Markel Olano: “Urtea amaitu baino lehen Deskarga, Etzegarateko bidesariak eta erraustegia esleituko ditugu”
Markel Olano: “Urtea amaitu baino lehen Deskarga, Etzegarateko bidesariak eta erraustegia esleituko ditugu”
Markel Olano: “Urtea amaitu baino lehen Deskarga, Etzegarateko bidesariak eta erraustegia esleituko ditugu”
Nabarmendu du Aldundiak kudeaketa sistema “ordenatu bat” jarri duela martxan, “ebaluatu dezakeguna eta helburuka funtzionatzen duena”
Markel Olano diputatu nagusiak gaur adierazi duenez, urtea amaitu baino lehen Aldundiak agintaldiko “hiru proiektu garrantzitsuenak” esleituko ditu: Deskarga, Etzegarateko bidesaria eta erraustegia”. Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan, Olanok nabarmendu du Zubietako energia balioztatzeko plantak konpondu egingo duela hondakinen arazoa Gipuzkoan, izan ere, Lapatx itxi eta gero, “zaborra lurraldetik atera behar dugu”. Horren harira berretsi du Zubietako plana Europako “garatuenetakoa” izango dela eta “ziurtasun guztia” izango duela ingurune aldetik. Bestalde, esan du “Gipuzkoako errotonda” delakoa amaituko dutela, Deskarga bukatuta eta Etzegaraten bidesaria jarrita, “N-1erako kanon modura, bertatik pasatzen diren kamioiek Gipuzkoari ekarpena egin diezaioten, eta aldi berean, AP-1 gehiago erabiltzen hasi dadin, N-1 oraindik doakoa izanik gutxi erabiltzen baita”. Era berean, Anoetako estadioaren birmoldaketa izan du hizpide, nabarmenduta “2017ko martxoan hasiko dela eta 2019ko abuzturako amaiturik egongo dela”.
Diputatu nagusiak azpimarratu du Gipuzkoan kudeaketa sistema “ordenatu bat” jarri dutela martxan, “ebaluatu dezakeguna eta helburuka funtzionatzen duena”. Foru gobernuaren lehentasunen inguruan galdetuta, esan du bat dela ongizate estatuari eustea (“krisialdi ekonomikoa izan eta gero, orain inklusioaren aldeko apustua egin behar dugu, Europa mailan Gipuzkoa izan dadin desberdintasun gutxien duen lurraldea”); eta bestetik, egitura ekonomiko “indartsua” izatea, “hazkunde joerari” eutsita. Alde horretatik, nabarmendu du enpresen habiak Gipuzkoan oso ongi funtzionatzen ari direla, zeren, 10 urte eta gero, proiektuaren %80k jarraitu egiten duela. Gure lurraldean sortuko diren enplegu berrien etorkizuna dira, biozientzia, bioteknologia eta ingeniaritzetan”.
Bestalde, 2017ko aurrekontuen onarpenaren harira, azaldu du “ezin genituela onartu oposizioaren osoko zuzenketak, diru-sarrerekin zerikusia zutelako”, baina hala Aldundiak akordioak bilatuko dituela 2017ko aurrekontuetan oposizioaren zatikako zuzenketak sartzeko. “Izan ere, zer egiten den bezain garrantzitsua da egiteko modua”, gaineratu du.
Aldundiak Euskadiko erakunde egiturari egin beharrek ekarpenaren gaiari dagokionez, Olanok azaldu du negoziazio dinamika “serio eta zorrotz” batean aurkitzen direla uneotan eta abenduaren 16an “proposamen bat” egingo diotela Finantzen Euskal Kontseiluari, jarraian Eusko Legebiltzarrean onartua izan dadin.
Azkenik, bihar Ramon Saizarbitoriari emango zaion Gipuzkoako Urrezko Dominaren ekitaldiaren harira, diputatu nagusiak nabarmendu du Saizarbitoriak “euskal literaturaren etorkizuna markatu” duela eta hark urratu duela euskal nobela garaikidearen bidea hala estilo narratiboan nola euskara batua erabiltzeko eran eta bere garaian ‘Ehun metro’ irakurri zuenean, jakin zuela “ezberdina” zen idazle baten aurrean aurkitzen zela.
"Krisialdi ekonomikoa izan eta gero, orain inklusioaren aldeko apustua egin behar dugu, Europa mailan Gipuzkoa izan dadin desberdintasun gutxien duen lurraldea”
1487