Lurraldebusek hilean 38.600 bidaiari gehiago izan du Debagoienean 2017ko azken hiruhilekoan
Lurraldebusek hilean 38.600 bidaiari gehiago izan du Debagoienean 2017ko azken hiruhilekoan
Joan den urrian jarri zen abian eskualdeko lineen berrantolamendua, eta berriki egokitzapenak egin dira lineen arteko loturak eta aldaketak hobetzeko eta zerbitzu horien erabiltzaileen erosotasuna areagotzeko.
2017ko azken hiruhilekoan, Lurraldebusek hilean 38.600 bidaiari gehiago izan du Debagoienean, 2016ko aldi bereko datuekin alderatuta. Urteko azken hiru hiletan, Lurraldebusek guztira 115.864 bidaiari gehiago izan du eskualdean, aurreko urtean baino % 20 gehiago. Datu adierazgarria da hori, bat baitator Lurraldebusek joan den urrian eskualdean egin duen berrantolamenduarekin.
Eskualdeko alkateekin eta zinegotziekin hainbat bilera egin ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutako soluzioan, lineetako ibilbideak eta maiztasunak sinpleagotu dira eta dagoen mugikortasun-eskarira moldatu dira. Lineen diseinu berrian lehentasunezkotzat jo dira Eskoriatza-Arrasate-Bergara eta Eibar-Bergara-Arrasate ardatzak, eta, hori dela eta, DG10 eta DG11 linea berriak gehitu dira eskari horri erantzuteko. Izan ere, linea horiek hartzen dute eskualdeko mugikortasunaren % 70 baino gehiago. Agerikoa zen eskualde horretako lineak berrantolatu behar zirela, Eskoriatzan gertatzen zenaren moduko egoerak saihesteko. Izatez, Eskoriatzan egunean 200 autobus baino gehiago pasatzen zen. Aldatutako lineek —DG03 eta DG04—, lehen, 2:30 orduko iraupeneko ibilbideak izan zitzaketen, eta, hartara, zaila zen ordutegiak eta maiztasunak betetzea. Aldaketen ondoren, gehienez ordubeteko ibilbideak egiten dituzte. Nolanahi ere, urtarrilean ordutegiak egokitu dira, lineen arteko loturen eta aldaketen efizientzia gehitzeko eta institutuetako, unibertsitateetako eta bestelako ikastetxeetako sarrerak eta irteerak arintzeko, baita inguruko dendariek lana errazago bateragarri egiteko ere.
Berrantolamendu horrek hobekuntza nabaria ekarri du Lurraldebusek eskualdean egiten dituen zerbitzuen puntualtasunean. DG03 linean, batez besteko 35 minutuko atzerapenetik 10 minutuko atzerapenera pasa da, eta, DG04 linean, batez besteko 39 minutuko atzerapenetik 6 minutuko atzerapenera. Gainera, irteera 5 minututik gorako atzerapenez egitea % 60 eta % 64 murriztu da linea horietan. Era berean, ibilbidearen denbora betetzeko garaian, hobekuntza handia egin da, eta ordutegien azken egokitzapenarekin % 65 eta % 72 hobetu da. Oraindik hobetu beharra dagoen arren, datu horiek erakusten digutenez, egindako aldaketek nabarmen areagotu dute lineen efizientzia, eta Debagoienean garraio publikoa optimizatzeko lagungarriak izaten jarraituko dute aldaketek.
Gipuzkoako Foru Aldundiak salatu nahi du EH Bilduk eskualdean antolatutako izena zikintzeko eta desinformatzeko kanpaina. Datuek erakusten dutenez, kanpaina hori ez dator bat errealitatearekin, eta asmo politiko argia duen funtsik gabeko alarmismoa eragin nahi du, besterik gabe. Aldundiak aditzera eman nahi du eskualde horretako alkateek eskatuta egin direla aldaketak eta egin den berrantolamenduak prozesuan parte hartu duten eskualdeko alkate eta zinegotzi guztien babesa duela.
Urtarrilean azken doikuntzak egin ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko Departamentuak espero du Lurraldebusen garraio publikoko zerbitzuak ahalik eta efizientziarik eta erosotasunik handienarekin funtzionatzea Debagoiena eskualdeko hiritarrentzat.
1703