Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Zikloteka bizikletaren erreferentziako dokumentazio zentro gisa ezarri da Espainian

Zikloteka bizikletaren erreferentziako dokumentazio zentro gisa ezarri da Espainian

MITMArekin lankidetza-hitzarmena sinatzeak agerian utziko du Zikloteka nazio-mailako zentro gisa, Espainiako Gobernuaren bizikletaren estrategiaren barruan kokatzen baitu, Aurrekontu Orokorretan berariazko zuzkidura batekin.

2022/11/04
Zikloteka convenio hitzarmena MITMA 2022

Rafaela Romero: “Hitzarmen hau aukera ezin hobea da Zikloteka finkatzeko mugikortasun ziklistaren inguruko estatu mailako erreferente dokumental gisa. Mugikortasun horren oinarri dira bizikleta bide eta bide berdeen sarea sortu eta kontserbatzea, baina baita hezkuntza eta bizikleta kultura sortzea ere, esparru honetan ezagutzak eta esperientziak partekatzeko profesionalekin nahiz herritarrekin”.

María José Rallo, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko Garraio eta Mugikortasuneko zuzendari nagusia: “Bizikleta-mugikortasunaren kultura berri bat esperientzia-truke gero eta handiagoa sortzen ari da, bai eta arlo horretan espezializatutako informazio-iturriei kontsulta gehiago egitea ere. Bizikletaren aldeko Estatu Estrategiaren helburuetako bat da eragile instituzional, ekonomiko, sozial eta akademikoei bizikleta bidezko mugikortasunean espezializatutako dokumentazioa eskuratzea”

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romero gaur goizean bildu da María José Rallo Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko Garraio eta Mugikortasuneko zuzendari nagusiarekin, bizikleten eta oinezkoen mugikortasunari buruzko alderdiak jorratu eta akordio estrategiko bat sinatzeko. Bilera Ministerioaren Madrilgo egoitzan egin da, eta bertan izan dira Ander Iturri, Mugikortasuneko zuzendaria eta Miguel Ángel Crespo, Lurralde Antolaketako zuzendaria.

Bilera horretan Ministerioarekin sinatu den hitzarmenari esker, aurrerantzean Zikloteka izango da bizikletari buruzuko dokumentazio zentro nazionala. Romerok azpimarratu duenez, “Hitzarmen hau – azpimarratu du Romerok – estrategikoa da Gipuzkoarentzat, bizikleta-mugikortasuna sustatzeko erreferente nazional bihurtuko duelako Zikloteka, eta, gainera, baliabide baliotsua izango delako bizikletaren aldeko Espainiako estrategiaren esparruan jasotako hainbat programa hedatzen laguntzeko”.

Hitzarmenari esker -15.000 euroko dirulaguntza biltzen du-, dokumentazio zentroak hobetuko ditu tresna informatikoak, bere jarduera ezagutaraziko du sare sozialetan, Ministeriotik eta haren erakunde kolaboratzaileetatik iritsitako edukiak dinamizatuko ditu eta Gipuzkoako dokumentazio zentroaren ikusgarritasuna handituko duten ekintzak burutuko ditu, hala nola, Ziklotekaren web helbidea ministerioaren orrian txertatzea.

María José Rallok azpimarratu duenez, “beharrezkoa da bizikleta-mugikortasunaren esparruan metatutako ezagutza biltzen duten dokumentu-baseak (idatzizkoak, grafikoak eta ikus-entzunezkoak) behar bezala bildu, prozesatu eta zabaltzen direla bermatzea, gizarte osoarentzat balioa sor dezaten. Zikloteka Europako zentro aitzindaria da, Donostian dago, Cristina Enea Fundazioan, eta sarbide telematikoa du. 2.400 erreferentzia baino gehiagoko dokumentu-funtsa du, eta jendeari eskaintzen dio kontsultarako, mailegu gisa edo deskarga librerako. Bizikletaren aldeko Estatuko Estrategiaren esparruan jasotako hainbat programa hedatzen laguntzeko baliabide erabilgarria izateaz gain, Ziklotekak egiten dituen lanak oso garrantzitsuak dira bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko".

Ziklotekako zuzendari José María Hernándezek balioan jarri du bizikleta ezagutarazteko eta sustatzeko egindako ahalegina, eta adierazi duenez, «sinatutako hitzarmenak aukera emango du administrazio publikoetan mugikortasun planak diseinatzeaz arduratzen diren teknikarien eskaerari erantzuteko, eta baita gizarteari ere, iritzi orokorra baita bizikletak paper nabarmena izan behar duela mugikortasun berrian».

Gaur egun, Ziklotekak 2.545 erreferentziako funts dokumentala du, eta presentzialki nahiz online kontsulta daitezke.  Funts horiek kontsultatzeko, proiektuaren webgune ofizialean bilatzaile bat dago, eta horri esker erraz aurki daitezke funtsak, izenburuaren, egilearen, esparru geografikoaren edo kategoriaren arabera (9 gai nagusitan multzokatutako 60 kategoriatik gora). Hitzarmen honi esker, Ziklotekak dokumentazioa biltzeko zereginekin jarraituko du, baina irismen handiagoarekin, dokumentazio teknikoa biltzeko lanetan aurreratzeko aukera emango baitu (lizitazioak, kontratuak, erreferentziako administrazio publikoen lehiaketak eta entitate akademiko nagusiak), baita esparru honen inguruko bestelako dokumentu profesionalak eta herritarrenak ere, betiere funts bibliografiko berriak eskuratu eta tesauroaren arabera katalogatzeko helburuarekin.

Ministerioak Ziklotekaren alde egindako apustu hori beste elementu bat ere bada Espainiako Gobernuak bultzatzen duen egoitza instituzionalen deskontzentrazio-estrategian, eta Euskadi bizikleta sustatzeko erreferentzia-gune gisa kokatzen du. Horrela, Gipuzkoak bizikleta-mugikortasunaren aldeko lan aitzindariaren emaitza jasotzen du. Lan hori duela 20 urte baino gehiago hasi zen bizikleta-bideen sarearen lehen plangintzarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Cristina Enea Fundazioak bultzatuta 2016an sortu zenetik, Zikloteka etengabe hazten eta  bizikleta bidezko mugikortasunaren arloko erreferentziazko dokumentazio-zentro gisa egiten duen lana sendotzen ari da.

  

3423