Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Larunbatean erabakiko da Gipuzkoako Foru Aldundiaren XV. Sagardo Lehiaketako irabazlea

Larunbatean erabakiko da Gipuzkoako Foru Aldundiaren XV. Sagardo Lehiaketako irabazlea

Aurten, 18 herritako 39 sagardogilek hartu dute parte, inoiz baina gehiagok

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sagardo Lehiaketaren 15. edizioaren finala, larunbat honetan izango da eguerdiko 12:00tan, Donostiako Gastronomiazko Euskal Anaiartean. Aurten, Gipuzkoako hemezortzi udalerritako hogeita hemeretzi sagardotegik eman dute izena, inoizko parte-hartzerik handiena. Lehiaketa honek bi helburu nagusi ditu: ekoizpen prozesuan sagardogileak egin duen lanaren balioa nabarmentzea eta botilaratutako sagardoaren kalitatea saritzea, bai ikuspegi organoleptikotik bai analitikotik aztertuta.

Lehiaketako parte-hartzaileen sagardotegietako kupeletatik edo barriketatik hartu dira laginak eta horiek Fraisoroko laborategian aztertu dira. Aurtengo sagardoetan 15 parametro neurtu dira, baina analitika fasean lau bakarrik hartu dira kontuan: azidotasun lurrunkorra, azukrerik gabeko guztirako estraktu lehorra, metanola eta glukosa-fruktosa. Sagardotegi bakoitzak aukeratzen du zein upeletatik hartu behar den sagardoa eta bakoitzetik hamahiruna botila hartu ziren. Apirilean jaso ziren botila horietatik bina Aldundiko Fraisoro laborategira bidali ziren aztertzera. Etiketa berdinak jartzen zaizkie botila horiei dastatze fasean identifikatuak izan ez daitezen. Sailkapenerako dastatzeak maiatzean egin ziren Fraisoron, eta larunbateko finalerako sei sagardotegi hautatu ditu epaimahaiak:

Adunako ABURUZA sagardotegia.
Hernaniko AKARREGI sagardotegia.
Astigarragako ALORRENEA sagardotegia.
Hernaniko ALTZUETA sagardotegia.
Andoaingo GAZTAÑAGA sagardotegia.
Aiako IZETA sagardotegia.

Larunbat honetan egingo den lehiaketaren finalean Gipuzkoako 2016ko sagardo onena zein den erabakiko da. Fraisoroko Dastagunean ikasi eta diplomadun diren dastatzaileek osatutako epaimahaiak aukeratuko du irabazlea.

Aurtengo lehiaketako sagardogile irabazleak 3.000 euro eta txapela eskuratuko ditu. Bigarren sailkatuak 1.500 euro, eta hirugarrenak, berriz, 1.000 euro. Lehen hiru irabazleek eskala ezberdinetara egina dagoen Donostiako Bidarte baserriko “Garralea edo karreto barrika” ezagunaren erreplika bat eskuratuko dute.

  

2292