Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Markel Olanok Etorkizuna Eraikiz partekatu du Catalina Devandas NBEko adituarekin

Markel Olanok Etorkizuna Eraikiz partekatu du Catalina Devandas NBEko adituarekin

Errelatore bereziak Gipuzkoako gizarte ehuna eta gizarte politiken modelo "eredugarria" ezagutu ditu.

Markel Olano diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak harrera egin zioten atzo eta gaur Katalina Devandasi, desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko Nazio Batuen Erakundeko lehen errelatore bereziari. Adituaren lanbide profila kontuan hartuta, Etorkizuna Eraikiz lankidetza gobernantzaren programa azaltzeaz gain, foru arduradunek Gipuzkoako Foru Aldundiak "gero eta desberdinagoa" den lurralde bat eraikitzeko egiten duen lana partekatu dute Devandasekin. Hori lortzeko, diputatu nagusiak nabarmendu duenez, "Politika sozialen modelo eredugarria dugu, eta Gipuzkoako hirugarren sektore sozialarekin batera lan egiten dugu pertsona guztien aukera berdintasuna bermatzeko".

Katalina Devandas desgaitasunean nazioarteko adituaren bisita Etorkizuna Eraikiz nazioartekotzeko programaren barruan kokatzen da. Programa horren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Olanoren hitzetan, "nazioarteko lankidetza sare bat ezarri nahi du lehen mailako profesional eta errealitateekin,  ikasi, kontrastatu, egokitu eta gure lurraldean txertatzeko". Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoako etorkizuneko erronkak identifikatu eta horiei erantzuna emateko "elkarlanerako metodoa" da; eta helburu horretan "ezinbestekoa da egiten duguna partekatzea eta beste esperientzia batzuetatik ikastea; horregatik, Katalina Devandasen bisita oso interesgarria zaigu lurralde gisa hazten jarraitzeko".

Markel Olanok azpimarratu du Gipuzkoa lurralde "solidarioa" dela, "Punta-puntako" politika sozialen eredua duena, "non lanaren oinarria elkarlana den, eta azken helburua desberdintasun sozialak murriztea". Eta gaineratu duenez, "etorkizuneko erronkei aurre egiteko, beharrezkoa da gizarte kohesionatu eta desberdintasun sozialik gabea izatea. Beraz, gizarte kohesioa bultzatuko duten politikak garatzen jarraitu behar dugu, horrela gizarte inklusiboa ehuntzeko, desberdintasuna aberastasunaren erakusle gisa onartuz".

Catalina Devandasen bisita aprobetxatuz, diputatu nagusiak gogorarazi nahi izan du Gipuzkoan 26.256 pertsona daudela desgaitasunen bat aitortua dutenak (% 33koa edo gehiagokoa), eta horietatik 6.717, gainera, mendetasun egoeran daudela, eta, beraz, "Aldundiaren xede diren kolektiboetako bat" direla. Markel Olanok azpimarratu duenez, Desgaitasuna duten Pertsonei Arreta Emateko Programa, Uliazpi Fundazioa, Mendekotasuneko Prestazio Ekonomikoak eta kolektibo horri zuzendutako beste prestazio batzuk (PNC, LISMI) kontuan hartuta, "2020ko aurrekontuan, desgaitasuna artatzera bideratutako 96 milioi euro baino gehiago batzen ditugu, hau da, 133 euro urtean biztanle bakoitzeko".

Bi egun Gipuzkoako gizarte politiken modeloa ezagutzeko

Katalina Devandasek bere burua honela definitzen du: pertsona desgaituei beren eskubide eta askatasunak erabat bermatu beharraren defendatzaile irmoa, inolako diskriminaziorik gabe. Bisitan zehar oso esker ona adierazi die bai Aldundiari, bai antolatutako bileretan parte hartu duten gizarte eragileei, emandako azalpenengatik eta etorkizunean elkarlanean jarraitzeko duen prestutasunagatik. Devandasek defendatu du ezinbestekoa dela esperientziak partekatzea hobekuntzak planteatu ahal izateko, eta alderdi positiboak zein erronka berriak parekatzea desgaitasuna duten pertsonen baldintza eta aukera berdintasuna bermatzeko. Horretaz gain, adierazi du beharrezkoa dela komunitatetik abiatutako laguntza ereduak lantzea, eta partaidetza aktiboa eta osoa lortzea desberdintasunik gabeko gizarte bat eraikitzeko.

Bisitaren lehen egunean, lurraldeko gizarte politiken eredua sakonago ezagutzeko aukera izan du Devandek, diputatu nagusiaren eta arloko foru diputatuaren eskutik. Foru jauregian harrera ofiziala egin ondoren, lan bilera bat egin da, eta, bertan, desgaitasun fisiko zein intelektualaren arloan diharduten hamar bat eragilek eta elkartek adituarekin partekatu dute egiten duten lana. Egunari amaiera emateko, Catalina Devandasek 'Desgaitasuna eta laneratzea' gaiari buruzko hitzaldia eman du, arloko profesionalei eskainia.

Bisita osatzeko, bigarren jardunaldian, Gureak eta Goyeneche Fundazioaren Donostiako Gros auzoko Garagunera bisita bikoitza antolatu da, aurreko egunean lurraldeko eragileekin egindako lan-bileran azaldutakoa 'in situ' ikusteko asmoz. Bi bisitak lotu dituen haria Sergio Rodriguezen esperientzia izan da, Gureak-en lan egitetik Goyeneche Fundazioaren Groseko Garagunen lan egitera pasatu baita. Bere garapen profesionala eredu izan da lurraldeko hainbat erakundek eta instituziok lankidetzan egiten duten lana bistaratzeko.

Gureak-eko zuzendari nagusiak, Asier Vitoriak, gogorarazi du Gureak sortu zenetik misioa berdina izaten jarraitzen duela: desgaitasuna duten pertsonei egokitutako lan aukera egonkorrak sortzea eta kudeatzea. Hala ere, Vitoriak azpimarratu du azken 40 urte hauetako ibilbidean, euskal enpresa taldea hazi eta eraldatu egiten dela inguruko errealitate sozio-laboralera egokitzeko, “gaur egun 5.950 pertsonaz osatutako taldea dugu, %83ak desgaitasunen bat du, eta inklusio sozio-laboralean Europan erreferente den enpresa eredua finkatzea lortu dugu”.

  

2426