Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Markel Olano: “Aldundiak zenbait ekimen abiatu ditu, enpresa txikietan lekukoa belaunaldi berrietara pasatzeko”

Markel Olano: “Aldundiak zenbait ekimen abiatu ditu, enpresa txikietan lekukoa belaunaldi berrietara pasatzeko”

Adierazi du Kataluniako auziaren giltza “gizartean bertan” dagoela, eta orain arte Mendebaldeko estatuek “izaera demokratikoa” erakutsi dutela

Markel Olano diputatu nagusiak ETB1eko “Egun on Euskadi” saioan egindako elkarrizketan adierazi du “krisialdi aurreko garaietara itzuli garela, eta Gipuzkoak “bokazio industriala” duela, enpresa handi eta txikiek ekosistema bat osatua. Hala ere, oroitarazi du Gipuzkoan enpresen %70 txikiak direla, eta horietako asko familia enpresak. “Gai garrantzitsu bat da belaunaldi berrietara lekukoa ondo pasatzea. Helburu horrekin, Aldundian zenbait ekimen jarri ditugu martxan, fiskalizazio arloan, enpresa txiki horiek bizirik iraun dezaten, eta langileek kudeaketan, irabazietan eta kapitalean parte hartzeko”.

Era berean, Trumpen gobernu berria eta Brexita direla eta, diputatu nagusiak esan du indar erlazioak “aldatu egingo direla”, eta Trumpen aurrean Europak “politika bateratuago” bat egin beharko duela. Nabarmendu duenez, Gipuzkoak “lotura handia” du Europarekin, “gure bezero inportanteenak europarrak direlako”. Indar erlazio berri horien ondorioz, esan du enpresa gipuzkoarrak egokitu egin beharko direla, baina ziur agertu da “aukera berriak” sortuko direla.

Kataluniako egoeraren inguruan, esan du prozesua “gertutik” bizi duela, eta gainera “bertatik bertara” ezagutzeko aukera izango duela laster, “hango erakundeekin biltzen naizenean”. Gogorarazi du Juan Jose Ibarretxek bere plana aurkeztu zuenean, “modan jarri zela” erabakitzeko eskubidea bai Euskal Herrian bai Kataluniak. “Orain denok gaude Kataluniari begira, gizarte katalanak eta Estatuak nola erreakzionatuko. Dena den, normalean Mendebaldean erreakzio normalak izan dituzte estatuek. Adibidez, Britainia Handian eta Quebecen erabakitzeko eskubidea martxan jarri izan direnean, Estatu horiek beraien izaera demokratikoa erakutsi dute”. Olanoren ustez, giltza “gizartean bertan” dago, eta ikuskizun dago Estatuak “nola aurre egingo dion auziari”.

Erraustegiari dagokionez, diputatu nagusia pozik agertu da EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiarekin erraustegiaren lanak berehala hasi daitezen, Gurasos-en helegitea ezetsita. Gaineratu du epai honek “dotrina bat ezarri duela” etorkizunari begira, bi argudio sendo erabilita. Batetik, “legitimotasun demokratikoa” dela, Gipuzkoako ordezkari legitimoek onartutako arauak babestu, “errespetatu eta bete” egin behar baitira. Eta bestetik, “interes orokorra gailendu” dela. Esan du legealdi honetan abian jarriko dutela eraikuntza, eta probak egiten jardungo dutela. Halaber, ukatu egin du Gipuzkoako Ingurumen Zentroaren atzean negozio bat dagoela. “Negozioaren argudioa hitzetik hortzera erabiltzen da, desakreditazioa lortzeko, baina ez du oinarririk”. Era berean, diputatuak adierazi du orain esleitu duten azpiegiturak “berme guztiak” dituela, “Europako hiriburuetan dauden askok dutena hartuta eta hobetuta, zergatik? Gurea modernoagoa izango delako”. Ukatu du, baita ere, erraustegiek gaixotasunak sortzen dituztela. “Argudio horrek ez du funtsik, eta manipulazio eta hipokresia dago atzean, jakinda gure lurraldean baditugula beste isurketak, kutsagarriak direnak, baina inork ez ditu aipatzen”.

Bestalde, diputatuak esan duenez, Gipuzkoa da indarkeria “gehien sufritu” duen lurraldea, izan ere, “700 hildako horien artetik, ia 400 gure lurraldean gertatu ziren”. Horren harira, nabarmendu du bakea ez dela “dekretuz egiten”, eta “herriz herri eta kalez kale” lan egin beharra dagoela gure herri honetan sortu diren hainbat liskar eta gorroto gainditzeko, “bizi izan duguna berriz gerta ez dadin”. Azpimarratu du helburu horrekin jarri zela Bizikidetza Lantzen proiektua, eta Maribel Vaquero  Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia Gipuzkoako 89 udalerrietara joan dela, plan bat egitera herri bakoitzean, bakegintza hori indartzeko. “Herriak gehitzen ari dira, eta dagoeneko herritarren bi herenek bat egin dute plan horrekin”.

EAEn bidesari partekatu bat ezartzeko aukerari buruz, esan du Bizkaia eta Arabako Aldundiekin lankidetzan ari direla, kalkuluak egiten, baina alderdi tekniko eta juridiko guztiak argitu arte zuhurtziaz jokatu behar dela. 

Azkenik, Hondarribiko aireportuaz mintzo, esan du ziur dagoela “etorkizuna izango duela”, nahiz eta Europako agindua bete behar pista mozteko. “Baditugu alternatibak, eta horietako bat da pistaren beraren zoruak zertifikazio lortzea, hegazkinek pista hori erabili ahal izan dezaten. Horrek erraztu egingo luke gaur egungo erabilerari eustea”.

Bizkaia eta Arabako Aldundiekin lankidetzan ari gara bidesari partekatu bat ezartzeko, baina alderdi tekniko eta juridiko guztiak argitu arte zuhurtziaz jokatu behar dugu
  

1824