Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro “Explore San Sebastián región”, Gipuzkoa sustatzeko turismo marka berria

“Explore San Sebastián región”, Gipuzkoa sustatzeko turismo marka berria

Aldundiak Gipuzkoako turismo marka berria aurkeztu du Sevaturren

  • Foru Aldundiak turismo estrategia berria aurkeztu du “Donostiak nazioartean duen erakarpena baliatuz bere eskualdeko sekretuak erakusteko”
  • Itxaso: “Ausartak eta azkarrak izateko unea da, arauak eta aurreiritziak apurtu eta Donostiaren eta Gipuzkoaren arteko sinergiak bilatzeko garaia da”
  • Olano: “Turismoaren eragin positiboak Gipuzkoaren barrualdera ere iristea nahi dugu”

Markel Olano diputatu nagusiak eta Denis Itxaso lehen diputatu nagusiorde eta Kultura eta Turismoko arduradunak Gipuzkoako turismo marka berria aurkeztu dute gaur Turismoko Sevatur Azokan. Marka horren bidez Gipuzkoako turismo estrategia berbideratu nahi da, Donostiak nazioartean duen erakarpena, ospea eta posizionamendua aprobetxatuz bisitarien fluxua lurraldeko beste erakargarri turistikoetara eraman ahal izateko. “Ausartak eta azkarrak izateko unea da, arauak eta aurreiritziak apurtu eta Donostiaren eta Gipuzkoaren arteko loturak sendotzeko garaia da. Hiriburuaren posizionamenduari eta ospeari ahalik eta etekinik handiena ateratzen badiogu bakarrik lortuko baitugu lurralde gisa eraginkortasunez proiektatzea hemendik kanpo. Gipuzkoa metropoli-hiria da, eta era horretan proiektatu daiteke hemendik kanpo; izan ere, Donostiaren eta kostaldea nahiz barrualdearen artean dauden distantziak oso txikiak dira turistentzat”.

Azken urteotan turismoak hazkunde handia izan du Gipuzkoan, eta aurrerantzean ere horrela jarraitzea espero da. Donostia marka mundu mailan ezaguna da bisitariari aukera ugari eskaintzen dion helmuga gisa, eta kultura, paisaia eta gastronomia balioak uztartzen dituen kalitatezko turismoarekin lotzen da. Alabaina, Gipuzkoak ezezagun bat izaten jarraitzen du nazioarteko turismoaren munduan, sekretu ugari gordetzen dituen arren. Hori dela eta, Kultura eta Turismo Departamentuak erabaki du bere turismo marka berritzea, eta hiriburuaren ospea aprobetxatzea bisitak lurralde osora banatzeko.  Hala, erabiliko den marka berria izango da “Explore San Sebastián Región". “Aipatu gabe gogora ekartzen da Gipuzkoa, Donostia apeu gisa erabiliz, eta erakargarri ugari dituen lurraldea gogora ekartzen duen marka irudi dotore eta sofistikatuaren bidez”, azaldu du Itxasok.

“Donostiaren kalitate marka zabaldu nahi da beste aukera batzuetara, helmuga osatuagoa, jende gehiagorentzat eta egun gehiagokoa eskainiz” erantsi du Itxasok.  Ingelesez sortu da marka, batik bat bisitari atzerritarrei zuzenduta dagoelako, baina gehienentzat ulergarria eta erraza den ingelesa erabiltzen da. Explore aditzarekin gonbidapen bat luzatu nahi zaie bisitariei, aukeratu duten helmuga hobeto ezagutu dezaten.  Aurkitzeko asko dagoelako sentsazioa igorri nahi da.

Logotipoari dagokionez, oso oparoa den turismo eskaintza islatzen du.  Hondartza edo mendia ezezik, gastronomia, kultura, giza paisaia, historia eta turismo aktiboa ere eskaintzen dira. Eskaintza poliedrikoa da, aurpegi asko dituena munduko leku guztietatik datorren bisitari poliedriko batentzat, zeinak motibazio eta helburu ezberdinak izan baditzake ere xede komun bat partekatzen baitu gainerakoekin, hots, esperientzia paregabeak bizitzea. Itxasoren esanetan, “Oso logotipo dinamikoa eta aldakorra da, bisitari askorentzat esperientzia asko izatearen sentsazioa transmititzen duena”.

Kultura eta Turismo diputatuak azaldu du irudi aldaketa honen asmoa dela Donostiara iristen diren bisitariengan interesa piztea Gipuzkoak eskaintzen dituen beste altxor batzuengatik, kostaldean nahiz barrualdean. Horretarako, estrategia osatu egingo da udan, Gipuzkoaren altxorrak erakutsi eta “salduko” dituen turismo bulego bat irekiz.  

Donostiako nahiz Gipuzkoako turismo eskaintzaren ezaugarria kalitatea da, eta horrela izaten jarraitu behar du arrakastaren atzaparretan erori gabe, eta Donostia helmuga masifikatu bihurtzen utzi gabe, gizarte osoarentzat onuragarria izan beharrean nekagarri bilakatu baitaiteke. Horretarako, funtsezkoa da turismo fluxuak orekatuak izatea, lurralde osora iristea, eta uda bezalako goi-denboraldietara ez mugatzea.

Turismoaren eragin positiboa zabaldu

Markel Olano diputatu nagusiak gogorarazi du turismoa funtsezko jarduera ekonomiko bihurtu dela lurraldearentzat, neurri handi batean Euskal Herrira etortzea erabakitzen duten bisitarien artean Donostiak duen erakarpenari esker. Nolanahi ere, azpimarratu duenez, “kudeaketa egokia eta arduratsua eskatzen duen” jarduera, enplegu eta aberastasun iturri bat da.

“Lurralde orekaren, ingurumenaren eta kulturaren ikuspegitik, Foru Aldundiaren konpromisoa da turismoa lurralde osora zabaltzea. Horrela, alde batetik, esperientzia osatuagoa eskaini ahal izango diegulako bisitariei eta, bestetik, turismoaren eragin positiboak Gipuzkoaren barrualdera ere iritsiko direlako”, adierazi du diputatu nagusiak.

  

2333