Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Maiatzaren 27an egingo den Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren 17. edizioa aurkeztu da

Maiatzaren 27an egingo den Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren 17. edizioa aurkeztu da

Gipuzkoako probarik gogorrena da, bai eta ederrenetako bat ere Aurten kilometro bertikala puntuagarria izango da Munduko Koparako.

2018/01/10

Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren 17. edizioa gaur aurkeztu da Gipuzkoako Foru Aldundian.  Proba maiatzaren 27an egingo da, eta puntuagarria izango da bai Migu Run Skyrunner World Series 2018 txapelketarako (International Skyrunning Federation erakundeak antolatutako mendiko lasterketen munduko txapelketa), bai Skyrunner National Series 2018 txapelketarako (FEDMErekin batera antolatzen diren Espainia+Andorra+Portugal mendiko lasterketen txapelketa), bai Salomon Golden Series zirkuiturako (mundu osoan zehar egiten diren 5 lasterketa).

Urtarrilaren 15ean, datorren astelehenean, irekiko da atletek izena emateko epea. Epe hori otsailaren 2an amaituko da, eta 23an egingo da proban nork parte hartuko duen jakiteko zozketa. Antolatzaileek 150 dortsal gordeko dituzte lasterketak dakartzan konpromisoei erantzuteko, eta beste 125 aurreko edizioetan parte hartu duten eta hamazazpigarren edizio honetan ere parte hartu nahi duten guztiek parte hartu ahal izateko, bai eta azkeneko bi edizioetan  [2016 eta 2017] denborarik onenak egin zituzten atleten parte hartzea bermatzeko ere. Gainerako 225 plazak, 500 parte-hartzailetara iritsi arte, izena ematen dutenen artean zozketatuko dira. Izena www.kirolprobak.com   webgunean eman behar da.

Aratz mendigunean eta Aizkorri mendilerroan zehar egiten den mendi-ibilbideak Euskal Autonomia Erkidegoko gailurrik garaienetako lau [Aratz – Aizkorri – Aketegi eta  Aitxuri] zeharkatzen ditu. Zegama herritik (296 m.) abiatu eta Otzaurte gainera (652 m.) jotzen da, eta mendate horretatik gora mendi bide eta bidexka ederretatik igarotzen da ibilbidea, zuhaiztietan (batez ere hariztietan), harkaitz biziko eremu malkartsuetan eta goi-mendietako larretan barrena. Lasterketa Gipuzkoako lurraldean egiten den probarik gogorrena da, irteeratik helmugara 42 kilometro baitaude, eta +5.472 metroko desnibela.   

Aurten, Amezi Mendi Elkarteko Ainhoa Txurrukak azaldu duenez, kilometro bertikala bigarren urtez jarraian sartuko da Munduko Kopan. “Albiste ona da benetan, gure asmoa baita proba hobetzen joatea eta probak bilakaera bat izatea, eta honek egonkortasuna eta, aldi berean, izen ona ematen dizkio”, esan du. Kilometro bertikala proba puntuagarria da Skyrunner National Series txapelketarako eta Euskadiko Koparako. Guztira 3 kilometro dira, eta desnibela 1.015 metrokoa. Horrek aurreko edizioan denborarik onenak egin zituzten kirolariek parte hartzea ere sustatzen du. Guztira 200 parte-hartzaile izango dira, eta maiatzaren 25ean egingo da Zegaman.

Igandean, maiatzaren 27an, VII. Zegama-Aizkorri Junior Traila ere egingo da 16 urtetik 18 urtera bitarteko gaztetxoentzat, 10,4 kilometroko ibilbidea izango du, eta 505 metroko desnibela. Antolatzaileak pozik agertu dira urtetik urtera gora egiten duelako parte-hartzaileen kopuruak.

Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari Goizane Álvarezek azpimarratu du zein aberasgarria den Gipuzkoako lurralde historikoan halako proba  bat egitea, “kontuan hartuta Europako Txapelketarako balio duten probetako bat dela eta espezialitateko atletarik onenak erakartzen dituela Gipuzkoara, eta horri esker nazioartean izen handia duen proba da eta Gipuzkoa leku adierazgarrian kokatzen du munduko mendiko lasterketen testuinguruan”.

Foru Aldundiaren ordezkariak mendi maratoiaren balioak ere azpimarratu ditu, eta bereziki era horretako probetan parte hartzen duten kirolarien sakrifizioa eta pertseberantzia nabarmendu ditu; izan ere, batzuek zortzi ordutik gora behar izaten dituzte ibilbidea osatzeko.

Zegamako alkate Joseba Izagirrek esan du, bestalde, probaren zutarriak sortu zireneko berberak direla: boluntarioak, 500 pertsonatik gora, probaren giltzarria direnak; inguru fisikoa, probaren zatirik handiena naturaren eta ingurumenaren ikuspegitik balio handia duen Aizkorri-Aratz parke naturalean egiten baita; eta ingurumenarekiko begirunea.

 

 “Datorren maiatzaren 27an egingo den maratoia Zegamako herritarren, boluntarioen, kirolarien, ikusleen eta erakundeen ahalegin bateratuaren isla ere bada. Eta, besteak beste, elkartasunaren, borondatezko lanaren, eskuzabaltasunaren eta doakotasunaren balioei eusten die. Horiexek dira lasterketaren ezaugarriak”, esan du Joseba Izagirrek.

  

1646