Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzat 35 harrera familia espezializatu lortu nahi ditu Aldundiak
Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzat 35 harrera familia espezializatu lortu nahi ditu Aldundiak
Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzat 35 harrera familia espezializatu lortu nahi ditu Aldundiak
Harrera espezializatuko familiak informatzeko, erakartzeko, hautatzeko eta prestatzeko kontratu berria onartuta, programa aitzindari hau %59an haztea aurreikusten da bi urtean.
Harrera familia espezializatua
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuari Laguntza Teknikoa emateko Zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu du, babesgabetasun-egoeran dauden adingabeei harrera egiteko familia espezializatuen informazio, atzemate, hautaketa eta prestakuntza-proposamenak egiteko eta jarraipen teknikoa egiteko. Kontratuak gehienez bi urteko iraupena izango du, eta aurrekontua 4.277.852,33 eurokoa izango da. Gipuzkoan duela 15 urte aktibatutako programa aitzindaria da, eta gaur egun 22 familia harreragile espezializatu daude lurraldean. Kontratu berri honen bidez, programa indartu nahi da eta bi urtean 35 familiatara iritsi, hau da, %59ko hazkundea izatea aurreikusten da.
Gaur egun, Gipuzkoan 353 haur eta gazte bizi dira harrera-familietan, horietatik 23 adin txikiko 22 familia espezializatutan. Gipuzkoa lurralde aitzindaria da babesgabetasun egoeran dauden adingabeen arretan, babes-figura gisa finkatutako sistema batekin, 34 urteko ibilbidea duena, eta erreferentzia eta aitzindaria dena ingurune osoan, batez ere, harrera espezializatuari dagokionean. Programa hau, orain Estatuko beste toki batzuetara zabaltzen ari dena, duela 15 urtetik dago martxan Gipuzkoan.
Duela urte batzuetatik hona, Aldundiak harrera espezializatuan jarri du arreta; izan ere, badira premia bereziak dituzten haurrak, profil berezituko familiak behar dituztenak. Helburua da familiako kide batek, gutxienez, kualifikazio, esperientzia eta prestakuntza espezifikoa izatea arlo gizarte edo osasun arloan, gehien behar duten adingabeei arreta emateko eta haiekin esku hartzeko plan bat garatu ahal izateko. Hori dela eta, familia boluntario gehiago behar badira ere, arreta berezia jartzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera familia espezializatuak osa ditzaketen pertsonengan.
Informazio gehiagorako:
943 112522
Izendapenak
Beste alde batetik, Foru Gobernu berriak beste urrats bat eman du lantaldeak eratzeko bidean, eta lau zuzendari berri izendatu ditu Gobernantza, Jasangarritasun eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuetan. Gobernantzaren kasuan, Jon Aldazabal (Donostia, 1966) izango da Funtzio Publikotik bereizten den Araubide Juridikoaren zuzendaria. Aldazabal Zuzenbidean lizentziaduna da, 28 urte baino gehiago daramatza abokatu lanetan, eta Tolosako Udaleko zinegotzia ere izan da 12 urtez. Bere funtzioen artean, Aldundiaren jardueren legezkotasunaren barne kontrola, aholkularitza juridiko orokorra eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bere organoen epaiketetako defentsa nabarmentzen dira.
Bestalde, Gobernu Kontseiluak Fernando Prieto (Zarautz, 1976) Obra Hidraulikoetako zuzendari nagusi izendatzea ere onartu du. Eraikuntza eta Ekonomiako Aparejadorea da Nafarroako Unibertsitatean, eta esperientzia handia du eraikuntza arloan. Bere zeregin nagusia Lurraldeko Hornidura eta Saneamendu Plan Integrala gauzatzea eta emarien kontrola bermatzea izango da.
Jasangarritasun departamentuan ere, Kontseiluak argi berdea eman dio Izaskun Gómez (Donostia, 1965) Ingurumen Administrazioko zuzendari izendatzeari. Zuzendaritza sortu berria da, eta Gipuzkoan ingurumena kudeatzeko eta babesteko politikak definitzea eta sustatzea izango du helburu nagusi. Izaskun Gómez PSE-EEko zinegotzia izan da Pasaiako Udalean 1995etik, alkatea izan da 1999-2003 eta 2015-2023 urteen artean, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide ere izan da 1999 eta 2007 urteen artean, eta senatari 2008 eta 2011 bitartean.
Azkenik, laugarren izendapenak Turismo arloari egiten dio erreferentzia, Iñigo García buru izango duena (Donostia, 1986), Gipuzkoako lurraldean turismoaren sustapenean lan egiteko helburuarekin. Garcia ingeniaritzan lizentziaduna da eta bere ibilbide profesionalaren zati handi bat arlo pribatuan egin du. 2018tik, San Sebastian Shops Merkatarien Plataformako zuzendari-kudeatzailea izan da. Plataforma horren bidez, merkataritzaren arloko politika publikoak bultzatzen dira, lehiakortasunaren alde.
2557