Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Langile eta enpresei zuzendutako berdintasun ikastaro pilotua

Langile eta enpresei zuzendutako berdintasun ikastaro pilotua

Hastapen esperimentala eman zaio Errenterian eta Bergaran antolatu den formazioari, lurraldeko enpresa nabarmenen partaidetzarekin

2018/11/14

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza eta Enplegu eta Gizarte Politiken Sailekin batera, aktiboan dauden langileei eta enpresei zuzendu zaien berdintasunerako formazio eskaintza berria jarri du abian, era esperimentalean. Jakitun deritzon planaren baitan, lehen proba pilotuari ekin diote hilabete honetan Errenteriako Don Bosco eta Bergarako Migel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuetan, 24 enpresatako 35 partaiderekin.

            Izena emandako erakundeak Gipuzkoako enpresa ehunaren ordezkari esanguratsuak dira eta, azpimarratzekoa da, horietatik 10, ia erdia, Gipuzkoako Foru Aldundiak irailean aurkeztu zuen kontziliazio erantzunkidearen aldeko Erantzunkide enpresa sarearen kide ere badirela, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan.

            Erantzun horrekin pozik, "eskaintzaren espektatibak gainditu" egin direla azaldu du Miren Elgarresta foru zuzendariak, eta proposamenak enpresetan piztu duen interesa ikusita eta enpresa horien ezaugarri askotarikoak kontuan izanda, arrakastatzat jo du deialdia. "Berriz ere jarri da agerian berdintasun eta kontziliazio gaietan gure lurraldeko enpresek duten interes eta ardura geroz eta handiagoa dela", esan du Elgarrestak, enpresen jarrera txalotuz. Bergarako ikastaroa azaroaren 7an hasi zen eta Errenteriakoari hilaren 21ean ekingo diote. "Zalantzarik gabe, ezagutza da eraldaketarako eta berrikuntzarako tresna eta ikastaro honekin, enpresetara bereziki enfokatutako prestakuntza espezifiko bat jarri nahi da martxan", esan du Elgarrestak.

            Aldundiaren Berdintasunerako Organoak eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako sailarekin batera landu du ikastaro hau eta Landibe-Euskal Enplegu  Zerbitzuaren Hobetuz programaren baitan kokatzen da, "erakundeen arteko elkarlan zabal baten emaitza gisa", Elgarrestak azpimarratu nahi izan duenez. Honela, Miren Elgarresta, Berdintasunerako Organoaren foru zuzendariarekin batera, prentsaurrekoan azalpenak eman dituzte Juan Ibarretxek, Lanbideren Enplegurako Prestakuntzako zuzendariak, eta Rikardo Lamadridek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, hurrenez hurren.

 

Enpresak, eraldaketaren traktore

Lanbide zerbitzuaren ordezkari Juan Ibarretxek, bere aldetik, erakunde publikoen konpromisoa azpimarratu du, esanez, "eginbeharra" dela "emakumeen subordinazioa mantentzen duten balioak aldarazteko bultzada ematea". Enpresek berdintasun gaiekiko erakutsi duten interesa oso garrantzitsutzat jo du Ibarretxek, "berdintasun formazioak talentuarekiko, berrikuntzarako eta eskubideekiko apustua suposatzen baitu."

            Rikardo Lamadridek Lanbide Heziketako ikasketetan gaur egun dagoen segregazioan jarri du azpimarra. Hezkuntza Sailaren ordezkariaren arabera, “neskak Lanbide Heziketara eta batez ere ziklo industrialetara erakartzeko egiten ari garen ahaleginean, esperientzia pilotu hau bultzada garrantzitsua izan daiteke bide hori leuntzeko; hau da, enpresak eurak eta langileak berdintasun gaietan prestatuta egoteak, neskak ziklo industrialetara erakartzeko atea irekitzea esan nahi du”.

            Eduki aldetik hiru izango dira zutabeak, launa orduko bost saiotan banatuta: gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko oinarrizko kontzeptuak, enpleguan eta alor ekonomikoan berdintasuna sustatzeko aukerak eta berdintasuna eta emakumeen aukako indarkeria matxista. Hain zuen, azken bi eduki horiek Berdintasunerako Organoaren ildo estrategikoetan kokatzen dira.

            Lehen esperientzia formatibo honetan parte hartuko duten enpresen profilari dagokionez, Debagoieneko eta Donostialdeko enpresa nabarmenenetako batzuek parte hartzea lortu da. Hala, Bergaran Fagor Elektronika, LKS Ingeniaritza, Matz Erreka, ULMA ala PESA bezalako enpresen ordezkariek jasoko dute formazioa, besteak beste. Errenteriako kasuan, Katealegaia, Matia Fundazioa, Ikusi Velatia, Angulas Aginaga ala Askora Plus bezalako enpresek hartu dute parte. 

 

Lurraldeko formakuntza eskaintza bateratua

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoak Jakitun programaren baitan, lurraldean berdintasunaren esparruan eskaintzen den prestakuntza sendotu eta koordinatu du, eskaintza egituratu, kudeatu eta eraginkorra lortzeko helburuz. Izan ere, jada existitzen den formakuntza eskaintza zabal eta askotarikoa da gaur egun, hala gizarte eragileek nola erakundeek sustatutakoak (emakume elkarteak, mugimendu feministak, udalek eta mankomunitateek, esate baterako). Eskaintza handi honen parte handi bat Aldundiak finantzatzen du diru-laguntzen bitartez. Aniztasun honen aurrean, egituraketa eta planifikazio beharra sumatu zuen Aldundiak. 2016an eta diagnosiari heldu eta plana diseinatuta, Jakitun programa martxan du Aldundiak orain, lau ildotan banatuta: Aldundiko langileentzako formazioa, udal eta mankomunitate mailako formazioan hobekuntza, langileentzako etengabeko prestakuntzaren baitako integrazioa eta emakumeen ahalduntzerako oinarrizko itinerario formatiboa, udazken honetan Urola Garaiko Emakumeen etxean (sortze prozesuan aurkitzen dena) eta Donostiako Emakumeen etxean era esperimentalean gauzatzen ari dena.

  

1636