Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Marisol Garmendia “Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak MUGI txartelaren tramiteak hobetu behar ditu eta tarifa-integrazioa osatu behar du”

Marisol Garmendia “Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak MUGI txartelaren tramiteak hobetu behar ditu eta tarifa-integrazioa osatu behar du”

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak Gipuzkoako Batzar Nagusietan hitz egin du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren presidente berri den aldetik.

2017/02/23

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak Gipuzkoako Batzar Nagusietan hitz egin du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren presidente berri den aldetik, eta adierazi du Gipuzkoako garraioaren elkarreragingarritasuna errazteko lan egiten jarraituko duela. Bestalde, ziurtatu du beste bultzada bat emango diola Pasaialdearen biziberritzeari, inguru horretako udalekin elkarlanean.

Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatua Batzar Nagusien aurrean agertu da gaur goizean. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren presidente den aldetik finkatu dituen erronkak eta helburuak aztertu eta azaldu ditu, eta Pasaialdearen biziberritze integralerako hurrengo urratsen berri eman du.

Marisol Garmendiak, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren presidente den aldetik, ezarri dituen helburuak azaldu ditu. Hasteko, arreta hobetzea nabarmendu du, eta, bide horretatik, MUGI txartela eskuratzeko eta berritzeko prozesuak eta txartela kargatzeko bideak erraztea. Era berean, helburuen artean adierazi du txartel horren barruan tarifen integrazioa lortu nahi dela, RENFE ere txartelaren barnean hartuta eta arian-arian hiri-garraioa duten Gipuzkoako gainerako udalerriak MUGI sisteman txertatuta.

Ildo horretan, Garmendiaren iritziz, administrazioek eta garraio-operadoreek garraio-eskaintza bakarra eta efizientea sortu behar dute, bikoiztasunak saihestuko dituena eta ordutegiak eta zerbitzuak koordinatuko dituena, operadore bakarra bailiran. “Asmo handiko erronka horren barruan, eskumen handiagoak bilatuko dira Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzarako. Izatez, zentralizatzen dituen datuak abiapuntu izanik, garraio publikoko sarearen osotasuna kudeatu beharko du, efizientziaren eta optimizazioaren parametroetatik eta sarreren eta gastuen kutxa bakar batetik. Hortaz, zerbitzu horiek eusten dituzten operadoreen eta erakundeen interes unilateralen eta partzialen gainetik egon beharko du” adierazi du diputatuak.

Azkenik, tarifa integrazioaren esparruan, diputatuak aurrerapausoak egin nahi ditu garraiabideen berrantolamendu- eta berme-prozesuetan, betiere efizientzian hobekuntzak izan daitezen eta, hartara, garraio publikoko bidariei egiten zaien zerbitzua hobe dadin. Hori dela eta, Garmendiak apustu argia egin du “Euskadiko garraio publikoko operadoreetan tarifa-integrazioko eta txartel bakarreko sistema ezartzeko eta, horretarako, ordainketarako bitarteko teknologiko berriak eta tarifikazio modu berriak sustatzeko, betiere garraio publikoaren erabilera indartzea eta sustatzea eta kudeaketa-kostuak murriztea helburu hartuta”.

 

 

Pasaialdea suspertzeko elkarlana

Horrez gain, Pasaialdearen  biziberritze integralera begira, Pasaialdeko udalekin eta garapen-agentziarekin adostutako estrategia azaldu du. Pasaialdea hirigintzaren, ekonomiaren, kulturaren eta gizarte-kohesioaren mailan suspertzeko adostutako estrategiaren berri eman du. Estrategia hori beste urrats bat da bere garaian udalekin hartu genuen konpromisoan. Izan ere, 2017an herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzan zuzeneko inpaktua izango duten hainbat jardun egiteko konpromisoa hartu genuen, eta jardun horietarako bi milioi eurotik gorako zenbatekoa bideratu da. Ildo horretan, datozen asteetan hitzarmenak sinatuko ditugu Pasaialdeko udalerrietako bakoitzarekin, biziberritze integraleko helburu horretan elkarlanean jarduteko.

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jarraipena ematen dio Pasaialdearen biziberritze integralaren apustuari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2015-2019ko kudeaketa-plan estrategikoaren barruan. Hori dela eta, inguru horretako udalekin hitzarmenak sinatzea sustatu du. Akordio horiei esker, udalek aurrera egin dezakete eskualde hori suspertzeko programatutako jardunetan, betiere bi ardatz nagusi hauetan oinarrituta: garapen iraunkorra —energia berriztagarriak, energia- eta ingurumen-efizientzia eta mugikortasun iraunkorra— eta lehiakortasunaren gehikuntza. Helburua da hurrengo asteetan udal horietako bakoitzarekin hitzarmenak sinatzea eta akordioak ezartzea, baita Pasaialdearen hobekuntzan adostasunaren bidetik aurrera egitea ere.

  

1689