Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ezkurreneako eguneko zentroko obrak amaituta, abiada hartu du Legazpi Intergenerazionalak

Ezkurreneako eguneko zentroko obrak amaituta, abiada hartu du Legazpi Intergenerazionalak

Eider Mendoza buru zuen foru ordezkaritzak Urola Garaiko herria bisitatu du, gizarte politikako laborategi aurreratu bilakatu dena

Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta Foruko Aldundiko Bozeramaila, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua, Koldobike Olabide...

Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta Foruko Aldundiko Bozeramaila, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua, Koldobike Olabide Legazpiko alkatea eta Eric Galvez herriko alkateordea.


Eider Mendoza foru bozeramailea buru zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritza batek Legazpira bisita egin du gaur, eta bertan herriak abian dituen proiektu garrantzitsuenetako batzuk bisitatu dituzte. Hauen artean, Legazpi Intergenerazionala, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberri Fundazioak eta Legazpiko Udalak bultzatutako proiektua, Etorkizuna Eraikizen testuinguruan. Helburua belaunaldien arteko elkartrukerako, esperimentaziorako eta lankidetzarako gune ireki bat eratzea da, herri honetako herritarrei irekia. Bisitan, Mendozaz gain, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak, Koldobike Olabide Legazpiko alkateak eta Eric Galvez herriko alkateordeak hartu dute parte.

Horrela, foru erakundeko ordezkariek in situ egiaztatu ahal izan dituzte proiektuaren aurrerapenak. Bellotaren pentsio zaharrean du egoitza ekimenak, Legazpiko Udalak erosi eta Ezkurrenea izena jarri diotena. Azpiegitura horretan amaitu berri dira beheko solairuko obrak. Bertan, mendekotasuna edo mendekotasun arina duten adinekoentzako Eguneko Arreta Zerbitzua egongo da. Hurrengo fasean, Ezkurreneako gainerako solairuetan lanak egingo dira, non tutoretzapeko etxebizitzak eta gazteen emantzipazioa errazteko apartamentuak ezarriko diren. Proiektu honen bidez, Legazpik arreta, babes eta garapen sozialerako eredu berritzaile berri bat ezarri nahi du; egungo politika sozialetatik, nagusiki mendekotasuna duten pertsonetara bideratuak, belaunaldi arteko ikuspegia ardatz duen gizarte politikara trantsizioa ahalbidetzeko.

Eider Mendoza foru bozeramailea ilusioz gainezka agertu da Legazpi Intergenerazionala ekimenaren aurrerapenen aurrean, eta proiektuaren potentziala goraipatu du, ondorioak Gipuzkoa osora zabal daitezkeelako. “Maila globaleko iraultza demografikoaren testuinguruan, Legazpin abian jarritako proiektuaren abiapuntua biztanleriaren zahartzeak dakarren erronkari erantzuteko asmoa da, eta, aldi berean, lankidetza, erantzunkidetasuna eta elkartasuna bezalako balioak indartzen ditu”, nabarmendu du. Mendozak esperimentazioaren eta lankidetzaren garrantzian jarri du arreta, Etorkizuna Eraikizen ezaugarri nagusietako bi baitira, “eta Legazpi Intergenerazionala asmatzen ari da elementu hauei ahalik eta probetxurik gehiena ateratzen”.

Foru bozeramaileak azpimarratu duenez, Legazpiko biztanleen % 26,9k 65 urte baino gehiago dituzte, lurraldeko bigarren kopururik altuena, eta udalerriko Udala errealitate horren aurrean izaten ari den jarrera nabarmendu du. “Sarean lan eginez, erakundeok egoera hau aukera bihurtu nahi dugu”, adierazi du. Belaunaldien arteko espazioak nazioarteko joera bat dira, eta aldi berean familia bereko elementu guztiak asetzeko gai izan behar dute, gazteenetatik hasi eta zaharrenetaraino. “Proiektu garrantzitsua da gure lurraldearen etorkizunerako, eta interes eta arreta handiz jarraituko dugu”, nabarmendu du Mendozak.

Bestalde, Koldobike Olabide alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz estrategiaren esparruan eta, zehazki, Legazpik parte hartzen duen Udal Etorkizuna Eraikiz programan praktikan jarri duen gobernantza ireki eta elkarlanekoaren garrantzia azpimarratu du. “Politika egiteko beste modu batez ari gara, Aldundiaren eta udalen arteko komunikazio eta lankidetza modu berriekin. Legazpi Gipuzkoako bigarren udalerri zahartuena da, eta horrek esan nahi du oso ondo bizi garela, baina biztanleriaren zahartzea etorkizuneko erronka bat da, eta erantzun posibleak jasoz ekin behar diogu, Legazpiko herritarrekin batera”, adierazi du.

Horrela, sakondu duenaren arabera, aipatu erronkari erantzutea da, hain zuzen ere, Legazpi Intergenerazionalaren bitartez egiten ari dena. Aldundiak diruz lagundutako proiektu horrek Adinberri, Eusko Ikaskuntza edota ISEA SCoop erakundeen laguntza ere badu, eta Mondragon Unibertsitateko Diseinu Estrategikoko Masterreko ikasleen eta UPV/EHUko ID-Arte Diseinuko Goi Mailako Eskolako Barne-Diseinuko Graduko ikasleen ikuspegia ere kontutan hartu da. “Gaur Eider Mendoza eta Maite Peña diputatuei Ezkurrenean egin ditugun aurrerapenak erakutsi dizkiegu, baita tutoretzapeko eta gazteentzako apartamentuak eraikitzeko proiektua ere. Bisita aprobetxatu dugu Foru Aldunditik jasotzen ari garen babesa eskertzeko, eta laguntza eskatzeko belaunaldi arteko ikuspegia duen arreta, babes eta garapen sozialeko eredu berritzaile baten diseinuan”, adierazi du.

Erakunde bisita

Ezkurreneako gune berria ezagutu ondoren, foru ordezkariek herriko Garagunea bisitatu dute, desgaitasun intelektuala duten pertsonei zuzendua. Bertan, begiraleen laguntzarekin, erabiltzaileek egunero hainbat jarduera egiten dituzte. Instalazioak 2011n inauguratu ziren, 14 plaza dituzte, eta Goyeneche Fundazioak kudeatzen ditu. Lurraldeko Garaguneen sarearen barruan kokatzen da, gaur egun 15 zentro dituena. Bisita instituzionala osatzeko, Bellota bisitatu dute foru ordezkariek, sektoreko enpresa nagusietako bat Gipuzkoan. Bellota Herramientas eta Bellota Agrisolutions Legazpin egoitza duten eta Patricio Echeverria Korporazio zaharrean jatorria duten Venanpri Taldeko bi konpainia dira.

  

3720