Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Leintz-Gatzagan elkartu da gaur Diputatuen Kontseilua eta aurrerantzean aldizkako bilkurak egingo ditu Gipuzkoako udalerrietan

Leintz-Gatzagan elkartu da gaur Diputatuen Kontseilua eta aurrerantzean aldizkako bilkurak egingo ditu Gipuzkoako udalerrietan

Eider Mendoza diputatu nagusia Dorleta Elkorobarrutia alkatearekin batzartu da, herriko proiektu eta desafio nagusien berri izan eta partekatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundia

Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak aldizkako bilkura ibiltariak egingo ditu aurrerantzean Gipuzkoako udalerrietan barrena eta Leintz-Gatzagan egin du lehenbizikoa gaurkoan. Astearte goizero egin ohi duen bilkura horretan hartzen dira foru gobernuak lurralde osora begira hartutako proiektu, esleipen eta erabaki nagusiak. Eider Mendoza buru dutela, Gatzaren museoan elkartu dira gaur goizean foru diputatuak eta bide azpiegiturei, gizarte politikei eta ingurumenari lotutako hainbat neurri hartu dituzte.

Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Kontseilu ibiltariak egiteko erabakiaren “garrantzia eta esanahia” azpimarratu nahi izan du. “Legealdi honetan, Aldundian ezarritako lankidetzazko gobernantza ereduaren esparruan, ahalegin berezia egiten ari gara lurraldeko udalerrien desafio, behar eta proposamenak gertutik ezagutzeko. Gaur hasten dugun ekimen honek, hain zuzen ere, horretarako aukera ematen digu, batetik, eta foru gobernuaren beraren jarduna herritarrengana gerturatzeko parada eskaintzen digu, bestetik”, adierazi du.

Gainera, lehenbiziko Kontseilu ibiltaria herri txiki batean eta “bereziki” Leintz-Gatzagan egin nahi izan dutela nabarmendu du Mendozak. “Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatzea da Foru Aldundiaren lehentasun nagusia. Helburu horretan aurrera egiteko ezinbestekoa dugu, baita ere, herri txikien egoerari eta bertako biztanleen ongizateari erreparatzea. Gure lurraldeari eta, oro har, Euskal Herriari egiten dioten ekarpena funtsezkoa delako lurralde orekaren, ingurumenaren, ekonomiaren eta hizkuntzaren ikuspegitik”, gogoeta egin du diputatu nagusiak. Aldundiaren konpromisoa da udalerri txikien alde egin eta legealdi honetan “urrats berriak eta berritzaileak” ematen jarraitzea, bertako biztanleentzat ere bizi aukerak eta ongizatea bultzatze aldera.

Konpromiso horren lekuko, Mendozak gogoratu du 1.100 biztanle baino gutxiagoko herrien finantzaketa indartzeko Udal Finantzaketako Foru Funtsa (UFFF) egokitzapen bat egingo duela Aldundiak, Eudelekin hala adostu ostean. Leintz-Gatzaga izango da, hain zuzen ere, onuradunetako bat. “Finantzaketaren ikuspegitik azken urteotan udalerri txikienek egindako eskaera horri erantzuten diogu, horrela, beren etorkizunaren alde eginez. Diru banaketa egokiago bat jasoko dutelako aurrerantzean; haien egoera berezituari erantzuteko eta herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua indartzeko balioko die, zalantzarik gabe”, gogoeta egin du.

Hori horrela, Kontseilua egin aurretik bilera egin dute Eider Mendozak eta Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz-Gatzagako alkateak, herriak aurrera begira dituen beharrizanak eta proiektu nagusiak aztertu asmoz. Kontseiluaren ondoren, baita ere, diputatuek Gatz Museoa bisitatu dute, herriaren historia eta bilakaera markatu duen baliabidearen berri izanez.

Arratsaldean, berriz, lan jardunaldia bailaran garatu du Eider Mendoza diputatu nagusiak. Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko ordezkariekin elkartu da eta, ondoren, Aretxabaleta eta Eskoriatzako alkateekin bilera bana izan ditu, tokian tokiko proiektu eta desafioak aztertu asmoz.

  

1903