Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro XVI edo XVII. mendeko zilarrezko lingotea aurkitu da Getariako uretan

XVI edo XVII. mendeko zilarrezko lingotea aurkitu da Getariako uretan

XVI edo XVII. kontrabandoaren fruitua da

2018/10/26

Zortzi kilokoa da, eta seguruenik jatorri amerikarrekoa eta garaiko kontrabandoaren fruitua.

Getarian lingote hori agertzeak lotura izango du, seguru asko, herri honetako zenbait leinuk zilarraren ekoizpenean eta erauzketan izan zuten esku hartze aktiboarekin.

Itxaso: «Aurkikuntza arkeologiko garrantzitsu hau Gipuzkoan azken urteotan izaten ari diren beste askori gehitzen zaie, eta gure historia eta iragana pixka bat gehiago ezagutzeko aukera ematen digu. Aldundiak neurri egokiak hartu ditu, espoliaziorik gerta ez dadin eta eremua babestu ahal izateko».

Joan den irailean, Getariako badiaren hondoan, forma hemiesferikoa duen zilarrezko lingote bat aurkitu zuen, ezustean, Real Sociedad de Fútbol sozietateko urpeko jardueretako ataleko Borja Inza urpekariak, urpeko argazkiak egiten zituen bitartean.

Gune horretako ohiko urpekaria da Inza, eta berak bezala beste askok ere aprobetxatzen dituzte Getariako itsas hondoetan sartzeko aukerak. Izan ere, zuzenean sar daitezke arrapala eta kaiaren eskaileretatik edo hondartzatik bertatik, urperatze punturaino eramango dien itsasontzi baten beharrik gabe. Kirol eta jolas arteko jarduera da Inzak egiten duena. Gozatu egiten du hareazko bankuen eta arrainen artean, olagarro, alga eta itsas anemonen argazkiak ateraz. Alderdi arkeologikoa ere interesatzen zaio eta, beraz, lingotea identifikatzeko gai izan zen eta bazekien zer egin behar zen harekin.

Aurkikuntzaren berri eman zien berehala agintariei (Ertzantza), eta horiek Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi zioten; ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Gordailua, Gipuzkoako Ondore Bildumen Zentroaren eskura jarri zen lingotea. Gai horri dagokionez legeria oso zehatza da, eta argi ezartzen du zer egin behar den «ezusteko aurkikuntzekin»; aurkitutako lingotea kategoria horren barruan sartzen da. 

Lingoteak zortzi kilo ditu, eta, seguruenik, jatorri amerikarrekoa eta garaiko kontrabandoaren fruitua da (XVI edo XVII. mendea).  Beste aurkikuntza eta ontzi-aztar batzuetan, batez ere XVII. mendekoetan, dokumentatutako tipologia du. Ez du eskubide errealak edo zergak ordaindu ondoren aplikatzen zitzaien marka edo zigilurik.

«Horrek kontrabandoko zilarrezko lingotea dela frogatzen du. Zilarraren kontrabandoa ohiko praktika izan zen XVI eta XVIII. mendeen artean, eta Ameriketatik iruzur eginez ateratzen zen zilar kantitatea modu legalean ateratzen zena baino askoz handiagoa zela uste da.  Getarian lingote hori agertzeak lotura izango du, seguru asko, herri honetako zenbait leinuk  zilarraren ekoizpenean eta erauzketan izan zuten esku hartze aktiboarekin.  Dokumentazioaren arabera, Ameriketatik zilar sortak bidali zitzaizkien Getariako senideei, legez edo legez kanpo», azaldu du Xabier Alberdik, Untzi Museoko historialariak.

«Aurkikuntza arkeologiko garrantzitsu hau, kasu honetan ezustekoa, Gipuzkoan azken urteotan izaten ari diren beste askori gehitzen zaie, eta gure historia pixka bat gehiago ezagutzeko aukera ematen digu», esan du Denis Itxasok, eta erantsi du Foru Aldundiak berehala hartu zituela neurriak espoliaziorik gerta ez dadin eta eremua babesteko. Ekintza hauek burutu dira:

  • Lingotea Gordailuan gordetzea eskatu da.
  • Gunearen zaintza zuhurra eskatu zaio Ertzantzako zuzendariari.
  • Gune horretan, metalak detektatzeko gailuen bidezko itsaspeko prospekzio profesionala kontratatu da, lingote gehiago ote dauden jakiteko eta, egonez gero, uretatik ateratzeko.

Prospekzio  horrek ez du fruiturik eman, eta badiako eremu arkeologikoaren babesa eskatu zaio Eusko Jaurlaritzari, kontuan hartuta toki horretan izandako aurkikuntza garrantzitsuak (Iturritxikiko ontzi-aztarna, lingotea, etab.).

Aztarnategiaren ezaugarri batzuk:

Getariako badian joan zen mendearen laurogei garren hamarkadaren bukaeran hasi ziren ikerketa arkeologikoak burutzen. Iturritxiki izeneko aztarnategian, adibidez, 1988an itsas azalean kobre-lingote dozena bat aurkitu zen. Ondorengo urteetan lingote gehiago, harrizko aingura triangularra eta gerrian metalezko uztaiak zituen ontzi baten masta luzea atera ziren. Lan hauek Aranzadi Zientzia Elkarteko Ana Benito arkeologoaren zuzendaritzapean egin ziren. Hau dena zela eta 1991an indusketa arkeologiko zabalagoak egitea erabaki zuten; harrez gero ekinaldiak urtero egin ziren 2001 urtea bete arte.

Jasotako informazio guzti horrekin Benitoren  ustez Iturritxikiko itsaspeko eremua 3 gune arkeologikoetan posible da banatzea:

gunea. Garrantzitsuena eta indusketa kanpainek helburu izan dutena: XV. eta XVI. mendeen artean hondoa jo zuen ontzi baten zama. Merkataritza-ontzi bat zen eta lehengaiak zeramatzan, kobrezko lingoteak eta kobretik deribatutako gai manufakturatuak, pertzak eta kobrezko beste produktu batzuk, latoizko uztaiak, buru-orratzak, titareak, eta abar.

gunea. Hondakin bakarrak, Getariko badiako eremu zabal batean azaleran aurkitu ziren gehienak: brontzezko kanoi puska bat, kanoi-balak, eta abar, 1638. urtean Lope de Hoces-en guda-ontzitaldearen eta Frantziako armadaren artean izandako guduan erabiliko ziren material horiek.
Gunea. Beste ontzi baten zama, Gipuzkoako burdinolen batean egingo ziren burdinazko piezak garraiatzen zituen ontzi horrek. Kasu honetan, txikiagoa izango zen, zabra, pinaza edo patatx modelokoa, teorian bederen alde honetako burdinola ugarietako batetik zetorrena eta portura iritsi baino lehen hondoa joko zuena. Gutxi gora-behera 1,50 m luze eta sekzio karratuko barra multzo batek, burdinoletan landua, osatzen du karga.

Jasotako materialen bilduma ia 4.000 aleetara iristen da: kobrezko lingoteak, pertzak, buru orratzak, kanoiak, bonbarda errekamarak, kanoi balak, titarak, itsas konpasa, txanpona eta guztiz osatua baitago.   

Getaria badiako itsaspeko aztarnategi arkeologiko honen ezaugarri garrantzitsuenetako bat, beste itsaspeko aztarnategietan gertatzen den moduan, ekaitzen eragina da; ekaitzen indarrak hondar-aldeen gorabehera nabarmenak sortzen ditu; aztarnategiko alde handi bat estali dezakete, hareazko geruza lodia utziaz; baina, batzuetan kontrakoa eragiten dute, hots, agerian uzten dituzte aztarnategiko alde handiak. Azkeneko egoera honek zilarrezko lingote bat utzi zuen agerian eta aurtengo irailean bertan askotan ibiltzen den buzo batek topatu, atera eta Foru Aldundiaren eskuetan utzi zuen.

  

2285