Maiatzak 9, Europako Eguna
Maiatzak 9, Europako Eguna
Gipuzkoako Foru Aldundiaren erakunde adierazpena
Maiatzaren 9an, Europaren Egunean, Europar Batasuneko festa ofiziala ospatzen dugu.
Gipuzkoa europarra da, europar sentitzen da eta Europar Batasunarengatik eta Batasunerako gaude. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hori ospatu nahi du eta, halaber, dei egiten dio Gipuzkoako gizarteari gauza bera egitera.
Izan ere, duela 67 urte, II. Mundu Gerrak suntsitutako Europa batean, gaur gogoratzen dugun Schuman Deklarazioak ahotsa jarri zuen, helburua ezarri zuen eta Europar Batasuna sortzeko prozesuari lotutako bide luzearen lehen urratsa egin zuen.
Gure egiten ditugu deklarazio horren oinarri izan ziren balioak: bakea, askatasuna eta solidaritatea, eta aitortzen dugu II. Mundu Gerrak eragindako zauriak sendatzen lagundu zuela. Baina ezin dugu hori dena ziurtzat jo: bakea ez da gauza egina, baizik eta egunero landu beharreko balioa eta, horrek, gizarte irekiak eta, aldi berean, seguruak e skatzen ditu.
Gaur, orduko Europaren balio sortzaileak aldarrikatzen ditugu, eta Europar Batasuneko eragile politiko guztien konpromisoa behar da balio horiek mantentzeko, Europako erakundeetatik hasi eta tokiko erakundeetaraino.
Paristik Lisboara, Erroma, Maastricht edo Amsterdametik igarota, Europar Batasuna sortzeko prozesua etorkizun baketsu bat lortzeko nahi partekatuaren xede da, solidaritatearen, justizia sozialaren eta demokraziaren balioetan oinarritutakoa, eta mailaz mailako integrazio prozesu baten bitartez burututakoa. Eta Gipuzkoak, orekaren eta berdintasun sozialaren lurralde den aldetik, prozesu hori babestu nahi du.
Europar Batasuna elkarbizitzaren eta lankidetzaren proiektua da, belaunaldi desberdinen, eskualdeen, eta herrialdeen ahaleginari esker aurrera egiten duena. Eta horregatik, hain zuzen, Europa gehiago behar dugu. Europa integratuago bat behar dugu, gaur egungo desberdintasunek, langabezia indize altuek, batez ere gure gazteen artean, errefuxiatuen krisi humanitarioak -Europar Batasunaren balio krisiaren adierazle-, aldaketa klimatikoak, segurtasun eta defentsak, eta, azken finean, oreka geopolitiko berriek eskatzen dutenari aurre egiteko.
Integrazio handiagoa ez dator bat uniformetasunarekin, baizik eta desberdinen arteko topagune izatearekin, aniztasunaren aldeko apustuarekin eta Europa osatzen dugun herrien borondatearen aldeko errespetuarekin. Europar Batasunaren lemak adierazten duen bezala: aniztasunean elkartuta.
Egiaren unea da. Europak etorkizuna du proiektu partekatu gisa, herrien borondatezko atxikimenduan oinarritutako proiektu gisa. Askatasuna eta demokraziaren alde lan eginez, horiek baitira funtsezko oinarriak. Sinetsita giza eskubideak, justizia eta berdintasuna bere indargune handienak direla.
Europako lurraldeetako bat garen aldetik, gure esku dagoen guztia egingo dugu proiektu komun horren etorkizunaren alde.
Gipuzkoako Foru Aldundia lanean ari da aktiboki Europa mailan ikuspegi desberdinetatik, agerian uzteko Europak, sortu zen une beretik, garrantzi handia duela alor guztietan. Lan horren emaitza gisa, legealdi honetan, Aldundiak GIPUZKOA EUROPAN INDARTUZ jarri du abian, Europaren agertokian dagokigun tokian jartzeko estrategia, baliagarria izango dena gure lurraldea proiektatzeko, gure jakintza zabaltzeko eta Europako beste herrialde batzuek egiten dutena ezagutzeko, etorkizunean beraiekin lan egite aldera. Eta, nola ez, gure partaidetza bultzatzeko Europako hainbat proiektutan, gure lurraldeko bazter guztietan balio sozioekonomikoa sortuko duten proiektuetan, hain zuzen.
Ekintza partekatu eta koordinatu bat delako; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zuzendaritzapean, udalak eta eskualdeak lanean ari dira Europa Gipuzkoara ekartzeko, Gipuzkoa Europara eramateko.
Eta esparru horren barruan, gure lehentasuna da Europar Batasuna lurraldeko bazter guztietara eramatea, eta Europa herritarrengana hurbiltzea. Alferrik da egia ukatzea; gaur egun, herritarrek Europar Batasunaren inguruan duten ezagutzari buruzko datuak etsigarriak dira benetan. Eta kezkagarriena da gazteen artean antzematen dela, batez ere, ezagutza falta hori, nahiz eta beraiek izan Europak eskaintzen dituen aukeren onuradun nagusienak.
Horrela, bada, zaila da Europako esparru publiko bat sortzea, Europako gaien inguruan interesa sortzea, eta Europako hauteskundeetan abstentzio tasak murriztea edo eskuin-muturraren igoera eta “brexit” sentimendua geldiaraztea. Azken finean, Jacques Delors-ek esan zuen bezala, herritarrak ez dira merkatu bakarraz maitemindu behar, baizik eta beraien eskubide politikoak erabili behar dituzte eta, halaber, demokrazian eta funtsezko eskubideetan oinarritutako proiektu politiko batean parte hartu behar dute.
Eta, nola ez, hori lortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Europaren integrazio prozesuari lotutako gai nagusien berri eman nahi dio gizarteari, Gipuzkoako gizarteak, Delors-ek adierazi zuen bezala, bere eskubideak erabil ditzan eta modu aktiboen eta kontzientean parte har dezan denok osatzen dugun prozesu honetan.
1563