140 korista baino gehiagok kantatuko dute Tolosan Bakearen alde
140 korista baino gehiagok kantatuko dute Tolosan Bakearen alde
Irailaren 17an UNESCOren Nazioarteko Bake Jardunaldia ospatuko da Tolosan, eta Kolonbia, Madril eta Euskal Herritik etorritako lau abesbatzak eta kontinente bakoitzeko hainbat herrialdetako kidek osatutako beste batek parte hartuko dute.
Tolosan ospatuko da UNESCOren XX. Nazioarteko Bake Jardunaldia larunbat honetan, irailak 17. Mundu mailako ospakizuna da, eta arteak eta gazteriak bakea lortzeko duten zeregina azpimarratuko du. Hain zuzen, hiribilduaren ezaugarri kultural nagusienetako bi batuko dira: arte korala eta txotxongiloak.
Horretarako, munduko hainbat tokitako 140 korista baino gehiago bilduko dira, lau abesbatza gonbidatu baitituzte: Cecilia Espinosa Ganbera Abesbatza (Kolonbia), Internacia Esperanto-Koruso (Europako hainbat herrialde), Madrilgo Gazteen Abesbatza (Espainia) eta Euskal Herriko Gazteen Abesbatza (Euskal Herria).
Tolosako Euskal Herria plazan egindako aurkezpenean, lau hitzorduk osatzen duten larunbateko egitaraua azaldu dute ekitaldiaren antolaketan parte hartu duten erakunde guztietako arduradunek: José Antonio Rodriguez Ranz, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoria Historikoaren eta Aniztasunaren sailburuordeak; Ion Gambra Ibarzabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusiak; Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak; eta Juanjo Herrero, Topiceko zuzendarikideak.
Mahai-ingurua Bakearen kulturan erreferente diren gazteekin
Jardunaldiari hasiera emateko, mahai-inguru bat izango da 10:30ean Topic-en, artearen, gazteriaren eta bakearen arteko harremana aztertzeko.
Solasaldia Eva Quiroga UNESCO Etxearen ordezkariak gidatuko du, eta abesbatzetako ordezkari gazteek hartuko dute parte: María Angélica Bueno Cipagauta kolonbiarrak, adiskidetzeari, bakeari, justizia trantsizionalari eta gatazken konponketari buruzko politika publikoko estrategien garapenean aditua; Linda Le Nepveu, Ekonomia eta Nazioarteko Zuzenbidean graduatuak; Amanda Aguirre madrildarrak, nazioarteko harremanetan aditua, eta Espainiako Atzerri Gaietarako Ministeritzan lan egindakoa; Davide Grosso, NGO-UNESCO Liasion Committeeko presidenteak eta Ainhoa Gomez Izagirre tolosarrak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Bake eta Elkarbizitza teknikariak. Ekitaldi berean, bere ponentzia aurkeztuko du Clèment Peretjatko, gatazkan dauden 15 herrialde baino gehiagotan lankidetza artistikoko proiektuetan lan egin duen titiritero eta UNIMA Frantziako kontseilariak.
Kultur martxa koru eta txotxongiloekin
Aldi berean, UNIMA Euskal Herriaren laguntzari esker, Topic-ek haurrentzako paperezko txotxongiloak egiten ikasteko tailerrak eskainiko ditu goizean –11:00etatik 13:00etara Larramendin eta Berazubin–. Bakearen Usoak eraikiko dira, Nestor Basterretxearen obran oinarrituta, ekitaldiaren ikusizko nortasuna sortzeko inspirazio iturri izan dena.
Goizean eraikitako txotxongiloak arratsaldeko Bakearen aldeko Kultur Martxan erabiliko dira, Tolosako Alde Zaharreko kaleetan zehar 16:30etatik aurrera.
Ibilaldiaren buruan, Basterretxearen Bakearen Usoaren txotxongilo erraldoi bat egongo da, Jonan Basterretxea semeak eraikia. Erakundeetako ordezkariek ere parte hartuko dute. Ibilaldian zehar BAKEA letrak eramango dituzte, eta abesbatzak kalez kale zuzenean arituko dira ibilbideko hainbat puntutan.
Abiapuntua Memoriaren Lorategiak izango da –Aranburu Jauregiaren eta Santa Maria elizaren ondoan–, eta bertan kantatuko du Euskal Herriko Gazteen Abesbatzak. Ondoren, Plaza Berrira joango dira, eta koru esperantistaren txanda izango da. Ibilaldia Euskal Herria Plazan amaituko da. Bertan, lehenik, Madrilgo Gazteen Abesbatza eta Cecilia Espinosa Abesbatza arituko dira. Eta, amaitzeko, talde guztiek batera eta disposizio zirkularrean abestuko dute Zatoz! Bakearen obra, Josu Elberdinek konposatua eta egun horretan bertan estreinatuko dena.
Erakundeak martxa honetan parte hartzeko deia egin die herritarrei, munduan indarkeria bertan behera utz dadin eskatzeko.
Kontzertu korala amaitzeko
Gonbidatutako lau abesbatzek kontzertua eskainiko dute iluntzean –20:00etan– Leidorren, jardunaldiari amaiera emateko. Talde bakoitzak ordu laurdeneko egitaraua interpretatuko du, eta ondoren Josu Elberdinen obra abestuko dute elkarrekin, euskal errepertorio koraleko beste abesti ezagun batzuekin batera.
Gonbidapenak, bai mahai-ingururako bai kontzerturako, doan eska daitezke, bakea.eus webgunean.
Bakearen Nazioarteko Jardunaldiari buruz
Bakearen Nazioarteko Jardunaldia urtero antolatzen du, irailaren 21eko Bakearen Nazioarteko Egunaren harira, ofizialki Liaison NGO-UNESCOren Batzordearekin lotura duten GKE talde batek, eta bakearen eta bizikidetzaren arloko hezkuntza eta sentsibilizazio publikoa ditu helburu. Bada, Tolosa aukeratu du hogeigarren ediziorako egoitza izateko, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Tolosako Udalaren, Topic-en eta Tolosako Ekinbide Zentroaren lankidetza estua izan du.
Bakearen balioak gizartean sustraitzen
Tolosako Bakearen Nazioarteko Eguna urrats bat gehiago da euskal erakundeak azken urteotan gizartean bakearen balioak indartzeko egiten ari diren lanean. Hain zuzen ere, ekitaldi honen antolaketan parte hartzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteenak inplikatzeko beharra, eta arteak zentzu horretan duen garrantzia.
José Antonio Rodriguez Ranz sailburuordeak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, “irmo” babesten du UNESCOren Bakearen Nazioarteko Jardunaldiaren ospakizuna Tolosan: “Euskadik bere baitan bizi izan du indarkeria, hainbat etapatan eta adierazpen desberdinekin. Horregatik, bakea eraikitzeko lehen lerroan egon nahi dugu”.
Era berean, azpimarratu du bakea ez dela berez eta betiko, baizik eta konkistatu beharreko ondasun bat: "Bakea eraiki egiten da, eta guztiok eraikuntza horretara deituta gaude. Egunean buru izango den bakearen usoa –Nestor Basterretxearen eskulturaren birsorkuntza– printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan oinarritutako bidezko bakearen aldeko konpromiso kolektibo horren sinbolorik onena da. Guztion bakea, guztiontzat, Euskadin eta munduko leku guztietan”.
Sailburuordearen hitzetan, Tolosak bakea eraikitzeko bi zutabe nagusi bilduko ditu, gazteria eta kultura: “Gazteak dira etorkizuna. Bakea eraikitzea ez da indarkeria bizi izan dugun belaunaldien monopolioa. Bakeak begirada, hitz eta konpromiso berriak behar ditu; gazteen begiradak, hitzak eta konpromisoak. Tolosa, antzinako foru hiriburua, kulturaren hiriburua, mila kultur ekimenen egoitza eta sorlekua ere bada. Abesbatzak eta txotxongiloak Tolosako DNAren parte dira. Eta gaur kausarik justuenaren zerbitzura jartzen ditugu: bakea”.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldunditik, Ion Gambrak adierazi du kulturak eta arteak potentzial "izugarria” dutela “mundu osoko errealitateekin lotzen gaituzten sentimendu, ideia eta balioak transmititzeko. Horregatik, bakearen, kultura demokratikoaren eta giza eskubideen inguruko balioak partekatzeko, zabaltzeko eta errotzeko aukera paregabea eskaintzen digu Tolosako Bakearen Nazioarteko Egunak. Herritarrak eurak protagonista izango dituen jardunaldia izango da, hausnarketa egiteko, munduko beste toki batzuetako errealitateak ezagutzeko eta elkarbizitza baketsuaren balioa modu ludikoan aldarrikatzeko”, adierazi du.
Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak nabarmendu du kultura eta gazteria funtsezko bi elementu direla bakea lortzeko: "Belaunaldi berriak bakearen eraikuntzan sartu nahi ditugu, ezinbestekoak direlako bizikidetzan, errespetuan, berdintasunean eta bakearen balioetan oinarritutako gizarte eta etorkizun baterako". Eta aurten bide horretan sakondu nahi dugu kulturaren eta artearen eskutik.
Juanjo Herrerok, Topiceko zuzendarikideak ere, bakea lortzeko artea bultzatzearen beharra azpimarratu du: “Gure baloreak eskaintzeaz eta parte hartzeaz harro gaude, edozein diziplina artistikok Bakearen kulturan duen garrantzia nabarmenduz".
Ekitaldiaren amaieran, Colombiako Cecilia Espinosa abesbatzak Guabina Chiquinquireña kantu herrikoia kantatu du.
2820