Marisol Garmendiak mugikortasun iraunkorrari buruzko gida bat aurkeztu du, nerabeei zuzendutakoa
Marisol Garmendiak mugikortasun iraunkorrari buruzko gida bat aurkeztu du, nerabeei zuzendutakoa
Garmendiak “Nerabeak, mugikortasuna eta espazio publikoa” izeneko jardunaldiak inauguratu du.
Garmendiak azpimarratu ditu bai mugikortasun iraunkorra bai bizikletaren erabilera, eta adierazi du “ezinbestekoa dela aldaketa bat sustatzea biztanleen balioetan eta ohituretan, arreta berezia jarriz nerabeengan”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak gida praktiko bat atera du “Nerabeak, mugikortasun iraunkorra eta espazio publikoa” gaiari buruz. Izenburua du Hegoak oinetan daude, eta elkarlanean egin dute Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, alde batetik, eta Gazteria eta Kirol Departamentuak, bestetik. Gida lantzeko, ardatz hartu dituzte honelako gomendioak: gazteentzako sustapen programek kontuan har ditzatela bai mugikortasun iraunkorra bai bizikleta bidezko mugikortasuna, eta beren edukietan sar ditzatela. Gaur, osteguna, hilak 17, jardunaldi batzuk egin dira, Txuri Urdin Izotz Jauregian, non mintzagai izan duten mugikortasun iraunkorraren eta gazteriaren arteko lotura.
Gida hori honela definitu du Marisol Garmendia diputatuak: “gure helburua zen material praktiko, atsegin eta interesgarri bat prestatzea lan egiten dutenentzat nerabeentzako zerbitzuetan eta gazteentzako arreta programetan, baita nerabe eta gazteekin lan egiten duten elkarteentzat ere, zertarako eta gaztetxoen artean bizikletaren erabilera sustatzeko, eta mugikortasun iraunkorra gaztetatik bultzatu, normaldu eta hurbiltzeko”.
Diputatuak behin eta berriz esan du zein onuragarria den mugikortasuna nerabeen artean sustatzea: “mesedegarria haientzat bakarrik ez, ibilgailu motordunetan joan-etorri gutxiago egitea bera ere probetxuzkoa da, halaber, gizartearentzat, oro har, eta ingurumenarentzat, bereziki. Ikaragarri laguntzen dio mugikortasun iraunkorrari Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak hura bultzatzeko ahaleginak egiteak. Izan ere, esate baterako, lagungarria da erregai fosilen kontsumoa, kutsadura, eta C02 emisioak murriztu daitezen, arazo globalei lotuak daudenak, hain zuzen ere, klima-aldaketari, adibidez”.
Gida egiterakoan, bat etorri dira nerabeentzat aldezten diren lan ildoekin eta planteamendu pedagogikoekin, halakoak bultzatzen baitituzte tokiko zerbitzuek eta Gaztematikak (Haur eta Gazteen Sustapenerako Sistema).
Horretarako, elkarrekin lan egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuak, alde batetik, eta Haurren, Nerabeen eta Gazteen Sustapen Zerbitzuak, bestetik. Lankidetzan ari izan dira, orobat, zenbait gizarte eragile, arlo horren inguruko beren esperientziak ekarri dituztenak.
Lana idazteaz Marta Román Rivas arduratu da (Grupo de Estudios y Alternativas gea21), geografoa eta kontsultorea bera, eta ibilbide luze bat duena mugikortasuna haurrekin eta nerabeekin integratzen duten ikasketetan.
Azkenik, Garmendiak ziurtatu du uste osoa duela argitalpen hau “interesgarria eta erabilgarria izango dela nerabeekin eta gazteekin bizi diren eta lan egiten duten pertsona guztientzat, edo bizitzako etapa horretan haiei lagun egiten dietenentzat”; baita ere, desiratu du “gidan jasotzen diren gogoetak eta aholkuak lagungarriak izatea gazteen eta nerabeen hazkuntzarako eta garapenerako, beren espazioari buruzko ikuskera kritiko eta eraikitzaile bat izan dezaten bultzatzeko, eta gizartean bete-betean integratzearen alde egiteko”.
2135