Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Landarbaso Abesbatza Asiako Grand Prix Finalean lehiatuko da

Landarbaso Abesbatza Asiako Grand Prix Finalean lehiatuko da

Landarbaso Abesbatza Balira (Indonesia) joango da hilaren amaieran, mundu mailako bi lehiaketatan aritzeko: «II. Asia Grand Prix Final» eta «12th Bali International Choir Festival 2023». Dena dela, ez da Errenteriako abesbatzak herrialdea bisitatzen duen lehen aldia, izan ere, 2019an, Bali International Choir Festival irabazi zuen eta, horrela lortu zuen Asia Gran Prixen finalerako txartela, non Asiako Gran Prixeko zirkuituko beste irabazle batzuekin nor baino nor arituko baita.

2023/07/14
Landarbaso

Gaur goizean, Donostiako Aquariumeko prentsa aretoan, Goizane Álvarez Kulturako diputatuak eta Iñaki Tolaretxipi Landarbaso Abesbatzako zuzendariak xehetasunak eman dituzte Balin (Indonesia) egingo den Asiako lehiaketa ospetsuari buruz. Prentsaurrekoan Isaac Palencia, Gazteriako zuznedaria, Josemi Zabala Landarbaso Abesbatzako presidentea, eta Maddalen Dorronsoro ahots teknikako irakasle eta prestakuntza-taldeetako zuzendariak ere parte hartu dute.

Erronka handia da, abesbatza Filipinetako, Indonesiako, Taiwango eta Malasiako talde handien aurka arituko baita. Lehenengo saria lortuko balu, kontinente arteko Grand Prix bat irabazten duen historiako lehen euskal abesbatza izango litzateke, eta horrek eragin izugarria izango luke, bai taldearen ospean, eta baita euskal musika eta kulturaren hedapenean ere.

Landarbaso Abesbatzak, Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean, 38 abeslari izango ditu, eta maila goren-goreneko programa bat prestatu du, hainbat garai eta musika estilo biltzen dituena. Gure folklorean famatuak diren harribitxi batzuk barne hartzen ditu, hala nola Jesus Guridiren "Akerra Ikusi Degu" abestia,  eta euskarazko beste lan modernoago batzuk, esaterako, Javier Busto Hondarribiko konpositorearen "Ametsetan". Lehenengo saria lortzeko apustu handienetako bat, zalantzarik gabe, "Atsalums" da, Jekabs Jancevskis konpositore letoniar gazteak idatzitako pieza, benetan miresgarria musika-konposizioak duen konplexutasunagatik eta hori abesteko behar den ahots gaitasunagatik.

Goizane Álvarez Kulturako diputatuak adierazi duenez, “Kulturak eta musikak lehen mailako ekarpena egiten diote Gipuzkoaren nazioarteko proiekzioari eta irudiari ”

Asia Gran Prixeko finala uztailaren 25ean izango da, 13:30ean, 2019an inauguratu zen Baliko Balai Budaya "Giri nata Mandala" delakoan. Landarbaso Abesbatzarekin batera, beste zenbait abesbatzek hartuko dute parte finalean: Filipinetako Bosco Makati-Boscorale eta Far Eastern University abesbatzek, Indonesiako PSM "Swara Wadhana" abesbatzak, Taiwango Tamkang Fluxingers delakoak eta Malaysiako Men 's Chorus izenekoak.  

Indonesia Choir Festival jaialdiari dagokionez, 14 herrialdetako 4.000 abeslarik parte hartzea espero da eta Landarbaso Abesbatza hiru kategoriatan lehiatuko da: folklorea, abesbatza mistoak eta erlijio musika. Azken horretan, hain zuzen ere, abesbatzak  Lorenzo Donatiren "Sicut Cervus" interpretatuko du berriro, lau ahotsetan. Lan horrekin sari nagusia lortu zuen iaz Proventzako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan. Errepertorio horretaz doan gozatu ahal izango da datorren igandean, uztailaren 16an, Errenteriako Maddalen basilikan, 20:00etan.

  

2582