Aldundiak eta Errenteriako Udalak hitzarmena sinatu dute Lekuona birgaitzeko
Aldundiak eta Errenteriako Udalak hitzarmena sinatu dute Lekuona birgaitzeko
Sorkuntza intelektual, teknologiko, artistiko eta zientifikorako espazio bat sortuko da.
Kultura Departamentuak eta Errenteriako Udalak sinatutako hitzarmenaren bidez, behin betiko zehaztu da Aldundiak Lekuona proiektu partekatuan izango duen parte-hartzea.
Denis Itxasok erakundeen arteko hitzarmenak Errenteriaren eta errenteriarren onurarako duen garrantzia azpimarratu du.
Kulturako diputatu Denis Itxasok eta Errenteriako alkate Julen Mendozak gaur izenpetu dute Errenteriako Udalean Lekuona fabrika zaharra birgaitzeko eta egokitzeko hitzarmen berria. Hitzarmen horren bidez, bi erakundeek 2016ko abenduko protokoloan jaso zuten asmoa gauzatuko da, zeinak aldatzen baitzuen aurreko hitzarmena, 2014koa, Lekuona arte eszenikoen zentro garaikide bihurtzekoa.
Hitzarmen berri honetan alde batera utzi da arte garaikideen zentro bat egitearen jatorrizko ideia, eta, haren ordez, sorkuntza intelektual, teknologiko, artistiko eta zientifikorako asmo handiko espazio bat sortuko da. Ekipamendu berri horrek atal hauek izango ditu: mediateka bat, sorkuntza liburutegi moderno bat, erakusketa areto bat, eta hitzaldi edo topaketetarako eta errenteriarren eta eskualde osoaren beharretara eta interesetara egokiturako beste erabileretarako hainbat espazio. Proiektua joan den otsailean esleitu zuen Udalak, eta, aurreikuspenen arabera, bukatuta egongo da 48 astean, hau da, 2019 hasierarako.
Lekuona proiektuko erabilerak birdefinitzeko prozesua igaro ondoren, bi erakundeek aho batez adierazi dute espazio berriaren sorrera oso berri ona dela errenteriarrentzat, hari esker kultur ekipamendu moderno bat izango baitute, herritarren ohitura berriek eta teknologia berriek sortutako kultur eta sozializazio behar berrietara egokitzen dena.
Horren harira, Kulturako diputatuak esan du Koldo Mitxelena eraberritzeko prozesuan sartuta ere badagoela, eta honako hau gogorarazi du: «Kultur ekipamenduetan inbertsioak egiterakoan, ezin ditugu bazter utzi herritarren ohitura sozial eta kultural berriak eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera berriak». Gipuzkoako kulturaren arduradun nagusiaren iritziz, kultur zentro berriek gizartearen eskaera horri eta emandako funtzio berriei erantzun behar diete. «Gaur egun, kultur zentroen erabiltzaileak ez dira agente pasibo hutsak –adierazi du Itxasok–, eta, kasu askotan, interaktuatzeko eta parte hartzeko nahia dute; kultur zentroak dialogorako eta sorkuntzarako espazio aproposak dira; aukera eta funtzio sozial berrien mailan egon behar dute, herritar askeago eta kritikoagoen zerbitzura».
Bestalde, hitzarmen berriak ezartzen du zein baldintzatan parte hartuko duen Foru Aldundiak proiektuan. Kulturako Departamentuak 2.436.963 euroko ekarpena egingo dio proiektu berriari; zenbateko hori aurreko hitzarmenaren barruan ordaindu zen, eta proiektu berria garatzera bideratuko da orain. Hori horrela, Foru Aldundiko bigarrena pozik agertu da hitzarmena sinatu dutelako, eta adierazi du «zalantzarik gabe Lekuona berria Gipuzkoako kultur baliabideen mapan erreferentziazko kultur ekipamendu» izango dela. Lehen diputatu nagusiordearen arabera, «Errenteriako eta eskualde osoko bizitza kulturala sustatu eta ahalbidetuko duen kulturaren arloko erreferentzia zentroa» izango da.
Bestalde, Julen Mendoza Errenteriako alkateak Errenteriako Plan Estrategikoa 2025 izeneko agirian ezarritako jarduketa lerroen barruan sartu du proiektu hau; agiri hori 2012an idatzi zen eta, bertan, «kultura eta sormena ardatz berritzat jotzen dira gure herriaren garapena sustatzeko. Lekuona Fabrika, beraz, kultur ekipamendu hutsa baino zerbait gehiago izango da».
Mendozak adierazi duenez, ekipamendu berriak 4.228 m2 izango ditu, eta hau erantsi du: «proiektu berri hau diziplina anitzeko talde batek diseinatu du, eta talde horretan daude udal honetako teknikariak, arkitektura bulego bateko kideak, eta kultura alorreko hainbat profesional. Aldi berean, kultura munduko eragile eta pertsona ezberdinekin kontrastatu da, eta sorkuntza eta sormena ardatz nagusi izango ditu, joera berriei lotuta».
«Joera berri horiei erantzuteko» jarraitu du esanez «behe solairuan egongo den elkartrukerako, sozializaziorako eta erakusketarako gune zehatz bat definitu dugu. Horren ondoan, behe solairuan ere, areto nagusia egongo da. Areto horrek auditorio gisa funtzionatuko du, eta 691 lagunentzako lekua izango du eserita eta 2.196 zutik. Areto horren ezaugarri nagusia bere malgutasuna da eta horrek berezia egingo du.
Lehen solairuan kokatuko da da esperimentaziorako eta jolaserako espazioa. Hiru gune nagusi izango ditu: haurrentzako areto bat; espazio garden bat, une bakoitzean, beharren arabera, gortina bereizle, malgu eta doigarrien bidez konpartimenduetan zatitu ahal izango dena; eta hirugarren areto bat, administrazio bulegoetarako erabiliko dena.
Mendozak ekipamenduaren deskribapena amaitu du azterketarako eta ikerketarako gunearen aipamena eginez: «Bigarren solairuan kokatuta egongo den espazio honek bi areto handi izango ditu: bat, liburutegi klasikoaren antzekoa izango da, talde-lanak egiteko guneekin; eta, bestea, areto handi eta malgu bat izango da, ikertzeko eta ikasteko konfigurazio anizkoitzak izango dituena».
1941