Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako Turismo Mahaia estreinakoz biltzen da kongresuen banaketa duela aztergai nagusi

Gipuzkoako Turismo Mahaia estreinakoz biltzen da kongresuen banaketa duela aztergai nagusi

Puntu hori gai zerrendara gehitu zen berariaz hala eskatu zutelako Hostelería Gipuzkoak eta Hoteles de Gipuzkoak.

Puntu hori gai zerrendara gehitu zen berariaz hala eskatu zutelako Hostelería Gipuzkoak eta Hoteles de Gipuzkoak. Eskatzen dute Denis Itxasok Eusko Legebiltzarrean egindako proposamena balioestea eta babestea, hartara kongresuak modu parekoagoan banatzeko Euskadin.

Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatua, gaur, maiatzak 24, asteartea, Gipuzkoako Turismo Mahaiaren lehendakari izango da NH San Sebastián Aranzazu hotelean egingo duen lehen bileran. Eztabaidagai izango den gaietako bat kongresu turismoa izango da. Hostelería Gipuzkoa eta Hostelería Gipuzkoa elkarteek hala eskatuta, gai zerrendan Gipuzkoako eta Donostiako turismo erakundeek egindako proposamenen balioespen eta babesa sartu da. Proposamen horretan, aipatzen da organo komun bat eraiki behar dela EAEko Administrazio Komuneko erakunde, elkarte publiko edo administrazio organo autonomoetan egiten diren edo finantzatzen diren kongresu eta bilera profesionalak monitorizatzeko.

Duela egun batzuk, Denis Itxasok Eusko Legebiltzarreko Garapen Ekonomikoko Batzordera proposamen hori eraman zuen. Bertan, Itxasok proposatzen zuen organo bat sortzea, alor publikoak sustatzen dituen kongresu eta feriak Euskadin modu garden, koordinatu eta orekatu batean banatzeko. Batzorde hori Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera  bidali duen Turismo Legearen proiektua aztertzen ari da. Horrela, Gipuzkoako Turismo Mahairen lehen bilera horretan gaia mahai gainean jarri da, aldarrikapen horretan elkarrekin aritzeko.

Itxasok esan duenez, "ezinbestekoa da Gipuzkoako turismo alorreko eragile guztiok elkarren ondoan aurrera egitea hiriburuak sortzen dituen turismo gehigarriez baliatzeko, Gipuzkoa helmuga gisa sendotzeko eta batera eta elkarlanean alor horrek bizi duen une ona kudeatzeko". Kultura eta Turismo diputatuak orobat aldarrikatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako mahai horren garrantzia, "denon artean Donostiaren eta Gipuzkoa osoaren indarguneak baliatzeko. Ez diogu inolako beldurrik izan behar hiriburuaren eta gainerako lurraldearen elkarbizitzari, eta estrategiak bideratu behar ditugu Gipuzkoara iristen ari diren bisitari ugariei probetxu ateratzeko; hau guztia turismo alorreko eragile guztiekin koordinatzeak aukera emango digu norabide zuzenean aurrera egiteko".

Partaideak eta Gai Zerrenda

Gipuzkoako Turismo Mahaiaren lehen bilera honetara, alorreko 26 ordezkari joango dira. Bertan izango dira Mertxe Garmendia, Eusko Jaurlaritzaren Turismo zuzendaria; Ernesto Gasco, Donostiako Udaleko Turismo zinegotzia; Edurne Etxeberria, Eskualdetako Turismo Agentzien ordezkaritzan; Paul Liceaga, Hoteles de Gipuzkoako lehendakaria; Mikel Ubarrechena, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko lehendakaria; Idoia Ezkurdia, Gipuzkoako Nekazaritza Turismoko Elkartea; Asier Pereda, Gipuzkoako Turismo Apartamentuetakoa; Miriam Eizaguirre, Gipuzkoako Kanpinetakoa; Iñaki Martínez Peñalba, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa; Erme Pedroso, Gipuzkoako Museoen ordezkaria; Idoia Otegui. Gipuzkoako Kulturaldiak; Iñigo Olaizola, Gipuzkoako kirol ekitaldien erakunde antolatzaileen izenean; Patricia Celis eta Manuel Harina, Deustuko Unibertsitateko Turismo Graduko irakasleak; Iker Goikoetxea, Kursaal Kongresu Jauregiko zuzendaria; Ander Sarratea, FICOBAko zuzendaria; Leire Barriuso, Geoparkeko kudeatzailea; Marisol Garmendia, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Yon San Martín, AFODESAko lehendakaria; Leire Arandia, Gipuzkoako gastronomia tipikoen produktuen elkarte eta erakunde sustatzaileen izenean; Silvia Tellechea, Gipuzkoako harrera agentzien ordezkaritzan; Ana Intxausti, Gipuzkoako gida turistikoak; Mauro Vergara, Gipuzkoako turismo erreserben zentralaren ordezkaria; Jose Luis Ugarte (alorrean ordezkaritza handiena duen ELA sindikatuaren izenean) eta Susana Predrera, Zubiri-Manteo Institutukoa.

                                                                                           

 

Mahai horrek aipatutako puntua balioetsiko du. Orobat aztertuko ditu MICE Turismoa handitzeko plan bat egitea eta Lurraldeko turismoa urte osora zabaltzea –non aztertuko baita estrategia publiko-pribatu bat eta lan batzorde bat edo hainbat lan batzorde sortuko baitira–. Turismoa lurraldean zehar hobeto banatzeko neurri eta zerbitzuei buruzko iritzien azterketa eta kontrastea ere egingo da, eta Departamentuak Turismoan duen jardueraren berri emango da.

 

 

 

 

  

1602