Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Markel Olano: “Gobernantza Ona ezinbesteko apustua da herritarrengana gerturatzeko”

Markel Olano: “Gobernantza Ona ezinbesteko apustua da herritarrengana gerturatzeko”

Etika publikoari eta Euskadiko egitura instituzionalari buruzko lan jardunaldia egin da gaur Aldundian, hainbat aditu eta ordezkari politikoren parte-hartzearekin

"Gipuzkoaren gobernantzako erronkak" izeneko laneko jardunaldia egin dute gaur Foru Aldundian. Bertan, arlo honetan martxan jarri diren zenbait esperientzia eta ekimen, eta euskal erakundeak eszenatoki sozial eta politiko berrira, zein gizartearen eskari berrietara egokitzeko egiten ari diren aldaketak aztertu eta kontrastatu dira. Irekiera ekitaldian parte hartu dute Markel Olano diputatu nagusiak, Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justiziako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, eta Juanjo Alvarez Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradun (EHU) eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuko idazkariak.

Etika publikoa, eta Euskadiren egitura juridiko-instituzionala izan ditu ardatz jardunaldiak. Biak ala biak ezinbestekotzat jotzen dira euskal administrazio “eredugarria” eta “aitzindaria” eraikitzeko bidean. Hiru laneko mahai antolatu dira, gobernantza onarekin lotutako alorretako adituen parte-hartzearekin. Gipuzkoako hainbat alkate ere bertaratu dira, tartean Donostiakoa. 

Etika publikoaren eta gardentasunaren garaia: irismena eta esanahia eduki du izenburu lehen mahaiak. Hizlariak hauek izan dira: Daniel Innerarity, Filosofia Politiko eta Sozialeko katedradun, Ikerbasqueko ikertzaile Euskal Herriko Unibertsitatean eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria; Belen Altuna,  Filosofia eta Heziketa Zientzien Fakultateko irakaslea, Filosofia Moralaren alorrean, eta Txetxu Ausin, Etika Aplikatuen Unitateko zuzendaria Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenean (CSIC).

Bigarren lan saioan, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Erakundearen Zuzentasun Sistema eta Eusko Jaurlaritzako Etika Batzordea aztertu dituzte Elisa Perez Verak, azken batzorde honetako kideak, eta Rafael Jimenez Asensiok,  Pompeu Fabra Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle eta ‘Democracia y Gobierno Local’ Fundazioko zuzendariak.

Azkenik, Udal arloko Lege berria izan dute eztabaidagai, Euskadiko Tokiko Erakundeen Lege berria: printzipio orokorrak eta gobernu irekia izenburupean. Aditu hauek parte hartu dute:  Elixabete Etxanobe  Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko eta Erregistroekiko zuzendariak; Peru Bazako Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako sailburuordeak; eta Juanjo Alvarez Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna (EHU) eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuko idazkariak.

  

1824