Aldundiak Basabizi aurkeztu du, basafauna berreskuratzeko zentro berria
Aldundiak Basabizi aurkeztu du, basafauna berreskuratzeko zentro berria
Arizmendiko foru finkan kokatuta dago (Urnieta), aurten ekin dio bere jarduerari, eta une honetan 22 animalia daude bertan.
Foru Aldundiak Basabizi aurkeztu du gaur, Gipuzkoako basafauna berreskuratzeko eta naturara berriz itzultzeko zentroa. Zentro horren helburua da beren ingurunean bizirauteko ezinduta dauden animaliak jaso, zaindu, mantendu eta berreskuratzea, ondoren ingurune naturalera itzultzeko. Komunikabideentzat egindako bisita irekian, Markel Olano diputatu nagusiak, Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak eta Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuko teknikariek instalazioak ezagutarazi dituzte, eta zentroaren funtzioen berri eman dute. Zentroa Diputazioak Urnietan duen Arizmendi finkan kokatuta dago eta martxoan jarri zen martxan, Arrano-Etxearen erreleboa hartuz.
Markel Olanok azaldu duenez, “natura ingurunea eta biodibertsitatea zaintzea ezinbestekoa da gure etorkizuna eraikitzeko. Lehen hala zen, eta orain are gehiago, klima aldaketaren testuinguruan. Aldundiak hamarkadak daramatza lanean Gipuzkoan ditugun habitatak eta flora- eta fauna-espezieak zaindu eta berreskuratzeko hainbat proiektutan, benetako altxorra baitira eta hurrengo belaunaldiei utzi nahi baitizkiegu”. “Ingurumenaren garrantziari buruzko gero eta sentsibilizazio handiagoa dago, eta Basabizik –azpimarratu du– aukera emango digu basa fauna berreskuratzeko lanean jarraitzeko etapa berri honetan, erabat hornituta dagoen, beharrezko giza baliabideak eta bitarteko teknikoak dituen eta kokapen aproposa duen instalazio batean”.
Basabiziren kudeaketak 80.371 euroko urteko aurrekontua du eta lau lagunez osatutako talde bat –albaitari bat, albaitaritzako bi laguntzaile kliniko eta langile bat–, Basa Animalien eta Landareen Foru Zerbitzuak koordinatuta eta gainbegiratuta. 5.000 metro koadroko instalazioek honako hauek barne hartzen dituzte: harrerako modulu bat, urteko 365 egunetan 24 orduz animaliak hartzeko aukera ematen duena, baita zentroa itxita dagoenean ere; modulu kliniko-administratibo bat, X izpiak, inkubagailuak, eta operazioak nahiz analisiak egiteko ebakuntza gela bat dituena; bulego bat; biltegi bat; eta boxen tren bat ugaztunak eta hegaztiak hartzeko.
Basabizik, halaber, fringilidoen familiako hegaztientzako kaiola berezi bat du, hegaztientzako espazio zabalak hegan egiteko ahalmena berreskuratzeko, bai eta uretako animalientzako biltegi bat ere. Aldundiaren mintegiak dauden Arizmendiko finkan hainbat lan egin ziren Basabizi zentroa egokitzeko. Adibidez, berotegietako batzuk hegaztientzako hegaleku gisa prestatu ziren. Lan horiek Europako ‘Interreg’ programaren finantzaketa izan zuten. Premia edo egoera berezien kasuan, instalazioek handitzeko espazio nahikoa dute.
Gaur egun, 22 animalia artatzen ari dira zentroan, tartean honako espezietakoak: bi zapelaitz, gabirai bat, belatz bat, hontz zuri bat, hiru apoarmatu korrontezale edo sei sorbeltz. Animalia zauritu batekin topo eginez gero, gomendatzen da ez ukitzea eta/edo manipulatzea, eta lehenbailehen horren berri ematea Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzako irratiaren 943 000 420 telefonoan, Zaintza zerbitzuak jaso eta zentrora eraman dezan, berreskuratu eta ahalik eta lasterren bere ingurune naturalera itzuli ahal izateko. Eginkizun hori betetzeaz gain, zentroak erreferentziazko zentro zientifikoekin lan egiten du fauna berreskuratzeko kontrol sanitario eta epidemiologikoko azterlanetan, basa fauna berreskuratzeko planetan parte hartzen du, eta Gipuzkoako parketxeen sarearekin lankidetzan aritzen da hegaztiak askatzeko ekitaldiak antolatzeko, interes handia pizten pizten dutenak.
Arrano-Etxearen ondorengoa
Basafauna berreskuratzeko jarduera 80ko hamarkadan hasi zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko pertsona aitzindari batzuek. 1985etik aurrera, Josean Albisuk eta Mertxe Garcíak euren gain hartu zuten lan hori bere etxean, Igeldoko Arrano-Etxean. 1988an, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak basafauna berreskuratzeko Gipuzkoako erreferentzia zentro izendatu zuen Arrano-Etxea; eta, harrezkero, basa animaliak zaintzeko eta berreskuratzeko eginkizunez arduratzen hasi zen. Lankidetza horri esker, Gipuzkoak Basafauna Berreskuratzeko Zentro bat eduki ahal izan zuen. Zentro horretan 13.000 animalia baino gehiago hartu ziren, eta horietako % 60 inguru natura ingurunera itzultzea lortu zen. Berreskuratze ehunekoa, urte batzuetan, % 70eraino ere iritsi zen. Azken bost urteotan 560 animalia inguru jaso ohi dira batez beste urtero.
Diputatu nagusiak, aurkezpena aprobetxatuz, eskerrak eman dizkie “Gipuzkoaren izenean Joseani eta Mertxeri hainbeste urtetan, modu altruistan, fauna eta, oro har, natura-ingurunea zaintzen eta berreskuratzen egindako lanagatik. Bien dedikazioa ohikotik askoz haratago joan da, eta Arrano-Etxea izan da luzaroan Gipuzkoan naturarekiko eta animaliekiko maitasuna, sentsibilitatea eta grina sinbolizatu dituen espazioa. Aitzindariak izan ziren, gure esker ona irabazi dute, eta ondo merezitako atsedenaldiaz gozatzea espero dugu”.
6578