Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Lehiakortasunerako inbertsioak bultzatzeko 81 proiektu lagundu ditu joan den urtean Aldundiak

Lehiakortasunerako inbertsioak bultzatzeko 81 proiektu lagundu ditu joan den urtean Aldundiak

Adimen lehiakorra, dibertsifikazioa, elkarlana eta enpresen errotzea sustatu dira.

2017/01/12
markel olano ekonomi economía aizpuru ternua

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, Ternua Group taldeko egoitza nagusia bisitatu dute gaur Arrasaten. Bertatik bertara ezagutu ahal izan dute enpresa hau berrikuntzaren eta lehiakortasunaren alorrean egiten ari den ahalegina eta apustu berriak, Ternua Group-eko kontseilari delegatua, Jesus Anduaga, eta Santi Lasa, Ternua Groupeko akzioen gehiengoa dituen familiako ordezkariaren eskutik.

“Ekonomiaren susperraldia finkatu eta ekonomiaren joera positiboari eusteko, lurralde gisa Gipuzkoak lehiakortasunaren eta berrikuntzaren aldeko apustu garbia egiten du. Horri esker azken hilabeteotan aurrera egiten ari da gure ekonomia, lanpostu berriak sortuz, gure enpresen lanari eta inbertsioei esker”, adierazi du diputatu nagusiak. Ternua Group  ahalegin horretan “eredu” gisa jo du Olanok, bere “produktuen berrikuntza” eta merkaturatze eredu berriak bultzatuz lortu duelako nazioarteko merkatuetan bide berriak zabaltzea eta proiektu gisa sendotzea.

Ternua Groupen hainbat herrialdetako 175 profesionalek egiten du lan gaur egun, eta aire zabaleko kirol jardueretarako ezaugarri tekniko aurreratuak dituzten jantzi eta osagarriak diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzen dituzte. Gaur egun, 2014an Ternua/Astore eta Lorpen konpainiak integratu zirenetik, Estatu mailan outdoor jardueretan espezializatutako talde handiena da, 30 milioiko fakturazioarekin.

Bere produktuak Europa, Asia eta Amerikako 50 herrialde baino gehiagotan merkaturatzen ditu Ternua Groupek. Fakturazioaren %36 nazioarteko merkatuetan gauzatzen ditu eta portzentaia hori %45ekoa izatea dute helburu 2018rako. Aipagarria da, baita ere, produktuen diseinu eta materialetan “berrikuntza jasangarriaren” alde egiten ari den apustua, bereziki birziklatutako materialak oinarri dituzten jantziak garatuz. Horren lekuko, gainera, enpresak azken urteotan jaso dituen sariak –Enpresa Gipuzkoa 2016 saria eta Municheko ISPO Awards-en errekonozimendua–. 

Lehiakortasunerako babesa

Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresen lehiakortasuna bultzatzeko 2016an martxan jarritako deialdiari esker, Ternuak konpainiaren digitalizazioa garatzeko aukera izan du, dimentsio berriak eta nazioarteko presentziak jarritako desafioei aurre egin ahal izateko. Bestetik, dibertsifikazioan sakondu eta produktu lerro berri bat sortzeko aukera izan du Ternuak. Hain zuzen ere, material birziklatu eta birziklagarrietan oinarritutako osagarri berriak –motxilak– diseinatu eta merkaturatuko ditu enpresa arrasatearrak, laguntza lerro honi esker.

Lehiakortasunerako inbertsioak bultzatzeko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentuak 2016an egindako deialdiak orotara 81 proiektu berritzaile lagundu ditu joan den urtean eta guztira 1.920.200 euroko laguntza bideratu da adimen lehiakorra, dibertsifikazioa, elkarlana eta enpresen errotzea sustatzeko martxan jarritako laguntza-lerroetara.

Zehatzago azalduta, lurraldeko 28 enpresek adimen lehiakorra beren kudeaketa sistemetan integratzeko proiektuak martxan jarri dituzte, 17 enpresek beren produktu eta aktibitatearen dibertsifikazioan aurrerapausoak eman dituzte; 21 enpresek haien sustraitzean sakondu ahal izan dute, enpresa transmisioa ahalbidetzeko tresnak eta esparruak bultzatuz; eta beste 15 entitatek beste enpresekin lankidetza proiektu berriak sortu dituzte, proiektu jakin batzuk eta enpresa aukera berriak garatzeko dimentsio egokia lortu asmoz.  

  

1462