Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Lehen hildakoa eman da Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

Lehen hildakoa eman da Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

Egoitzetako adineko pertsonen arreta indartzeko erizainen lan poltsa iragarri du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Eider Mendoza foru bozeramaileak “atsekabe handiz” jakinarazi du pasa den astelehenean Covid-19an positibo emandako 91 urteko emakume bat zendu dela Zarauzko Santa Ana egoitzan. Bere osasun egoera “oso hauskorra” zen eta “ezin hobeki” zainduta egon da Zarauzko egoitzako profesionalen aldetik. Koronabirusa dela eta Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan hildako lehen pertsona da, non 5.425 persona artatzen diren guztira. Gaineratu du, azken orduetan emandako positiboak 17 direla, eta guztira 68 kasu daudela adineko pertsonen egoitzetan eta 13 desgaitasuna dutenenetan. Kasu positibo berriak egoitza hauetan eman dira: 14 Iurreamendin (Tolosa), guztira 37 kutsatu daude; pertsona bat gehiago Caser Residencial Betharramen (Hondarribia), lau positibo daude guztira; eta bi Beasaingo Arangoiti egoitzan. Ospitaleratutako pertsonak lau izaten jarraitzen dute eta zazpi eraman dira Gurutze Gorriaren egoitzara, non 12 dauden guztira.

          Bozeramaileak bere laguntza eta elkartasuna eskaini dizkie senitartekoei eta Santa Ana egoitzako langile eta egoiliarrei, baita gaixotasunaren aurka borrokan jarraitzen duten pertsona guztiei, eta hedapena gelditzeko “ezinezkoa egiten ari diren” guztiei ere.

          Bestalde, Eider Mendozak adierazi du Gizarte Politikako Departamentutik egunero mantentzen dela harremana lurraldeko egoitza guztiekin, bai egoiliarren eta langileen osasun egoeraren jarraipena egiteko, baita babeserako materialaren beharra antzemateko ere, horniketaren eskuduntza duen erakundeari helarazteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari. Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldunditik, eta Eusko Jaurlaritzak eskatuta, idatzi bat bidali da lurraldeko egoitza guztietara, EPIen eskaeretarako, Osasun Publikoko sailarekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia eta posta elektronikoa gogoraraziz.

Lan poltsa berria erizainentzat

Egoitzetako adineko pertsonen arreta zerbitzua indartu eta gaur egun bizi dugun Covid-19ak sortutako osasun krisiari aurre egin asmoz, erizainen lan poltsa bat deituko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hala jakinarazi du gaur Eider Mendoza foru bozeramaileak, zeinek azaldu duen bihar bertan argitaratuko dela deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean; lan poltsak “ez du epe mugarik izango”, hau da, instantziak aurkezteko epea irekia egongo da “egoera larri” honek irauten duen bitartean eta izena ematen duten hurrenkeran deituko zaie aurkezten diren pertsonei.

“Aurrekaririk gabeko egoera honen aurrean, foru erakundeak beharrezko diren baliabide guztiak jartzeko konpromisoa hartu du, birusari ahalik eta azkarren aurre hartzeko eta gaitzari aurre egiteko. Covid-19aren aurrean zaurgarrienak diren pertsonen arreta, bereziki adinekoena, etengabe egokitu eta indartzen ari gara egunotan. Egoitzetan sortzen ari diren beharrak artatu eta egokitzeko tresna garrantzitsua eskainiko digu lan poltsa honek.

Bihar bertan eskaerak egiteko aukera zabalduko da https://egoitza.gipuzkoa.eus/es/empleo-publico– webgunean. Beren instantziak aurkeztu ahalko dituzte Erizaintzan gradudunak direnek zein ikasketetako azken kurtsoan daudenek –azken horiek ‘Gradu amaierako lana’ ikasgaian matrikulatuta daudela egiaztatu beharko dute–. Lan poltsa horretan sortzen diren baliabide humanoen kudeaketa Gobernantzako eta Gizarte Politiketako departamentuek egingo dute elkarlanean. Egoitzek egiten dituzten beharrizanak aztertu, direla sare publikokoak, direla erresidentzia kontzertatuak, eta unean unean osatu beharreko lanpostuetara bideratuko dira erizainak.

Aldi berean, adineko pertsonen egoitzetako zaintzaileen alorrean, eskaerak aurkezteko irekita zegoen lan poltsa bat, baina alarma egoerak epe denak eten ondoren hau ere indargabetuta gelditu da. Aldiz, Covid-19 dela eta egoitzetan sor daitezkeen behar berriei erantzuteko lan poltsa horretara jotzea erabaki du Foru Aldundiak, nahiz eta hau behin behinekoa izan. Zaintzaileen lan poltsa berri bat deitzeko beharrik izango balitz, baita ere, deialdia egiteko konpromisoa eta erabakia jakinarazi du Eider Mendoza bozeramaileak.

  

1786