Lau ikastetxetako nerabeek etorkizuneko erronkei heldu diete
Lau ikastetxetako nerabeek etorkizuneko erronkei heldu diete
Etorkizuna Eraikiz-en garatutako proiektuak aurkeztu dizkiete Imanol Lasa diputatuari eta Donostiako Udalari
‹Gu geu gea› ekimeneko ikasleek beren proiektuak aurkeztu dizkiete Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuari eta Donostiako Udalari Gipuzkoako Foru Aldundian. Proiektu honek helburu du balioen heziketa bat sustatzea, nerabeak ahaldunduz elkarrizketa eta partaidetza gune berrien bidez. Ekimena Etorkizuna Eraikiz-en barruan Gipuzkoa Lab-en deialdian hautatu denetako bat da. Bertan Donostiako lau ikastetxetako DBH3ko ikasleek parte hartu dute: San Ignacio ikastetxea, Niño Jesús de Praga, Lauaizeta eta Antigua-Luberri.
Beraiek hautatu dute landu duten etorkizuneko erronka. San Ignacio ikastetxeak eta Niño Jesús de Pragak ikastetxeak bikotekidearen harreman gehiegizko kontrolaren arazoa aztertu dute; Lauaizetak, gazteek parte hartzeko dituzten aukera urruak; eta Antigua-Luberrik, nerabeentzako aisialdi guneen falta. Proposamen hauek garatu dituzte, hurrenez hurren: bikotekidearen gehiegizko kontroleko egoerak identifikatzeko kanpaina bat; elkarte bat sortzea, ekimenak sustatzeko genero berdintasunean sentsibilizatzeko; eskolan posta-kutxa bat jartzea ikasleek iritzia eman dezaten hezkuntza erakundea hobetzeko; maketa bat diseinatzea eta egitea, non agertzen baita nola izan liteke nerabeentzako aisialdiko espazio bat.
Ikastetxe guztietan tutore batek koordinatu du erronka, eta 10-15 ikaslek osatu dute taldea. Ezinbesteko rol bat izan dute, beraiek mugiarazi baitituzte ikasle guztiak. Erronkaren hautua eta ebazpenen diseinua modu kooperatiboan garatu dira, taldearen sorkuntza eta adimena piztuz eta enpatia, komunikazioa, atsertibitatea eta antzeko konpetentziak landuz. Prozesua, EmanHar elkarteak dinamizatu duena, Unicefek lideratzen duen nerabe partaidetzaren estrategiaren bidez garatu da.
Imanol Lasak proiektuen balioa azpimarratu du eta, bereziki, erabili duten modua, parte-hartzailea. «Mintzagai dugunean gobernantza berria lankidetza aipatzen dugu, elkarrekin sortzea eta berritzea, eta hori da, zehazki, ‹Gu geu gea› ekimenean parte hartu dutenek egin dutena. Pertsona guztiak dira beharrezkoak etorkizuna eraikitzeko. Horra zergatik den garrantzitsua nerabeen ahotsa entzutea; bereziki, eragin eta kezkatzen dituzten gaietan, egoera zailenean dauden nerabeena barne».
Balioen heziketaren garrantzia nabarmendu du, hartara gazteek zenbait trebetasun gara ditzaten: «lidergoa, komunikazioa edo bizitzarako erabakiak hartzea, eta ingurunearekin konpromisoa hartuta parte hartzea eta jardutea». Azkenik, diputatuak nabarmendu du proiektu honek oinarriak jartzen dituela «Gipuzkoako ikastetxeetako nerabeen lankidetzarako eta sorkuntza partekaturako».
1342