eta aldaketa kudeatzeko eta balio erantsi berria sortzeko gaitasun handiagoa eskainiz”, azaldu du foru arduradunak. “Abiadura bizian aldatzen ari den mundu konektatu honetan, enpresek ulertu behar dute lehiakorrak izan nahi badute agertoki horretara egokitu behar dutela, eta, are gehiago, lider izan. Horregatik, enpresen ibilbide orri estrategikoan ezinbestean sartu behar dira informazioaren eta komunikazioaren teknologiak”, gaineratu du.
Bozeramaileak nabarmendu duenez, eraldaketa digitalak ez du "tailerrera" mugatu behar; aitzitik, enpresa prozesu guztietan du edo izan dezake eragina, hala nola hornikuntzan, langileen hautaketan, kalitate kontrolean, ekoizpen prozesuen monitorizazioan, produktuaren diseinuan edo bezeroen arretan. Gipuzkoa Digitala programaren helburua bi laguntza ildotan egituratzen da: 4.0 produktua, milioi bat euroko zuzkidura duena, eta 4.0 produktuak garatzera bideratua. Produktu horiek komunikatzeko eta beren egoerari buruzko informazioa emateko teknologiak izango dituzte, eta haien kudeaketa aurreratua ahalbidetuko dute. Bigarren ildoa Datekin da, 650.000 euro dituena. Kasu honetan, beren enpresako prozesuetako datuak lortu dituzten enpresei zuzendua dago, haiengandik balioa lortzen has daitezen, enpresako arlo batzuk optimizatzeko eta, denbora errealeko informazio objektibotik abiatuta, lehiakortasuna hobetzeko.
Azken bi urteetan, ‘Gipuzkoa Digitala’ programaren bidez, 239 enpresaren digitalizazio proiektuak bultzatu da, 5,3 milioi inguru bideratuta: maila aurreratuko enpresena, baina baita hasi berriena ere, garapen agentzien bidez. “Gure ongizatea, gaur egungoa eta etorkizunekoa, ekonomia indartsu batean oinarritzen da, eta horren barruan ezin dugu ahaztu industriaren garrantzia. Horregatik, uztartzen ari gara, batetik, jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustera bideratutako neurri koiunturalak, sektore eta pertsona ahulenak babestuz, eta bestetik, honako hau bezalako beste neurri batzuk, etorkizunerako prestatuta egotera bideratutakoak”, esan du Mendozak.
Smart Mobility Industry
Bigarren erabakia ere ekonomiaren alorrean kokatzen da, Kontseiluak gaur onartu baitu Smart Mobility Industry dirulaguntza programaren 2023ko deialdia. 925.000 euro bideratu dira honetara. “Ekimen horren helburua da lurraldeko sare ekonomikoaren eraldaketa bultzatzea. Horretarako, mugikortasun berriarekin lotutako negozio nitxo berrietara bideratuko da jarduera; zehazki, honako hauetara: elektromugikortasuna, karga azpiegitura eta gidatze autonomoa. Gainera, lehendik dagoen enpresa ehuna sostengatuko da, eta haren dibertsifikazio eta egokitzapen gaitasuna indartuko da, erronka eta premia berriei aurre egiteko”, azaldu du bozeramaileak.
Programak hiru laguntza lerro ditu. Lehenengoa proiektu pilotuetara bideratzen da, eta 300.000 euroko zuzkidura du. Honen bitartez, mugikortasun berriarekin lotutako erakustaldi teknologikoko proiektu pilotuak bultzatzen dira. Bigarren lerroa enpresa lehiakortasuna sustatzera bideratzen da, eta 162.500 euroko gastua aurreikusten du. Honen bitartez, hausnarketa estrategikoko, negozioaren birorientazioko, dibertsifikazioko, eraldaketa digitaleko, lehiakortasun hobekuntzako edo enpresako edozein prozesu berrantolatzeko proiektuak babesten dira. Azkenik, hirugarren lerroak berrikuntza teknologikoa sustatzea du jomuga, eta 462.500 euro ditu. Berrikuntza teknologikoko proiektuak bultzatzen ditu, produktu edo prozesu produktibo berriak sortzeko edo nabarmen hobetzeko, MUBIL estrategiak mugikortasun berriaren eremuan zehaztutako eremuekin lerrokatuta –elektromugikortasuna, karga azpiegitura eta gidatze autonomoa–.
“Dirulaguntza deialdi honek, logikoki, erlazio estua du MUBIL mugikortasun berriko zentroarekin, Etorkizuna Eraikizeko erreferentziazko zentroetako bat”, nabarmendu du Mendozak. Hain zuzen ere, oinarrietan balioesten da MUBILek bultzatutako ekimenekin proiektuak zenbateraino dauden lankidetzan, koordinatuta eta lerrokatuta. Horrela, gaur egun Tolosan eta aurki Eskuzaitzetan egongo den poloarekin sinergiak eta lan partekatua bultzatzen dira. “Neurri horrekin, proiektuak definitzeko, hedatzeko edo horien jarraipena egiteko zentroaren gaitasunak eta ezagutza maximizatu nahi dira”, gaineratu du.
Pasa den urtean, guztira, 15 proiektu babestu ziren dirulaguntza lerro honen bitartez, eta 20 enpresa, ikerketa zentro eta erakunde izan ziren onuradunak. Adibidez, elektromugikortasunerako eta energia laser-zelulan biltegiratzeko demostratzaile teknologikoen proiektua; kode irekiko energia adimenduna kudeatzeko sistema bat; zamak manipulatzeko patinete elektriko industrialen belaunaldi berri bat; edota trenbide-sektorerako energia biltegiratzeko sistemak muntatzeko prozesuak industrializatzea eta abian jartzea lagundu dira diruz. “Proiektu potenteak dira. Gure ustez, proiektuak gure enpresa sarearen eta gure ezagutza-zentroen dinamismoaren isla dira, etorkizuneko ekonomia eraikitzeko erabakigarria den eremu batean, hau da, mugikortasun berrian”, adierazi du Mendozak.
Baserri bideak
Hirugarrenik, landa ingurunearekin lotutako dirulaguntza deialdi garrantzitsua onartu du gaur Kontseiluak. Zehazki, lurraldeko landa bideetarako dirulaguntzen 2023ko deialdia onartu da, 1.300.000 euroko gastua aurreikusten duena. “Gipuzkoako udalek eta tokiko entitate txikiek gabezia handiak pairatzen dituzte landa azpiegituretan, eta horien artean daude landa bideak. Oro har, udalek eta tokiko entitate txikiek zailtasun handiak dituzte beren aurrekontuetatik azpiegitura horien eraikuntza eta kontserbaziorako inbertsioei aurre egiteko. Horretarako aktibatzen dugu aurten ere dirulaguntza deialdi hau”, esan du Mendozak.
Gaur egun erabilera publikoko 3.360 kilometro baserri bide inguru daude Gipuzkoan. Urtetik urte, Aldundiak dirulaguntza deialdi hau argitaratzen du. Pasa den urtean, lerro honen bitartez, 53 herritako 81 baserri bide konpontzeko laguntzak eman ziren, zehazki, 68 kilometro. “Baserri-bideak hobetzearekin landa-eremuetako biztanleen bizi kalitatea hobetu eta lehen sektorearen garapena bultzatu nahi da, irisgarritasuna eta garraioa oro har hobetuz, eta nekazaritza-azalerak hobeto ustiatzea ahalbidetuz”, esan du foru arduradunak. Besteak beste, honako lan hauek egiten dira: landa-bide berriak eraikitzea, lehen asfaltatzea edo hormigoitzea; landa-bideak nekazaritza-ustiapenetara konpontzea, egokitzea eta hobetzea; landa-bideak igarotzeko harri-lubetak eta horma ainguratuak; uhinbikoak eta babesak jartzea; eta bide horietarako sarbideak seinaleztatzea.
Errenta kanpaina
Azkenik, Mendozak aipamen bat egin dio baita ere 2022ko Errenta kanpainari. “Izan ere, gaur argitaratu dugu Ogasunean kanpaina honi buruzko web atala. Dagoen informazioen artean, aipagarrienetakoa kanpainaren egutegia da”, azaldu du foru arduradunak. Data nagusiei erreparatuta, honako hauek aipatu ditu: martxoak 29aren, autolikidazio proposamenak Zergabidean egongo dira ikusgai, eta posta bidez herritarren etxeetara bidaltzen hasiko da foru erakundea. Apirilaren 3an, proposamenak onartzeko epearen hasten da. Apirilaren 12an, interneteko modalitatea hasten da, Zergabidearen bidez egiten dena. Apirilaren 13an, Ogasuneko bulegoetan hitzordua hartzeko epea irekitzen da, aitorpena Ogasuneko langile baten laguntzarekin aurkezteko. Apirilaren 17an, Ogasuneko bulegoak irekitzen dira. Eta, azkenik, ekainak 30ean amaituko da 2022ko Errenta kanpaina.
5434