Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Arrikrutzeko lehoia San Telmo Museoan ikusi ahal izango da otsailaren 10era arte

Arrikrutzeko lehoia San Telmo Museoan ikusi ahal izango da otsailaren 10era arte

Erakusketako pieza nagusia Arrikrutzeko koban (Oñati) berreskuratutako haitzuloetako lehoiaren hezurdura da

2018/11/14

Erakusketako pieza nagusia Arrikrutzeko koban (Oñati) berreskuratutako haitzuloetako lehoiaren hezurdura da, iberiar penintsulako osoena, eta animalia horiek eta beren garaia, Pleistozenoa, ezagutzeko aukera eskaintzen du. Asier Gómez da komisarioa.

Juan Luis Arsuagaren hitzaldia, bisita gidatu bereziak eta familientzako eta haurrentzako tailerrak antolatu ditu museoak erakusketarekin lotuta Arrikrutzeko lehoia erakusketa azaroaren 15etik 2019ko otsailaren 10era arte bisitatu ahal izango da San Telmo Museoan. Arrikrutzeko koban aurkitutako lehoiaren hezurdura abiapuntu hartuta, espezie haren  ezaugarrietan eta hura bizi izan zen garaian, Pleistozenoan, sakontzen du erakusketak.
Erakusketaren komisarioa Asier Gómez da, paleontologoa eta giza paleontologian aditua. Ikerbasqueko ikertzailea da UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Sailan. Gainera, Atapuerca aztarnategiko ikertzailea da 2002tik.

Arrikrutzeko lehoia San Telmo Museoak, Gordailuak (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) eta Museo de la Evolución Humanak (Burgos) antolatu dute elkarlanean eta Burgoseko museoan egon da Donostiara etorri aurretik.

Erakusketa 16 piezaz osatua dago; erakusketari izena ematen dion haitzuloetako lehoiaren hezurduraz gain, badaude fosil originalak, erreplikak eta labar artearen irudiak. Gainera, ikus-entzunezko bat ere badago erakusketan, lehoiaren aurkikuntzaren ingurukoa.

Haitzuloetako lehoiaren animalia garaikideak hobeto ezagutzeko aukera da erakusketa hau, izan ere, besteak beste, garaiko hienen, lehoinabarren, leizetako hartzen eta kuon baten aztarnak ere jasotzen ditu. Objektuen artean azpimarragarriak dira, originalak direlako eta osorik daudelako, Askondon (Mañaria, Bizkaian) topatutako leizetako hartz baten garezur handi bat; Obarretan (Bizkaian) topatutako kuoi (asiar txakur basatia deitua ere) baten garezur osoa (iberiar penintsulan topatu den hezurdura oso bakarrari dagokiona); Allekoaitzen (Gipuzkoan) topatutako lehoinabar baten garezur osoa 30 mila urte baino gehiago duena; Pinilla del Valle-n (Madril) topatutako hiena baten garezur osoa, eta Labeko koban (Arrasaten)
topatutako hiena kume baten baraila.

  

3000