Zarautzen emakume batek salatu duen sexu erasoa irmoki arbuiatzen du Aldundiak
Zarautzen emakume batek salatu duen sexu erasoa irmoki arbuiatzen du Aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak, erakunde adierazpen honen bitartez, berriki Zarautzen emakume batek salatu duen sexu erasoa irmoki salatu eta arbuiatu nahi du.
Foru erakundeak, aldi berean, elkartasun osoa eta babesa eskaini nahi dizkio sexu erasoa pairatu duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, Foru Aldundiak bat egiten du Zarauzko Udalak gaur kaleratu duen adierazpenekin. Beste behin ere, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian jartzen dugu azpimarra, halako erasoen oinarri-oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun eza baitago, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzak erabat onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean.
Egungo testuinguruan, aisialdirako eta gizarte harremanetarako aukerak berreskuratzen ari garen testuinguru honetan, are irmoago adierazten eta zabaltzen dugu indarkeria matxistaren aurkako mezua. Emakume guztiek dute aisialdiaz eta gizarte harremanez askatasun osoz gozatzeko eskubidea, eta, horregatik, indarkeria sexistarik gabeko kale, auzo, udalerri eta hiriak nahi ditugu.
Foru erakundeak herritar guztiei dei egiten die bortizkeria matxistaren aurrean erne jarraitzeko eta halako erasoen aurkako jarrera erakusteko. Miren Elgarresta Berdintasunerako foru zuzendariak bihar, hilak 6, 12:00etan Zarauzko udaletxe parean egingo den elkarretaratzean parte hartuko du.
2396