Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Irungo Ama Xantalen egoitza Kabian sartu da

Irungo Ama Xantalen egoitza Kabian sartu da

Gipuzkoako udal egoitzak Kabia foru organismoan sartzeko prozesua Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzarekin osatuko da.

Ama Xantalen

Gaurtik, uztailaren 1etik, Irungo Ama Xantalen egoitza Kabia erakunde autonomoaren barruan dago, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikita dagoena. Egun, Kabiak 15 egoitza kudeatzen ditu, hasiera batean udal-kudeaketakoak, Hernaniko Santa Maria Magdalena zentroaren eskualdatzearen faltan: Azkoitiko San Jose, Elgoibarko San Lazaro, Villabonako Santiago, Zumaiako San Juan, Lasarteko Atsobakar, Andoaingo San Juan Bautista, Bergarako Mizpirualde, Oñatiko San Martin, Errenteriako Jesusen Bihotza, Ordiziako San Jose, Arrasateko Iturbide, Tolosako Iurreamendi, Eibarko San Andres, Pasaiako San Pedro eta Irungo Ama Xantalen.

"Zalantzarik gabe, prozesu luzea eta konplexua izaten ari da, baina hartutako konpromisoa betetzen ari gara", adierazi du Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak, eta "Kabia erreferente bat" dela azpimarratu du, "bai Gipuzkoan, bai hemendik kanpo". "Elkarlanean oinarritutako eredua da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta udalen artean egindako lan sakon batean oinarritzen dena", gaineratu du.

Peñak azaldu duenez, egoitza bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina gaineratu du bateratze prozesuak onura "handiak" dakartzala eguneroko kudeaketan: "Hala erakutsi du COVID-19ren krisiak, koordinazioa eta komunikazioa inoiz baino garrantzitsuagoak izan direnean. Kabia erakusten ari da oso eredu baliagarria dela, eta gai dela azkar, eraginkortasunez eta arintasunez erantzuteko Gipuzkoan adineko pertsonentzako egoitza-arretaren arloan dauden eta etorkizunean izango diren erronkei”.

Ama Xantalenek 70 egoitza-plaza ditu eta 15 eguneko zentroan. Kabiak 16 egoitza-zentro kudeatuko ditu prozesua amaitzen denean, guztira 1.505 plaza (1.336 egoitzetan eta 169 eguneko zentroetan), 299 langile izango ditu (116 funtzionario eta 183 kontratatu) eta zerbitzua ematen duten 18 enpresaren laguntza izango du, 949 langilerekin. Diputatuak gaineratu duenez, Kabia lurraldeko egoitza-ereduaren zati "oso garrantzitsua" da, lankidetzan oinarritzen dena, eta non plazen %85, 5.425etik 4.572, titulartasun publikokoak diren, eta horien %82a erakunde publikoek edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatzen dituzten.

Irungo Ama Xantalen egoitzaz gain, Eibarko eta Pasaiako zentroak izan dira foru-erakundean sartu diren azken bi egoitzak, 2020ko urtarrilean, nahiz eta defizita 2019ko uztailaren 1etik aurrera onartu zen bi kasuetan. Irungo egoitzaren kasuan, Kabiak bere gain hartu du defizita 2020ko urtarrilaren 1etik. Peñak gaineratu du "erronka handia" dela eta "ardura eta erantzukizun handiz" erantzuten ari zaiola.

  

3663