Gaurko eta biharko Gipuzkoa
Gaurko eta biharko Gipuzkoa
2017. urtea guztira 4.670 milioi euroko zergabilketarekin itxi zuen Gipuzkoak; iazkoarekin alderatuz, % 11,3ko hazkundea izan du.
Ekitaldiaren behin betiko likidazioa ez da oraindik egin, Euskal Finantza Kontseiluak otsailean egingo duen lansaioan itxiko baita, baina esan genezake krisi ekonomikoaren aurreko urteetako maila gainditzen duela kopuru horrek; zuhurtzia guztiarekin esanda, nolanahi ere.
Hazkunde hori azaltzeko, bi gai aipatu behar dira batez ere. Alde batetik, lehengo urteko maiatzean Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoak lortutako akordioa: Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek eta Espainiako Gobernuak akordio bat sinatu genuen, eta horrek Kupoaren inguruan aspaldian geneukan auzia desblokeatu du. Akordioaren ondorioz, Euskadiko erakundeok lortu dugu Madridek zor zizkigun zenbatekoak berreskuratzea. Urrats esanguratsua izan da, lehena, Estatuarekin ditugun harreman finantzarioak normalizatzeari begira. Zalantzarik gabe, akordio hura oso garrantzitsua izan zen gure herriarentzat.
Bigarren eragilea zera da: egoera ekonomikoa hobetu egin dela eta gure enpresa sarea sendotzen ari dela. Kupoaren eragina aparte utziz, aurreko urtean baino % 5 gehiago jaso zuen Gipuzkoak 2017ko zergabilketan. Beraz, 202 milioi euro gehiago gure ekonomiaren biziberritzeari esker, hau da, Gipuzkoako Foru Aldunditik legealdi honen hasieratik beretik apustu sendoa egin dugun esparruari esker.
2017an, langabezia tasa % 84ra jaitsi zen Gipuzkoan, EUSTATen arabera. Denbora berean, enplegua % 2,6 igo zen, Foru Ogasunaren datuen arabera, eta soldata masa (soldata guztien batura) % 4,1; bi adierazle horiek emaitza positiboa izan dute hiru urtean segidan, eta soldatak enpleguaren gainetik igo dira, batik bat azken ekitaldi honetan.
Hobekuntza honen ondorio zuzena da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) zergabilketaren emaitza hazi egin dela; izan ere, Errentaren oinarri ezargarriaren ia % 90 laneko etekinetatik dator. Azpimarragarria da, baita ere, Sozietateen gaineko Zergak bilakaera positiboa izan duela. Enpresek dituzten mozkinen gaineko zerga honen bilketak bi digituko igoera eman du (+% 10,3): 2009az geroztik izandako emaitzarik onena. Krisialdian, zerga honen bidezko sarrera publikoek behera egin zuten, arrazoi nabarmenagatik: enpresek dirurik irabazten ez badute edo galtzen badute, zergabilketan nabaritu egiten da hori, ezinbestez. Foru Aldundian beti azpimarratu dugu sustapen ekonomikoaren alde egitea dela zerga honetan dirusarrerak handitzeko bide sendoena: une hauetan, krisiaren ondorio gogorrenak gainditu direnean, errekuperazio zantzu nabariak ageri dira.
Aipatutako adierazle horiek denak positiboak dira eta argi erakusten dute gure ekonomia errekuperatzen ari dela eta gure enpresa sarea sendotzen, gizarte osoaren onurarako. Eskema erraza da: zenbat eta jarduera ekonomiko gehiago, orduan eta zergabilketa handiagoa; eta zenbat eta zergabilketa handiagoa orduan eta diru baliabide gehiago zerbitzu publikoak finantzatzeko; azken batean, diru baliabide publikoak baitira aberastasuna birbanatzeko eta desberdintasun sozialen aurka lan egiteko administraziook dugun bitarteko nagusia.
Esan beharrik ez dago, ordea, ez gaudela murgilduta testuinguru ezin hobean ere. Zifra makroekonomikoak beti hobetu litezke; hala behar du eta horretan ari gara etengabe lanean Foru Aldundian. Baina badakigu, baita ere, oraindik badirela gaizki pasatzen ari diren enpresak eta, kasu muturrekoenetan, ateak ixtera behartuta gertatzen ari direnak ere, horrek dakarren ondorioekin: aberastasun galera eta lanpostuen galera. Horrek gogorarazi behar digu den-dena ez dagoela egina eta ezin dugula lozorroan lasai geratu.
Baina oraindik argi-ilun horiek ditugun arren eta zuhur jokatu beharra daukagun arren, esan genezake ekonomia hobetzen eta bizkortzen ari dela pixkanaka. Horregatik, lehen esan bezala, Gipuzkoako Foru Aldundia ondoan izango dute gure enpresari eta eragile ekonomikoek, gaur egungo egoera sendotzeko ahaleginean. Epe motzera begira ere perspektiba onak daude eta optimista izateko moduan gara, baina, gure eredu sozioekonomikoari buruzko hausnarketa egiteko garaian, epe ertain eta luzera begirako ikuspegi sendoarekin jokatu beharra ikusten dut.
Hasteko, Gipuzkoa, Euskadi eta, oro har, Mendebalde osoa berebiziko aldakuntza demografiko batean daude murgilduta. Biztanleria zahartzeko prozesu batean gaude eta prozesu hori areagotu egingo da datozen urteetan, horrek politika publikoetarako duen eragina ere handituz. Gipuzkoak gaur egun 29.000 pertsona ditu mendekotasun egoeran, baina 2031rako, hau da, hamahiru urte barrurako, 39.000 pertsona izango ditugu mendekotasun egoeran, hau da, ia heren bat gehiago. Biztanleriaren zahartzeari biztanleria aktiboa urritzea gehitzen badiogu, bistakoa da lehentasunetan sartu beharko genukeela etorkizuneko eredu sozioekonomikoari eta zerbitzu publikoen finantzaketari buruzko hausnarketa sakona egitea.
Zahartze prozesua ez ezik, zibersegurtasuna, aldaketa klimatikoa, garraiobideak... hainbat gai ditugu mahai gainean jarri beharrekoak eta sakon jorratu beharrekoak. Xede horrekin, hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimena jarri du abian legealdi hasieran. Eragile ekonomikoekin eta sozialekin eta gizarte zibil osoarekin batera etorkizuneko erronkak antzemateko ekimena da, etorkizun hurbilean gure lurraldean izango ditugun erronkei soluzioa egokiak bilatzeko prozesuak ahalbidetzeko.
Hausnarketa honen hasieran aipatutako ideiara itzuliz, 2017ko urtea emankorra izan da zergabilketaren arloan, hein batean gure ekonomia sendotu delako eta gure enpresen jarduera bizkortu delako. Horrek erakusten digu zuzen genbiltzala sustapen ekonomikoaren alde apustu egin genuenean, eta gure enpresa sarea lagunduz eta bultzatuz lortuko dugula krisiaren eragina atzean uztea.
Baina, aldi berean, gaur egungo testuinguru honek oinarri egokia ematen digu, baita ere, begiratua gaurko unetik harantzago luzatzeko eta etorkizunera ere begiratzeko. Ongizate mailari etorkizunean eusteko gogoeta gizarte osoari dagokio, eta hausnarketa eta eztabaida horretan zer esan handia dute eragile ekonomikoek eta sozialek, enpresek, unibertsitateek eta, oro har, herritarrek. Dugun oinarri sendo honen gainean, has gaitezen denok gure ongizate mailari eusteko bermeak jartzen eta etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzen.
1451