Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Lurraldebusek Donostia eta Bilboko Aeropurtua lotuko ditu ordu erdian behin

Lurraldebusek Donostia eta Bilboko Aeropurtua lotuko ditu ordu erdian behin

Uztailaren 1etik aurrera, larunbata, Lurraldebusek Bilboko aireportura duen zerbitzua zabaldu egingo du Donostiaren eta Loiuko aireportuaren artean, ordu erdian behin autobusak jarrita.

2017/06/22

Uztailaren 1etik aurrera, larunbata, Lurraldebusek Bilboko aireportura duen zerbitzua zabaldu egingo du Donostiaren eta Loiuko aireportuaren artean, ordu erdian behin autobusak jarrita. Horrela, urtean zehar dauden maiztasunak bikoiztu egiten dira, zerbitzu hori lanagatik eta oporrengatik bereziki uda-garaian erabiltzen dutenen premiak asetzeko. Dagoeneko erreserba daitezke txartelak Pesarekin harremanetan jarrita.

 

Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko foru-diputatu Marisol Garmendia sozialistak zerbitzu berri horren premia azpimarratu du. “Uda opor-garaia da eta pertsona askok baliatzen du Bilboko aireportutik bidaiatzeko. Donostiaren eta Loiuko aireportuaren artean autobus-eskaintza on bat izatea herritarrei garraio publikoko zerbitzu eraginkor bat bermatzeko apustua da, eta ibilgailu pribatua ordezteko aukera bat, askok erabiltzen dutena aukera hoberik ez izateagatik. Orain badute aukera eroso eta kalitatekoa, ordutegi zabalagoak, beren premiei egokituak dituena. Horrixe erantzun nahi diogu udako zerbitzu honekin”.

Urtean zehar, Lurraldebusek autobus bat du Bilboko aireportura, orduan behin. Uztailean eta abuztuan, zerbitzua ordu erdian behin izango da bi noranzkoetan. Autobusak ordu erdian behin izango dira Donostiako geltokitik 04.30 eta 21.30 artean. Loiuko aireportutik ere irteerak ordu erdian behin izango dira 06.15etik 23.45era. Aurrez erositako txartelaren bidez eskaria badago, autobusak geldialdi bat egingo du Zarautzen.

Ordu erdian behingo zerbitzu honek harrera handia izan zuen joan den udan: uztailean % 13,5eko hazkundea izan zuen, eta abuztuan, % 10,4koa.

Garmendiak beste berritasun bat aipatu du linea horren erabiltzaileentzat. “Bilboko aireportuko terminalean makina txartel-banatzaile bat instalatu dugu, txartela banku-txartelaren bidez erosteko, erabiltzailearentzat erosoagoa eta azkarragoa izan dadin. Hobekuntza garrantzitsua da; izan ere, orain arte autobusaren gidariari zuzenean erosten zitzaion.Hortaz, makina txartel-banatzaileak ibilgailuan sartzea azkartuko du”.

 

PANELAK DONOSTIAKO GELTOKIAN

 

Gipuzkoako autobusen hiriarteko garraio-lineei buruzko informazio orokorra hobetzeko, Lurraldebusek, lehen aldiz, informazio-panelak jarri ditu Donostiako autobus-geltokian, bere autobusek estaltzen dituzten linea nagusien mapa batekin.

“Gipuzkoara autobusez iristen diren bisitariei eta turistei bereziki jakinarazi nahi diegu zer aukera eskaintzen ditugun Lurraldebusetik Gipuzkoako lurralde osoa bisitatzeko. Autobus-geltokira hurbiltzen edo iristen direnek, hemendik aurrera, jakingo duteZumaiara, Getariara, Azpeitira, Zumarragara edo Oñatira joateko, adibidez, garraio publikoko zerbitzua dutela autobusez. 111 autobus-linea ditugu lurralde osoan zehar. Hortaz, Gipuzkoa ezagutu nahi duten turista eta pertsona guztiek Lurraldebusen egin dezakete eta ordutegiei eta ibilbideei buruzko informazioa jaso doako 900 300 320 arreta-zerbitzuaren bidez”, adierazi du Marisol Garmendiak.

  

10529